Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, María José Telleriak Ondarearen Europako Jardunaldien X. edizioa “Gure eskuetan. El patrimonio en nuestras manos” aurkeztu du Amaia Llorente Museum Cemento Rezolako koordinatzailearekin eta Joseba Zabaleta Soinueneako teknikariarekin batera, aurten programan parte hartuko duten eragileetako bi.

Ondarearen Europako Jardunaldiak 1991n Europako Kontseiluak abian jarri zuen proiektu bat da, eta helburu hauek ditu: ondareari balioa ematea, herritarrengana hurbiltzea eta ondarea zaintzeak eta transmititzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea, gizarte-kohesioa eta kultura-nortasuna indartzen dituen elementu gisa. Edizio honen helburua da arreta jartzea arriskuan dagoen kultura-ondarean eta hura babesteko, transmititzeko eta bizirik mantentzeko moduetan. Aurkeztu diren jarduerak hiru lan-ildoren inguruan egituratzen dira: biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea. X. edizioko jardunaldietako jarduerek begirada berriak eskaintzen dituzte gure ondareak dituen erronkei buruz, eta erakusten dute ikerketak, kontserbazioak, sormenak eta gizartearen parte-hartzeak nola lagun dezaketen ondarearen etorkizunean.

“Gure eskuetan. El patrimonio en nuestras manos” programak 98 jarduera baino gehiago ditu, guztira 157 ekitaldi eta Gipuzkoako 36 herritan hedatuko dira. Prentsaurrekoan Kultura zuzendariak, María José Telleriak aurten ere eskertu nahi izan du parte hartzen duten eragileen ahalegina, edizio bakoitzaren leloarekin bat datozen jarduera berriak aurkeztu nahi dituztelako, eta, horrez gain, aurreko jardunaldietako gakoak sartu nahi dituztelako, hala nola genero-ikuspegia, irisgarritasun unibertsala, jasangarritasuna eta gizarteratzea. Alderdi horiek guztiak etengabe islatzen dira jardueren katalogoan. Diputatuak, halaber, eskerrak eman dizkie herritarrei, urtez urte ekimen honi ematen dioten erantzun aktiboagatik. 

“Gure ustez, jardunaldi hauek gogo eta konpromiso handiz egindako lan batek lor dezakeenaren adibide ona dira. Hori dela eta, gure proiektua berezia da Europan, egiten dugun lan motagatik, hiru lurraldeetako eragileekin koordinatuta”, adierazi du Telleriak. Aurreko urteetan bezala, jardunaldiak Arabako eta Bizkaiko aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatzen dira.

“Horregatik guztiagatik, aurten ere herritarrak gonbidatu nahi ditugu ondarearen festa honetaz gozatzera; jarduera bereziak eta desberdinak eskaintzen dituen, hurbilketa berriak proposatzen dituen, eta ondarearen kontserbazioaren orainari eta etorkizunari buruz hausnartzera gonbidatzen duen programa honetaz gozatzera. Ondarearen etorkizuna ere gure esku dago!”

Bestalde, Soinueneako teknikari Joseba Zabaletak azaldu duenez, “Soinueneak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzeak aukera ematen du arriskuan dagoen musika-ondarea ezagutarazteko, alboka historikoen kontzertua aurkeztuz Albokazale Bilgunearekin lankidetzan, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako musika-tresna berreskuratuak herritarrei hurbilduz eta egindako zaharberritze lanari balioa emanez”. Esparru horretan, erakundeak kontzertu bakar bat proposatzen du, non 7 alboka historiko entzun ahal izango diren zuzenean 5 albokariren esku, Gipuzkoako Albokarien Topaketaren testuinguruan.

Arriskuan dagoen arkitektura brutalista

Bestalde, Amaia Llorentek, Museum Cemento Rezolako koordinatzaileak, azaldu duenez, “Museum Cemento Rezolak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzeak aukera ematen du bere programaren diskurtsoa zabaltzeko, hala nola, museoaren hurrengo erakusketa “Brutalismoa. Hormigoia, maitasuna, lurraldearekiko gorrotoa”; herritarrei Donostialdeko arkitektura brutalistaren balioa hurbilduz eta arriskuan dagoen ondare garaikide baten kontserbazioari eta etorkizunari buruzko hausnarketa sustatuz”.  Esparru horretan, museoak bisita gidatu bat proposatzen du Donostialdea Brutalistan barrena, Olatz Ocerín arkitektoaren eta erakusketako komisarioaren eskutik.

Gainera, Museum Cemento Rezolak “Museoa + Fabrika bisita” jarduera eskaintzen du. Bisita komentatu bat da museora eta Cementos Rezola fabrikara, arreta jarriz arriskuan dagoen ondare batean, hots, Añorgako kolonia industrialean.  Bisita azaroaren 14an izango da, 10:30ean. Doakoa izango da, eta euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko da. Plaza mugatuak izango ditu, eta aldez aurretik izena eman beharko dute helduek eta haurrek. 

Hainbat motatako ekitaldiak eskaintzen dira, hala nola komentatutako bisitak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, erakustaldiak eta kontzertuak, besteak beste, arriskuan dagoen kultura-ondarea ikuspegi oso desberdinetatik jorratzen dutenak, lurraldean zehar banatutako museo, elkarte, udal, enpresa eta partikularren eskutik.

Ondarearen Europako Jardunaldiei buruz

Ondarearen Europako Jardunaldiak Foru Aldundiak bultzatutako proiektua dira. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak elkarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu dira jardunaldiek Euskadi osoan duten eragina indartzeko, ahaleginak optimizatzeko eta esperientziak trukatzeko.

Gipuzkoan, K6 Gestión Cultural enpresaren bulego teknikoak egin ditu programaren inguruko koordinazio lanak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila arduratu da aholkularitzaz.

Ekitaldien ibilbidea eskuragarri dago Gipuzkoa Kulturaren webgunean  eta lurralde osoko kultur etxe eta museoetan eskuragarri dagoen jardueren paperezko katalogo batean. 

Argibideak

98 jarduera / 157 ekitaldi

Datak: 2026ko iraila, urria eta azaroa

Lekua: Gipuzkoako 36 udalerri

Aizarnazabal; Alkiza; Arrasate; Astigarraga; Azpeitia; Beasain; Bergara; Donostia; Eibar; Elgoibar; Errenteria; Ezkio-Itsaso; Getaria; Hernani; Hondarribia; Idiazabal; Irun; Lazkao; Legazpi; Leintz Gatzaga; Mutriku; Oñati; Oiartzun; Ordizia; Orio; Ormaiztegi; Pasaia, Segura; Tolosa; Urnieta; Urretxu; Usurbil; Zarautz; Zerain; Zestoa; Zumaia.

Sagardoetxeak antolatutako ekimena: Bisita gidatua: ‘Dolareak, gure ondare bizia’.