• Sagarra biltzen hasi dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan.
  • Iazkoarekin alderatuta %30 biltzea aurreikusten da.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagasti batzuetan eta datozen egunetan hasiko da gainerako sagastietan. Iazko urtearekin alderatuta, heldutasuna atzerago dator sagastietan, sagar gazietan gehienbat. Uzta txikiagoa espero da, ez-urtea tokatzen delako batetik, neguan hotz gutxi egin duelako eta udaran egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bat bota duelako. Orokorrean, Gipuzkoan Goierri inguruan sagar gehiago da Beterrin baino, neguan hotz handiagoa egin duelako eta horrek eraginda loraldi hobea izan dutelako sagarrondoek. Bizkaian ere antzeko egoera dago, kostalean baino sagar gehiago da barrualdean eta Araban iaz gutxi eman zuen lekuetan da sagarrik gehien. Guztira iazko uztaren %30 inguru biltzea aurreikusten da.

Gaur azaldu ditu datu guzti horiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Irungo Etxezabal baserriko sagastian. Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko azterketa proiektuen berri eman du sektoreak eta beren apustuen berri eman dute Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko arduradunek. Prentsaurrekoan parte hartu dute besteak beste Ainhoa Azkonobieta, Euskal Sagardo Jatorri deiturako kide eta Fruiteleko pardaideak, Aitor Etxeandia Fruitel Elkarteko teknikariak, Iker Iglesias Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaria, Mikel Azpiri Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Oreka Departamenduko Teknikaria, Lander Sagaseta Nafarroako sagargileak, Bixintxo Aphaule Iparraldeko sagar eta sagarnogileak eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak.

Iazko uzta handia izaki, aurtengoa txikia izatea aurreikusi zitekeen eta uzta halakoa izan da. Uztak orekatzeko proiektuek beren emaitzak emanagatik ere, zaila izango da oreka hori Euskal Herri guztira zabaltzea eta aurten bezala, beste zenbait faktorek laguntzen ez badute, uzten arteko aldea handia izango da.

Uzta txikiak direnean azukre gehiagoko sagarrak izan ohi dira normalean, baina aurten, udarako euriak medio, iazko alkohol graduazio antzekoa izango dute. Eurien eraginez, heldutasuna ere nahiko atzera dator eta sagastirik gehienetan datorren astean hasiko dira sagarra biltzen.

Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 2 milioi kilo biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena.

Sagar Uzta Jaia irailaren 29an Astigarragan
Astigarragan Sagar Uzta jaia izango da irailaren 26tik 29ra eta egun nagusia irailaren 29an izango da, igandea, egun osoko egitarau zabalarekin. Astigarragako Plazan izango dira ekitaldi nagusiak eta urteroko moduan sagarra ezagutu eta gozatzeko aukera izango da. Udazken Zaporeaz ekintzen barruan kokatzen da Sagar Uzta, irailaren 19tik azaroaren 3ra bitartean izango baita Udazken Zaporez ekitaldia. Egitaraua ikusi.