Sagardoaren Lurraldeak (Ciderlands Nazioarteko Sareko kidea eta sortzailea) eta Euskadi Basque Countryk (Eusko Jaurlaritzako Turismoa) NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldian parte hartuko dute, azaroaren 10-11-12an Norvegiako Bergen hirian izango den sagardoaren munduko ekitaldi garrantzitsuan. Bertan, sagardoaren nazioarteko lehiaketa eskandinaviarra, Norvegiako sagardoaren jaialdia, hitzaldiak, nazioarteko sagardoen dastaketak, erakusketariak, euskal gastronomiaren erakustaldiak eta Ciderlands sarearen III. Urteko Topaketa izango dira.

CIDERLANDS

Sagardoaren Lurraldeak sustatuta eta Basquetourren (Eusko Jaurlaritzako Turismoaren Euskal Agentzia) babesa eta laguntzarekin, 2018ko irailean Ciderlands Makers and Lovers sortu zen, Sagardoaren Kulturako Norakoen Nazioarteko Sarea. Gaur egun Europako hamar norakok (www.ciderlands.org) osatzen dute sarea. Bere helburu garrantzitsuenetakoa norako turistiko horien nazioarteko sustapena egitea da, eta horretarako, jarduera ugari (topaketak, aurkezpenak, dastaketa gastronomikoak, azokak, etab.) antolatzen dira urtero kide diren norakoetan. Pandemiaren eraginez izandako bi urteko geldialdiaren ostean, NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldiaren baitan Ciderlands Sareko herrialdeen III Urteko Topaketa izango da, eta bertan erabakiko dira 2023an sagardoaren kulturako turismoa nazioartean sustatzeko egingo diren jarduera nahiz sustapeneko ekintzak.

EUSKADI BASQUE COUNTRY NAGUSI

Euskadi Basque Countryk (Eusko Jaurlaritzako Turismoa) protagonismo berezia izango du NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldian jarduera ugariren antolaketari esker.

Azpimarratzekoa da Euskadi Basque Country Turismoak Hanen-ekin (Norvegiako landa turismoaren eta nekazaritza produktuen erakunde nazionala) batera antolatutako afaria: Norvegiaren eta Euskadiren arteko senidetze gisa, sagardoaren eta gastronomiaren munduan erreferentziazko bi helmugak elkartuko dira.

Afaria Ama Taberna jatetxeko (Tolosa, Gipuzkoa) Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldari gazte eta talentudunek egingo dute, eta Ion Zapiain Zapiain sagardotegiko (Astigarraga, Gipuzkoa) ordezkariarekin batera, gonbidatuek “4 kolorez margotua” menu bereziaz eta sagardo hoberenez gozatzeko aukera izango dute. Hori guztia Bergengo lehen Michelin izarra eskuratu duen Morten Tungesvik sukaldari norvegiarrarekin lankidetzan eskainiko da, sukaldean anfitrioi izango dena.

Norvegiako produkturik berezienekin egindako errezeta tradizionalek eta berritzaileek euskal gastronomia ezagutaraziko dute uztartze-showcooking horretan; zalantzarik gabe, zaporez betetako herriak eta kulturak elkartzeko modua izango da.

Showcooking berezi horretako gonbidatuak Ciderlands sareko nazioarteko ordezkariak, sagardoaren munduan ezagunak diren nazioarteko epaileak, bertako turismo erakundeak, touroperadoreak eta komunikabide berezituak izango dira.

Javi Rivero 50 Next zerrendan nabarmendu dute bertako produktuarekin egindako lanagatik, eta Ama jatetxeak Repsolen lehen Eguzkia irabazi du aurten. Euskadiko sagardoak dastatzeko aukera ere izango da; nazioarteko sagardo dastaketetara bertaratzen direnek Astigarragako Zapiain sagardotegiko arduraduna den Ion Zapiainen eskutik (www.zapiain.eus) ekoizten dituzten sagardo motak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izango dute: sagardo naturalak, izotzezko sagardoak, etab. Ion, bere anaia Mikel Zapiainekin batera, Astigarragako sagardotegi historikoaren belaunaldi berria da, eta gastronomia berritzera deitutako 50 Next gazteen munduko zerrendan sartu dute.

Gainera, Euskadi Basque Country protagonista izango da NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldiko hitzaldietan. Bertan, Euskadi nazioartean turismo gastronomikoaren helmuga gisa ezagun bilakatu duten ibilbide eta mugarrien ikuspegi orokorra eskainiko da, eta Euskadi Gastronomikak Euskadiko turismo gastronomikoko eskaintzaren sustatzaile eta elementu egituratzaile gisa duen papera nabarmenduko da, gaur egun ia 800 enpresa eta erakunde dituen sarea izaki.

Ekimen horien bidez, Euskadiko Turismoak bere berezitasuna eta xarma erakutsiko ditu, nazioartean sagardoaren gastronomiarekin eta kulturarekin lotutako helmuga turistiko gisa; zalantzarik gabe, Norvegiako herritarrei zapore ona utziko dien hitzordua izango da.