Astigarragako Zapiain sagardotegia garaile suertatu da Sagardo Naturalaren kategorian Great Lakes International Cider and Perry Competition lehiaketan, Grand Rapidsen (Michigan, AEB) urtero egiten den nazioarteko sagardo txapelketarik handienean. Gainera, Bizi-Goxo izotzezko sagardoa bigarren postuan sailkatu da dagokion kategorian. Zapiainek puntuazio oso altua lortu du lehiaketan aurkeztutako 4 produktuekin urrezko 4 domina eskuratuz. Gainera 2024. urteko nazioarteko sagardotegi ere izendatu dute.
Great Lakes International Cider and Perry Competition (GLINTCAP) lehiaketa aitzindaria da sagar eta udare hartzituen edariei dagokienez, eta 2012tik ospatzen da Michigan estatuan (AEB). Maiatzaren 16 eta 17an ospatutako 2024ko edizioan 1200 inguru produktu aurkeztu dira eta nazioarteko epaileek bi egunetan zehart epaitu dituzte. Euskal Herriko Zapiain sagardotegiak aurrekaririk gabeko arrakasta lortu du, aurkeztutako lau produktuekin 4 urre lortuz. Gainera, beren Euskal Sagardoa Premium lehiaketako sagardo natural onena izendatu dute eta izotzezko sagardoaren kategorian bigarren postuan sailkatu da. Bestalde, 2024ko nazioarteko sagardotegi bezala ere aitortu dute Zapiain.
Lehiaketan aurkeztutako sagardoak munduko bazter guztietarik iritsitako epaimahai kualifikatuek dastatu dituzte, horietako asko “pommelier” gisako prestakuntza dutenak, sagardoaren munduko “sommelier”ak, alegia. Lehiaketak 17 kategoria ditu, hala nola sagardo modernoak, tradizionalak, arrosak, egurretan onduak, beste fruitu eta botaniko batzuekin nahasturikoak, izotzezko sagardoak eta destilatuak, besteak beste. Kategoria horietako bitan aurkeztu ditu bere produktuak Zapiainek. Sagardo naturalean garaile absolutua izendatu dute, urrezko 3 dominarekin, eta izotzezko sagardoakm ere urrea eskuratu du eta kategoriako bigarren sailkatu da.
Astigarragako sagardotegiko salmenta eta esportazio arduradun Ion Zapiainen esanetan, “izugarrizko sorpresa eta poza eragin digu. Ameriketako Estatu Batuek sagardoaren ekoizpenari eta kontsumoari dagokionez momentu zirraragarria bizi dute, eta bertako merkatuak interes handia du gure produktuaren inguruan. Gure sagardoa inportatzailearen bitartez aurki daiteke bertan, eta mota honetako aitorpenek produktua ezagutzera ematen laguntzen digute. Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren posizionamendurako ere oso garrantzitsua dela uste dugu, oraindik nahiko ezezaguna baita eta lan asko dago egiteko”.
Grand Rapids erdigunean ospatutako jaialdi batekin eman dute itxitzat GLINTCAP joan den larunbatean. Bertako sagardotegiek, Michigan Cider Association elkartean bilduta daudenak, Ipar Amerikako estatu honetako sagarrekin egindako sagardo mota ugari eskaini zituzten dastatzeko. Paul Vander Heide elkarteko presidentea pozik agertu da bai lehiaketako parte-hartzaile kopuruarekin, baita jaialdiarekin ere.
Iturria: Zapiain sagardoa