Bertako sagarrarekin egindako sagardoa balioan jartzea da sariketaren helburua; aurtengoan, 18 sagardogilek hartu dute parte.

‘XXI. Sagardo lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak’ txapelketaren sari-banaketa gaur goizean egin da Gipuzkoako foru jauregiko tronu aretoan. Ekitaldian, parte  hartu dute Markel Olano diputatu nagusiak, Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako Zuzendariak, eta lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztietako ordezkariek. Aburuza sagardotegia izan da hamar sailkatuen artean irabazlea, eta epaimahaiak sagardoetxe honek egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa jarri ditu balioan.

Markel Olanok azpimarratu du lehiaketa honen helburu nagusia dela bertako sagarrarekin egindako sagardoa, Euskal Sagardoa jatorri-izendapenera bideratutakoa, balioan jartzea, sustatzea eta saritzea. “Sagardoa, txakolinarekin eta gaztarekin batera, Gipuzkoako produktu izarretako bat da, bere balio kultural, gastronomiko eta ekonomikoa dela-eta. Nazioartean ere posizionatzen gaituen eta izen ona ematen digun produktua da sagardoa, edonoren aurrean harro erakusteko moduko edaria hain zuzen: gure lurretik sortua eta ekoitzia”. Ondorioz, Aldundiak sagardogintzaren sektorea sustatzen jarraituko duela gaineratu du diputatu nagusiak, hainbat neurrirekin. Horien artean, urtero bertako sagarrondoa landatzeko 300.000 euroko dirulaguntza lerroarekin, Gipuzkoan % 100 sagar autoktonoarekin ekoiztera iristea baita helburua. “Izan ere asko dira onurak: bai prozesu guztiaren kalitate kontrola gauzatzeko, bai lehiakortasun handiagoa izateko eta baita Kilometro 0ren aldeko apustuarekin jarraitzeko ere”.

Xabier Arruti zuzendariak, berriz, pandemia garaian sagardogileek egindako lana goraipatu du. “Gure sagardogileek atsedenik gabe egiten duten jarduna aitortzeko helburuarekin egin zen lehen aldiz txapelketa hau duela 21 urte, eta egun ere lan hori balioan jartzen jarraitzen dugu”. Berrikuntzaren eta kalitatearen alde egin duten bidea ere azpimarratu du zuzendaria. “Sagardogileok, merkatu aukerak aprobetxatu eta berrikuntzari heldu diozue, kalitatearen etengabeko hobekuntza oinarri izanik, eta hori zoriontzekoa da. Aldunditik alboan izango gaituzue”.

Kalitate gorena

Lurralde historikoko 18 sagardogile lehiatu dira XXI. edizio honetan eta iaz bezala, aurten ere, lortutako puntuazioaren arabera hiru kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea 72 puntutik gora, zilarra 65 eta 72 puntu artean, eta brontzea 60 eta 65 puntu artean. Jarraian, urre kategoria lortu duten sagardoen artean bigarren dastatze-fase bat egin da eta txapelduna aukeratu da. 60 puntuko minimoa lortu ez duten sagardotegiak dominarik gabe geratu dira, eta txapelduna berriz, bigarren dastaketa fasean aukeratu da, urrezko kalifikazioa lortu duten sagardotegi horien artean.

Hori horrela, Sagardo Lehiaketako 2022ko edizioan hamasei izan dira 60 puntutik gora lortu dituzten sagardoetxeak: brontzezko kalifikazioa lortu dute Gaztañagak eta Itxas-Buruk. Zilarrezkoa Gurutzetak, Lizeagak, Petritegik eta Zelaiak. Eta urrezkoa, berriz, Aburuza, Akarregi, Altzueta, Alorrenea, Begiristain, Etxeberria, Isastegi, Oiharte, Saizar, eta Zapiain sagardotegiek. Txapeldunetan txapeldun, ordea, Aburuza sagardoetxea gailendu da. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena.

Urtero bezala, Aldundiko Fraisoro Laborategiko dastatzaileek osatutako epaimahaiak egin du sagardoen lehen aukeraketa, eta haiek izan dira lehen sailkapenean urrea, zilarra eta brontzea esleitzearen arduradunak. Aurrez, aurkeztutako sagardo guztiei egin zaie analisi fisiko-kimikoa, dastatze organoleptiko fasera pasatzeko proba hau gainditzea ezinbesteko baldintza baita. Bigarren fasean urreen artean txapelduna aukeratzeko, aldiz, sagardotegiek beraiek proposatutako hiru pertsonek, Andoni Eizmendi, Aitor Mendiluze eta Mikel Garaizabal, eta Fraisoroko dasta-paneleko hiru dastatzailek osatu dute epaimahaia. Txapelduna aukeratzeko, lagin guztien alderdi analitikoa eta organoleptikoa aztertu dira, eta dastaketa-panelak zentzumenezko analisiak egiteko metodoa jarraitu du.

Posizionamendua eta komertzializazioa

Sari banaketan aurrera begira dituzten erronken berri eman du Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaileak. “Datozen hamar urtean %100 Euskal Sagardoa izatea da helburua, eta bide horretan, sagasti gehiago landatzen jarraituko dugu. Bestetik,  datozen 3-4 urteetan gure taberna eta jatetxeetan Euskal Sagardoaren presentzia areagotzea izango da beste erronka nagusi bat. Taberna eta jatetxeek sagardo kartak izatea da gure helburua, jendeak Euskal Sagardo desberdinak aukeran izan ditzan”. Agirrek gaineratu du jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela, sagarraren eta sagardoaren sektoreak eta erakunde publikoek elkarlanean egina.

Fraisoro Laborategiko panelak 1.000 dastatze bete ditu

Ekitaldian, Fraisoro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza Kalitateko eta Berrikuntzako Laborategia zoriondu zuten, Fraisoroko dastatze-panelak 1.000 dastatze saio egin baititu aurten. 2013az geroztik sektorearen bidelagun izan da Fraisoro, sagardoaren kalitatean eragin nabarmena izan duelarik. Egindako lanaren esker ona adierazteko errekonozimendu txiki bat egin zaio lan-talde osoari.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia