IgartubeitiIgartubeiti Baserri Museoak antolatutako 13. Sagardo Astea gaur hasi da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren XIII. Sagardo Lehiaketako sari banaketarekin. Aurtengo edizio honetan GASTRONOMIAK pisu handia izango du.

Igartubeitin, asteburuan, zanpaketak, antzezpenak, kirikoketa eta sagar erakusketa izango dira. Bertatik Bertara tailer-dastaketa izango da bertako produktuekin Kabia jatetxeko sukaldarien eskutik. Aspacerekin lankidetzan tailer multisensoriala antolatu dugu eta egitarauari amaiera emanez, Igartubeiti, baserri dolarea, Jakoba Errekondoren bisita gidatua ere izango da.

Donostian, jarduera berezi bat izango da: Sagarretik sagardora omenaldi gastronomikoa Bodegón Alejandron, tailer-dastaketa eta Igartubeiti Baserri Museoa Menua.

Aste osoan zehar Sagardoa & Bakalaoa Errezeta Lehiaketan eta VII. Argazki Lehiaketan parte hartu ahal izango da.

EGITARAUA:

Zanpaketak:

Sagar zanpaketak egunero izango dira, goizez, 11:30etatik aurrera. Asteburuan, 12:00etan zanpaketa bat egingo da, eta arratsaldez, 17:00etan beste bat izango da.

Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50 kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Asteburuan ordea, Jo ala Jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin ditzaten, 150 kg sagar gehituko dira zanpaketa bakoitzaren aurretik.

Antzezpenak:

Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute.

XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitz egingo diete. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloez jabetuko dira.

Larunbatean, urriak 11ean eta igandean, urriak 12an:

11:30-12:00; 13:00-13:30

16:30- 17:00; 18:00-18:30

Sagardoa kirikoketa erritmora:

Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatuko ditu, larunbatean eta igandean, urriak 11ean eta 12an, 12:00etan eta 17:00etan. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da.

Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekarriko da, usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.

Sagar erakusketa:

Ezkio-Itsason bildutako sagar barietateak ikusgai izango dira sagar astearen baitan: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra, madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste.

Yartu elkarteak, Ezkio-Itsasoko udaletxearen laguntzaz antolatutako erakusketa, baserriaren atarian kokatua.

Urretxuko ASPACE-rekin lankidetzan, Tailer Multisensoriala:

– Urriak 9, 11:30etatik aurrera

Sagar garratz, geza eta mikatzen dastaketa.

Usaimen eta dastamenaren estimulazioa.

Talde itxia.

Igartubeiti & Bodegon Alejandro:

Sagarretik sagardora, Omenaldi Gastronomikoa:

– Urriak 9, 19:00etatik aurrera.

Igartubeiti Baserri Museoa Sagardoa Astea aurkezten Bodegon Alejandron.

Sagarrean oinarritutako plateren dastaketa, Inaxio Valverde, Bodegon Alejandroko sukaldariaren eskutik.

Toki mugatuak. Izen ematea igartubeiti@gipuzkoa.net, 943 72 29 78.

Igartubeiti Baserri Museoa menu berezia Bodegon Alejandron urriak 5etik 19raSagardo Astea dela eta.

Bertatik Bertara sukaldaritza tailerra eta dastaketa:

– Urriak 16, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Igartubeitiko Interpretazio zentroan.

Kabia jatetxeko Juanma Hurtadok eta Bikendi Casadok bertako baserri produktuekin zenbait errezeta egingo dituzte.

Toki mugatuak. Izen ematea igartubeiti@gipuzkoa.net, 943 72 29 78.

ASTE OSOAN ZEHAR:

VII. Sagardo Astea Argazki Lehiaketa:

Sagardo Astea kamaratik edo mugikorretik! Parte hartu eta lortu saria!

Informazioa eta oinarriak: www.igartubeitibaserria.net/jarduerak/urterokoak/sagardo-astea/vii.-argazki-lehiaketa

Sagardoa & Bakailaoa errezeten lehiaketa:

Bidali igartubeiti@gipuzkoa.net-era eta lortu 2 lagunentzako bazkaria.

Informazioa: www.igartubeitibaserria.net

OHARRAK:

Jende kopuru murriztua

Segurtasun arrazoiak direla eta, prentsaldia egiten den gunean, lehen solairuan, sarrera murriztua izango da eta ez da erreserbarik onartzen.

Dena dela, bitartean bisitariek interpretazio zentroa ezagutzeko aukera izango dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sariak XIII. Sagardo Lehiaketako Irabazleei Diplomak Ematea:

Diploma banaketa Igartubeiti Baserri Museoan burutu da, ohiturari jarraituz, sagardo asteari hasera emanez.

Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariak egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jatorrizko Sagardo enboteilatuaren XIII. lehiaketako diplomen banaketa.

Lehiaketaren finala, ekainak 7an ospatu zen, Donostiako Euskal Gastronomia Elkartean. Banatzen diren 3 sariak ondoren aipatzen diren sagardogileek jaso dute:

  • Lehenengo saria 3.000 eurotakoa izan da eta Andoaingo GAZTAÑAGA sagardotegiko Joxe Antonio Gaztañaga jaunarentzat izan zen, lehiaketan 77 puntu jaso ondoren.
  • Bigarren saria 1.500 eurotakoa izan da eta Hernaniko Altzueta sagardotegiko Ibon Alkorta jaunarentzat izan da, lehiaketan lortutako 73,5 punturengatik.
  • Hirugarren saria 1.000 € takoa izan da eta Astigarragako Gartziategi sagardotegiko Bittor Lizeagak jaso du, lehiaketan lortutako 73 punturengatik.

Aurtengo lehiaketan, guztira 30 sagardotegik hartu dute parte, iaz baino sei gutxiago, Gipuzkoako 14 herritakoak.