Sagardoaren Lurraldeak eta Astiko Merkataritza Elkarteak antolatuta, irailaren 22tik urriaren 31a arte jarduera ugari izan dira Udazken Zaporez lelopean sagarraren uzta garaiaz gozatzeko: XXII. Sagar Uzta jaia, familientzako sagar muztioaren elaborazio tailerrak Sagardoetxean, eskaintza gastronomikoak nahiz afari maridatuak, musika emanaldiak, kirola eta kultura uztartu duten jarduerak eta sagarrari buruzko ikastaroak.
Orain arte Sagar Uzta bezala ezagutzen zen lau egunetako ekitaldia Udazken Zaporez bi hilabeteko udazkeneko eskaintzan bilakatu da aurten. Hala, egitarau zabalagoa antolatu, eta Udazken Zaporez lelopean, irailaren 22tik urriaren 31a arte sagarraren kulturaz gozatzeko aukera eskaini duen egitarau berezia antolatu dugu. Bertan, XXII. Sagar Uzta jaia bera, familientzako sagar muztioaren elaborazio tailerrak Sagardoetxean, eskaintza gastronomikoak nahiz afari maridatuak, musika emanaldiak, kirola eta kultura uztartu duten jarduerak eta sagarrari buruzko ikastaroak izan dira.
XXII. Sagar Uzta, sagarraren jaia
Irailaren 22tik 25era XXII. Sagar Uzta izan da Astigarragan familia osoarentzako jarduerekin. Urtero bezala, osteguneko pintxo-poteak (irailak 22) hasiera eman dio ekitaldiari, eta Astigarragako hamar tabernetan sagarren eratorriekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izan da Matraka Elektrotxarangak kaleak alaitzen zituen bitartean. Besteak beste, hauek izan dira Astigarragako tabernek eskainitako pintxo bereziak:
– 115 PIZZAK: Sagardog: saltxita-ogitartekoa sagardotan egositako txistorrarekin. Brioche ogia, sagardotan egositako txistorra, aza gorri eta ozpinetako bertako sagar entsalada, alioli maionesa eta patatak.
– BUKOI: Sagar eta izokin entsalada tartaleta.
– EKAITZ: Ogi tosta sagar konpotarekin eta bakailaoa edo iberiar sekretuarekin.
– IBAI-LUR: Lumagorri baserriko oilaskoa parrillan ezpeletako piperra eta sagar errearekin.
– IKATZA: Txerri brotxeta Errezil sagarrarekin egindako saltsarekin.
– KIZKI: Txerri azpizuna sagarrarekin.
– KUPELA: Txerri azpizuna Errezil sagarrarekin egindako saltsarekin.
– PASTORIZA: Gaztaz eta sagar saltsaz egindako etxeko kroketa.
– SAGARTXO: Txerri rotia sagar errearekin.
– TXINGURRI: Perretxiko pudina sagar konpotarekin eta sagardo saltsarekin.
– ZIPOTZA: Sagazta: ahuntz gaztaren tartaleta tipula gorritu, sagar ziropa eta pinazi kurruskariarekin.
Ostiralean (irailak 23), musika emanaldiek Astigarragako kaleak girotu dituzte: berrikuntza bezala, txalaparta tailerrak izan dira Herri Eskolako patioan eta Kontxa Etxeberria Plazan, eta tailerretan izandako herritarren parte-hartzea azpimarratzekoa izan da; tailerrak amaituta, sagar kata izan da Kontxa Etxeberria plazan Sagardoetxea eta Josu Osaren eskutik; azkenik, eta ostiraleko jardunaldia amaitzeko, Oreka TX taldea taldeko kideek Goikoetxeatarrek txalapartaren alde egindako lana eskertu eta egindako ekarpena goraipatu dute.
Larunbatean (Irailak 24), sagar-bira izan da, eta familiek Santiagomendiko Sagardo Bidean mendi-buelta eman dute bertako sagastiak, sagar barietateak eta sagardoaren kultura nahiz historia ezagutzeko.
Hala ere, XXII. Sagar Uztaren egun nagusia igandean izan da (irailak 25), eta aurreko urteetan bezala, familia osoarentzako jarduerak izan dira sagarraren jaian: Txirriskla Txistulari Taldearen diana, sagar biltzea familiekin Sagardoetxeako sagastian, sagarraren kalejira herriko kaleetatik plazara, XIII. Sagar Uzta Argazki Rally Digitala, sagarraren azoka (sagarren erakusketa eta dastaketa; sagardo eta muztio dastaketa; txertaketa eta abarren erakustaldiak; herriko baserritarren produktuen salmenta eta trikitilariak herrian zehar), sagardogintzako lanak “baserri-dolarean” (sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea bertako familien laguntzarekin), sagar dantza eta kirikoketa, txalaparta eta 2022 uztako lehen muztioarekin topa herrikoia. Goizeko ekintzak amaituta, arratsaldean afizionatuen pilota partida izan da.
Familientzako sagar muztioaren elaborazio tailerrak Sagardoetxean
Urriko asteburu guztietan (urriak 1-2, 8-9, 15-16, 22-23 eta 29-30-31), Sagarrari zukua atera familian! familientzako sagar muztioaren elaborazio tailerrak izan dira Sagardoetxean. Familiek kizkia eta saskia eskuetan hartu, eta sagarrak bildu dituzte Sagardoetxeako sagastian. Ondoren, sagarrak dastatu, garbitu, txikitu eta estutu dituzte, eta jardunaldiarekin amai-tzeko, egindako sagar zukua dastatu dute. Aurreko urteetan ere jarduerak bisitari ugari erakarri izan dituen arren, goraipatzekoa da aurten izan duen arrakasta; izan ere, mila bisitari baino gehiagok parte hartu dute tailerretan.
Familian egiteko plan aproposa izanik, aurten Hirukide Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteak ere Sagardoetxea bisitatu du, eta aipaturiko tailerraz gozatzeaz gain, txalaparta tailerrean parte hartzeko aukera ere izan dute bertaraturiko familiek.
Sagar-ata eskultura naturala
Sagarraren uzta garaiak Sagardoetxean duen garrantzia ikustarazteko, Idoia Lizeagak egindako sagar-ata eskultura naturala (land art lana) Sagardoetxeako sagastian ikusgai egon da Udazken Zaporez lelopean antolaturiko ekintzetan.
Sagar-ata sagarrondoen adarrekin eta naturako elementuekin osatu da, eta Sagardoetxeara gerturatu diren bisitariek sagarrekin apaindu dute, eta sagastira begiratzen dute lehio naturala kolorez bete.
“Gozatu gure gastronomiaz” proposamenak
Gastronomiak garrantzia berezia izan du aurten Udazken Zaporez lelopean, eta sagarrari garrantzia emateko eskaintza gastronomikoak izan dira herriko hainbat taberna eta jatetxetan:
– KAIZOKU: hanburgesa pintxoa San Juan sagar dultzearekin eta sagardoen dastaketa (irailak 23).
– BUKOI: patata tortila pintxo eta sagardoen dastaketa (irailak 30).
– ZIPOTZA: sagar erakusketa eta dastaketa, eta Sagarrahate pintxoa (ahate konfitatuaren tartaleta sagar eta pinazi kurruskariekin) eta sagardoen dastaketa (urriak 14).
– IKATZA: afari maridatua, Argoitz Otaño (Petritegi sagardotegia) eta Aitzol Lizeagak (Lizeaga sagardotegia)gidatua (urriak 21).
Sagarrari buruzko ikastaroak
Aurten, berrikuntza bezala, sagarrari buruzko lau ikastaro izan dira Sagardoetxean. Sagarraren eta sagarraren eratorriei buruzko ezagutza teknikoa herritarren artean zabaltzeko antolatu dira ikastaroak, eta oso harrera ona izan dute: lehenik, Josu Osak eta Fabien Ibarrak gidatutako “Sagar postreak nola egin ikastaroa: sagar dultzea eta Normandiarren bourdelota” ikastaroa izan da (irailak 29); bigarrenik, “Sagar kefirraren elaborazio ikastaroa” izan da Txopinondo sagardotegiko Dominic Lagadecek eta Juan Aizpitartek gidatuta (urriak 6); hirugarrenik, “Muztioa eta etxeko sagardoa nola egin ikastaroa” izan da Txopinondo sagardotegiko Dominic Lagadecek gidatuta (urriak 13); eta azkenik, “Pizza eta sagar ore ama ikastaroa“ izan da 115 Sagar Ore Ama pizzeriako Ruben Andressenek gidatuta (urriak 20).
Ikastaroetan sagardogintzaren sektorean azken urteotan sortzen ari diren berrikuntzak landu dira, baita etxean sagardoa ekoizteko oinarrizko ezagutzak ere.
Partaidetza handiko Udazken Zaporez ekitaldia
Sagarraren kulturak urte sasoi honetan hartzen duen garrantzia geroz eta handiagoa da. Horren erakusle da, Udazken Zaporez ekitaldiaren egitaraua antolatzeko Astiko Merkatarien Elkartearen, Astigarragako Udalaren, tabernarien eta kultur taldeen parte hartzea.
Astiko Merkataritza Elkartearekin elkarlanean, hainbat jarduera antolatu eta berrikuntza gehitu dira aurten Udazken Zaporez ekitaldira: batetik, Astigarragako tabernetan sagarraren eratorriekin egindako pintxo potea, txalaparta tailerra eta Oreka Tx Taldearen kontzertua izan dira; bestetik, herriko 3 tokitan (Joseba Barandiaran, Kontxa Etxeberria eta Norberto Almandoz plazetan) photocallak jarri eta zozketa antolatu da Instagramen; eta azkenik, Kaizoku, Bukoi, Ikatza eta Zipotza tabernetan eskaintza gastronomikoak izan dira.
Herriko kultur taldeek ere jarduera ugari antolatu dituzte. Goldea Herri Kirol Elkarteak antolatuta sagardogintzako lanak izan dira bertako familiekin XXII. Sagar Uzta egunean: sagar biltzea familiekin Sagardoetxeako sagastian, sagarraren kalejira Sagardoetxeatik Astigarragako Foru plazara, sagardogintzako lanak (sagar bil-tzea, jotzea eta zanpatzea) “baserri-dolarean” familien laguntzarekin eta 2022 uztako lehen muztioarekin topa herrikoia.
Mundarro Kirol Elkarteak, berriz, pilota jaialdia gehitu da aurten XXII. Sagar Uzta jaiaren egitaraura: 1. partidua Iturriaga – Orbegozo & Arrieta – Mujika emakume profesionalek jokatu dute (22-19), eta 2. partidua Lizeaga anaiak (Astigarraga) & Beñat Apezetxea – Antton Apezetxea gizonezko promesek (22-19).
Hala, Udazken Zaporez lelopean antolatutako udazkenerako eskaintza bereziari esker, milaka bisitari gerturatu dira gure lurraldera sagarraren eta sagardoaren kulturaz gozatzera, eta horri esker, sagarrari protagonismo berezia eman zaio irailetik urrira.
Iturria: Sagardoaren Lurraldea urtekaria 2022