2018ko irailaren 21an, «XVII. Sagardo Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» ospatuko da Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak antolatuta, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen lankidetzaz.
Jarraian, XVII. Sagardo Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak arautzen duten oinarriak zehazten ditugu:
Xedea:
Lehiaketaren helburua da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kalitate hobereneko sagardoa ekoizten duen sagardotegia baloratzea, sustatzea eta saritzea, bai ikuspegi analitikotik bai organoleptikotik aztertuta, produktu honen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko neurri bat baita.
Horrela, helburutzat hartuta, alde batetik, euskal sagardo naturala sustatzea, hedatzea, eta, azken finean, haren ezagutza eta merkaturatzea hobetzea; bestetik, ekoizleak adoretzea Gipuzkoako sagardoak merkatuan dituen irudia eta kokapena hobetzeko; eta azkenik, kontsumitzaileen artean haren ezaugarrien ezagutza eta balorazioa sustatzea; eta Euskal Sagardoari bultzada eta laguntza emateko neurri instituzional gisa, «XVII. Sagardo Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» izeneko deialdia egiten da.
Antolaketa:
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen eta babesten du lehiaketa; Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak lehiaketan laguntzen du.
Lehiaketaren kudeaketa eta garapena aurrera eramateko, batzorde bat sortzen da honela osatuko dena: Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren bi ordezkari, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ordezkari bat.
Parte hartzaileak:
Lehiaketan parte hartu ahal izango dute Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardotegien erregistroan inskribatuta dauden sagardotegiek.
Parte hartze duten enpresek Gipuzkoan kokaturik egon behar dute, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Industrien Erroldan izena emanda; horrez gain, Botilaratzaile Erregistroa eta Osasun Erregistroa eduki behar dituzte.
Parte hartzen duten sagardotegiek bertan egindako sagardo naturalak botilaratuta aurkeztu beharko dituzte, eta, aldez aurretik, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen kalifikazioa jaso duten sagardoak izango dira.
Lehiaketara aurkezten diren sagardo guztiek 2017ko uztakoak izan behar dute. Dagozkien etiketa eta zenbakia eramango dituzte, eta lehiaketara aurkezten diren loteen trazabilitatea Kontseilu Arautzailearen bidez bermatuta egongo da.
Ezinbestekoa izango da, gutxienez hogei sagardotegi inskribatzea lehiaketan parte hartzeko. Baldintza hau betetzen ez bada, saria hutsik geratuko da.
Eskaerak onartzeko baldintzak:
- Deialdi honetan parte hartzeko interesa duten sagardotegiek, eskaera eredua behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, oinarrien eranskinean datorrena (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira). Eskaera horretan, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturari baimena emango zaio lehiaketan parte hartzen duten laginen trazabilitatea egiazta dezan.
- Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten sagardoak bakarrik onartuko dira, baldin eta araudi aplikagarrian eta oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
- Deitutako lehiaketaren ondorioetarako, ez da onartuko inolako sagardotegirik, gaiaren gainean eskumena duten organoek ebazpen irmoaren bitartez isuna jarri diotenik.
Laginak jasotzea:
Lehiaketak kalitatezko sagardoa egiten duten sagardotegiak saritze aldera, parte hartzen duten sagardotegiek, konkurtsorako, lagin bat aurkeztu beharko dute (Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren babespekoa) eta lote zenbakirekin identifikatua.
Sagardotegiak adieraziko ditu kalifikatu nahi duen eta lehiaketara aurkezten duen sagardoaren kupela edo lotea. Dagozkien sagardotegietan, laginak jasoko dira (6 botila), botilaratuta eta etiketatuta daudenean (lote zenbakiarekin). Partidaren lote zenbakia Jatorri Deituran dauden datuekin egiaztatuko da, eta jasotzearen akta jasoko da, non aurkeztutako loteari dagozkion litroak jasota geratuko diren.
Sagardotegiak lote horren beraren beste 6 botila erreserbatuko ditu, lotea antolakuntzak aldez aurretik prezintatu dagoela, litekeena delako sari banaketako ospakizunean erabiltzea.
Lagina jasotzeko aurreikusten den data 2018ko abuztuaren bigarren hamabostaldia izango da.
Dastaketa Epaimahaia:
— Analisi fisiko-kimikoa. Lehiaketan aurkeztutako lagin guztiei analisi fisiko-kimikoa egingo zaie Laborategi, Kalitate eta Nekazaritza Berrikuntzako Zerbitzuan (Fraisoro). Betetzen badute agintzen duena 72/2017 Errege Dekretuak, otsailaren 10ekoak, sagardo naturalaren eta sagardoaren kategorien kalitate araua onartzen duenak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 44 zk., 2017ko otsailaren 21ekoa), eta gainera, glukosa + fruktosa maila 5 g/l edo gutxiago badute, dastaketa organoleptikoaren fasera pasatuko dira.
— Dastaketa organoleptikoa: fase honetan, dastaketa epaimahai bat egongo da, epaimahaiburua izanik Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko foru diputatua edo ordezkatzen duen pertsona; idazkari lanak Departamentuko bertako funtzionario batek egingo ditu, Antolaketa Batzordeko kidea denak, hitzarekin baina botorik gabe. Sagardoen balorazio organoleptikoa egiteko Fraisoroko Sagardoaren Dastaketa Paneleko kideaz baliatuko da (ENAC erakundea egiaztatuta). Panel honetan partaide diren sagardogileek ezingo dute lehiaketa honetako balorazio organoleptikoan parte hartu.
Dastaketa prozedura «Sagardoaren dastaketa panelaren zentzumenezko analisiak egiteko metodoa» erabiliz egingo da, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak onartua eta baietsia baita.
Dastaketetan, dastaproba itsuaren prozedura erabiliko da.
Epaimahaiaren erabakia:
Dastaketa fasean, aurkeztutako sagardo desberdinen laginak puntuatuko ditu Epaimahaiak.
Lehiaketara aurkeztutako sagardoak dastatu ondoren epaimahaiak 6 sagardo finalista aukeratuko ditu. Hauek berriz dastatuko dira.
Sagardotegi irabazlea hautatzeko, sei sagardotegi finalisten puntuazioen batez bestekoa kalkulatuko da. Sagardotegi irabazlea, batez besteko puntuazio handiena lortu duena izango da. Bi laginen artean puntuazio berdina suertatuko balitz, lagin horiek berriro dastatuko lirateke. Ondoren, ordura arte ateratako puntuazioen batez bestekoa aterako litzateke. Honekin, berdindutako sagardoen posizioa zehaztuko litzateke bakarrik.
Sagardo lehiaketaren prozesu osoan, beti gordeko dira anonimatuan sagardoak eta parte-hartzaileak.
Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.
Aurkeztutako lagin bakoitzeko botila bat Laborategi, Kalitate eta Nekazaritza Berrikuntzako Zerbitzuan (Fraisoro) gordeko da, balitekeelako Epaimahaiak egiaztapenak edo analisiak eskatzea, oinarri hauek betetzearen ondorioetarako.
Sariak:
Lehiaketan finalista geratzen diren lehenengo hiru sagardotegiei honako sari eta garaikurrak emango zaizkie:
— Lehenengo saria: 3.000 euro, txapela eta garaikurra.
— Bigarren saria: 1.250 euro, eta garaikurra.
— Hirugarren saria: 800 euro eta garaikurra.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, saritutako sagardotegien sustapen lanak egingo ditu, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean lehiaketaren sarituak argitaratu eta urtebeteko epean.
Sariak emango dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko foru diputatuaren foru aginduaren bidez, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
Sari banaketa, horretarako deitutako eta antolatutako ekitaldi baten bidez egingo da, irailaren 21an, eta behar dituen transzendentzia eta solemnitatea emango zaizkio.
Sei sagardotegi finalistek hitzematen dute sagardotegiaren ordezkari bat bidaliko dutela sari banaketaren ekitaldira, baita aurkeztutako bi loteetatik erreserbatutako 6 botilak ere.
Lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztiak gonbidatuta daude sari banaketen ekitaldira.
Interpretazioa:
Ahalmena ematen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko foru diputatuari, «XVII. Sagardo Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» izeneko lehiaketa aurrera ondo eramateko beharrezkotzat jotzen dituen xedapen guztiak emateko, baita, beharrezkoa balitz, oinarrien interpretazioan sor daitekeen edozein zalantza argitzeko ere.
—-
Agindua PDF formatuan eskuratu
Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia