Bi herrien arteko elkar-truke honi esker, Astigar eta Eltziegoko taldeen dantza emanaldia izango da Astigarragako Foru plazan 12:30etan eta “Emakumeak ardogintzan” erakusketa ikusgai jarriko da Sagardoetxean.

Astigarragako Udalak Eltziegoko Udaleko ordezkari eta dantza taldeari harrera egingo die igande honetan, apirilaren 3an. Ekitaldi berezi honi esker, dantzak eta kulturak sagardoa eta ardoaren lurraldeetako bi herriak batuko ditu Astigarragan.

Ospakizunari hasiera emateko, goizeko 10:30etan Udaleko ordezkariek ongietorria egingo diete eltziegotarrei Sagardoetxean eta bertan, Eltziegoko Udalak antolatutako “Emakumeak ardogintzan” erakusketa inauguratuko da. Erakusketa hau, Sagardoetxean ikusgai egongo da apirila amaiera arte. 11:30etan, Sagardoetxeako bisita gidatua egingo zaie parte-hartzaileei eta ondoren, Astigarragako kaleak alaituko dituen desfilea izango da herrian zehar. 12:30etan, Astigar eta Eltziegoko taldeen dantza emanaldia izango da Foru plazan eta herritarrak ikuskizunaz gozatzera gerturatzeko gonbidatuak daude.

Astigarraga eta Eltziego herrien arteko elkar-trukea 2020an jarri zen martxan. Urte amaieran, Sagardoetxeak “Emakume ekintzaileak sagardogintzan” erakusketa Eltziegon ikusgai jarri zuen Juan Celaya Fundazioarekin elkarlanean. 2022an, ordea, ardoaren munduko emakumeek sagardoaren lurraldea bisitatuko dute Sagardoetxean ikusgai jarriko den “Emakumeak ardogintzan” erakusketari esker.

Erakusketa hau, Eltziego hirian kokatua dago. Errioxako ardoaren gune historiko eta ospetsuenetarikoa da herri hau eta azalpen panelen bidez, mahastizaintzako eta ardogintzako kultura tradizionalaren zertzelada batzuk eskaintzen ditu. Sagardogintzan gertatu zen bezala, emakumeak ez dio mendeetan zehar hain sustraitua egon den mahastizaintza eta ardogintzaren kulturan parte-hartzeari utzi, eta erakusketa honetan, horixe bera ezagutzara ematen da.

Bi herrien arteko elkar-trukeari jarraipena emateko, Astigarragako udal ordezkariek eta Astigar dantza taldeak Eltziegoko herria bisitatuko dute uztailean.