Aurreko urteetan bezala, Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen 2020 uztako XX. sagardo sagarraren heldutasunaren txostena aurkezten dugu. Txostenaren puntu nagusiak hauek dira:
· Sagarrondo beraren barruan ezberdintasun handiak ikusten dira heldutasun mailari dagokienez.
· Aurreko urtearekin alderatuta, ekoizpena nabarmen txikiagoa da.
· Leku askotan sagarren kalibrea txikiagoa da, uda bero eta lehorraren ondorioz.
Iraila hasieran eta azken urteetan bezala, Gipuzkoako sagasti ezberdinetan kontrol bat egin da, sagarren egoera zein den jakin ahal izateko.
Honetarako, Gipuzkoako zenbait sagasti jarraitu ditugu eta 14 barietate kontrolatu dira: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria.
Sagar ekoizpen handiko urte batetik gentozen eta horrek alternantzia garrantzitsu bat sortu du sail askotan. Ondorioz, ekoizpena aurreko urtean baino nabarmen txikiagoa da.
Negu epela izan da, hotz ordu gutxiekin. Hala, sagasti askok loraldi onak izan badituzte ere, hauek oso luzeak izan dira eta zonaldeen arabera kuajatu maila oso ezberdinak izan dituzte. Ondorioz, sagarrondo beraren barruan ezberdintasun handiak daude heldutasun mailari dagokienez.
Uda bero eta lehor honetako eguraldia nabarmendu behar da. Honen ondorioz, leku askotan sagarren kalibrea txikiagoa da eta sagarrondo askok estres hidriko handia jasan dute.
Sagar arraren presentzia altua izan da, eta kalte handiak eragin ditu.
Sagarraren heldutasuna
Heldutasun kontrola iraileko 2. astean egin da, aurreko urteetan bezala. Heldutasuna neurtzeko bi modu erabili ditugu: lehenengoan, azukre maila jakiteko, sagarren indize refraktometrikoa (ºBrix) neurtu da; eta bigarrenean, almidoiaren erregresioa jakiteko, iodo indizea neurtu da, 1-10 eskalan, Europako araudiari jarraituz.
Indize refraktometrikoa – ºBrix
2020. urteko ºBrix datua 11,9 koa da, azken 5 urtetako altuena.
Barietatez barietate begiratuta, aurtengo kontrolean ºBrix altuena Patzolua 13,2 ºBrixekin eta Goikoetxe 13,1 ºBrixekin dute. Aldiz, baxuena, Manttonik 10,4 ºBrix ekin eman ditu.
Almidoiaren erregresioa
Aurtengo datua aurreko urtekoa baino baxuagoa da, 2,9 ko indizea eman baitu.
Goikoetxe barietatea alde batera utzita, erregresio altuenak Patzolua 3,9rekin, Gezamina 3,3rekin, Mozolua 3,2rekin, Txalaka 3,1rekin eta Manttoni 3rekin izan dituzte. Aldiz, Errezila 1,1ekin, Moko 1,4rekin eta Verde Agria 1,5ekin erregresio baxuenak izan dituzte.
PUNTU GARRANTZITSUENAK:
Orokorrean, 2020ko iraila hasieran, sagastietan azaldu diren zenbait puntu nabarmendu ditzakegu:
– Iazko datuekin alderatuta, heldutasuna atzeratuago dator, astebete inguru, almidoiaren erregresioari begiratzen badiugu, baina aldi berean azukre maila handirekin dator. Sagasti askotan gertatzen ari den sagar erorketa handia azpimarratu behar da. Udako lehortea, eguzkikolpeak eta sagar arrak eragindako kalteak dira arrazoietako batzuk.
– Azukre maila aztertuz, aurtengo urteak, bataz beste 11,9 ºBrix ditu, aurreko urtean baino 1,4 puntu altuagoa.
– Almidoiaren erregresioa 2,9ko indizean dago, hau da, aurreko urtean baino 0,6 puntu baxuagoa.
– Heldutasun datuak ikusita, almidoiaren erregresioaren arabera, Goikoetxe barietatea kenduta, 3 barietate talde ikus ditzakegu:
· Aurreratuenak: Patzolua, Gezamina, Mozolua, Txalaka eta Manttoni.
· Erdikoak: Aritza, Txalaka, Udare Marroi, Urtebi Txiki, Urdin eta Urtebi Haundi.
· Atzeratuenak: Errezila, Moko eta Verde Agria.
Eskuratu heldutasunarentxostena PDF formatuan
AITOR ETXEANDIA AZPIAZU – SAGARLAN S.L
Fruitugintzan Aholkularia, 2020ko irailaren 11ean