Aurten familiek sagarraren kulturaz gozatzeko jarduera ugari izango dituzte: “Sagar motak ezagutuz” Santiagomendiko Sagardo Bidean zeharko mendibuelta familian, apainketa tailerra sagarrekin eta sagar postre lehiaketa.
Irailaren 23an, larunbata, “Sagar motak ezagutuz” mendi-buelta izango da 09:30etan. Josu Osarekin batera, familiak Santiagomendiko Sagardo Bidean zehar ibiliko dira Santiagomendi inguruko sagastietan dauden sagar barietateak ezagutu eta dastatzeko.
11:00etan apainketa tailerra izango da sagarrekin Idoia Lizeaga bitxigilearen eskutik eta familiek sagar, hosto, etab.-ekin apaingarri ezberdinak egingo dituzte iganderako Udaletxeko balkoia apaintzeko.
Irailaren 24an, igandea, sagar postre lehiaketa ospatuko da. Kreatibitatea martxan jarri eta 12:00ak baino lehen sagarra lehengai nagusi izango duen postrea plazan entregatu beharko da.
Eta 12:00etatik aurrera, familiek sagar muztioaren elaborazio prozesuan parte-hartuko dute: kizkiarekin sagarrak bildu eta dolarean txikitu.
Jarduera hauetan parte-hartu ahal izateko, aurrez izena ematea derrigorrezkoa da.