Urtebeteko atzerapenarekin, Gipuzkoako Foru Ogasunak Zerga Berezien xede diren produktuen kontabilitatea eramateko sistema (SILICIE) berri bat ezarriko du. Araba, Bizkaia edo Nafarroan, duela urtebete sartu zen indarrean; Gipuzkoan, berriz, 2020an boluntarioki gauzatzeko aukera izan dena bete-behar bilakatuko da urtarrilaren 1ean. Honek urtean 100.000 litro alkoholdun edari ekoizten dituztenei eragingo die.
Araudia, oro har, bere horretan mantendu bada ere, aldea jakinarazteko moduan eta epeetan gertatu da. Batetik, aurrerantzean idazpenak, elektronikoki hornituko dira, zehaztutako formatuetan nahiz epigrafeetan, zuzenean egoitza elektronikoan jasota edo norberaren sistema informatikoa baliatuta egindakoa igota. Bestetik, orain arte liburuak hiru hilean behin aurkeztu behar zituzten, orain, aldiz, mugimendu bat gertatzen denetik 24 orduko epean ezagutarazi beharko dute. Honek zerga berezien xede diren produktuez gain, haiek lortzeko lehengaien kontabilitateari ere eragiten dio.
Idazpenei dagokienez, ia denak bere horretan mantenduko dira, ekoizpenari dagozkienak izan ezik. Izakinak, mugimenduak eta prozesuak adierazi behar dira, botilaratzean, ekoizpenean eta zirkulazioan sortutako aldeak adierazita. Lehengaien kasuan, sagar kiloak edo muztio litroak jakinarazi beharko dituzte; baita mugitutako kopuruak edota sagardoaren eraldaketa prozesuan egindako urratsak ere. Esaterako, sagarrekin lortutako litro kopuruak, nahastutako muztio kopuruak eta hauen jatorria…
Moldaketak dakartzan eginbeharrak betetzen laguntzeko xedez, Gipuzkoako Ogasunak sagardogileei eta txakolingileei zuzendutako eskuliburu bat prestatu du, bere webgunean eskuragarri dagoena. Bertan, pausoz pauso osatu beharreko atalak agertzen dira, baita zenbait azalpen ere eduki horiek adierazteko moduari buruz. Halaber, bestelako dokumentu batzuk ere badira plataforma erabiltzeko azalpenekin edo eduki fiskalari buruzko zehaztapenekin.
Ildo beretik, Hazi Fundazioaren bidez, sagardo, txakolin eta garagardo enpresen jabeei eta kudeatzaileei bideratutako formakuntza saioak burutu dituzte azken asteetan, indarrean sartu berri den aldaketen inguruko informazioa eman eta zalantzak argitzeko.
Kontabilitatea horrela aurrera eramateak kontrol handiagoa izatera behartuko ditu ekoizleak, aldaketa bakoitza jaso beharko baitute. Lan karga handituko badu ere, hobe ezagutuko dute euren enpresaren egoera, eta hein batean, modu profesionalagoan kudeatzeko bidea ere bada.