Sagastiak loretanSagarrondoak hasi dira loratzen udaberriro legez, eta dagoeneko atondu dituzte Euskal Herriko landa paisaiak. Sagastien loraldiarekin batera, Sagardoaren Lurraldeak hainbat ekitaldi antolatu ditu gertakari hau ospatu eta jendea sagardoaren ekoizpenaren sekretuak ezagutzera gonbidatzeko, polinizaziotik hasi eta botilaratzera arte.

Sagastien loraldia azkenengo urteotan ospatu da Sagardoaren Lurraldean, Japoniako hanami-aren antzera, “Loreak ikusi” esan nahi du japoniarrez hanami hitzak. Urtero-urtero, japoniarrak parkeetara abiatzen dira gereziondoen (sakura) loraldiaz gozatzeko. Usadioa oso errotuta dago japoniako gizartean eta lagun nahiz senideak elkartzeko ohitura dute. “Nolabait esateko, eta ezberdintasunak ezberdintasun, ohitura hori geurera ekarri eta eta geure modura ospatu nahi dugu, sagardoaren ekoizpenaren unerik ederrenetako bat jendearengana gerturatuz”, adierazi du Joxe Mari Laberrok, Sagastiak Loretan ekimenaren arduradunak.

Aurten, sagarrondoen loraldia apur bat atzeratu da, baina maiatzeko bigarren astetik aurrera hasi dira loratzen eta petalo zuriek estali dituzte Euskal Herriko sagastiak. Lore horietatik haziko dira sagardoa egiteko sagarrak. Japonian loraldiaren iragarpena (sakurazensen) meteorologia bulegoak egiten badu, Sagardoaren Lurraldean ekoizleek berak dira loraldia noiz izango den jakinarazten dutenak, aurreratu edo atzeratu egingo ote den.

Antolatutako ekimenen artean, azpimarratzekoak dira udaberriko Sagardoetxeko bisitak. Garai honetan polinizazio prozesuaren inguruko azalpenak ematen dituzte, sagardoaren ekoizpenaren alderdi ezezagun bezain garrantsitsua. Gainera, maiatzaren 13an “Sagardo Ibaiak, bizitza iturri” izeneko erakusketa ireki zen Usurbilen. Maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai Sutegin, Usurbilgo Sagardo Egunaren ospakizun eguna arte. Gainera, maiatzaren 28an, arratsaldeko 17:30ean, musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna egingo da museoko sagastian.

Sagardoaren Lurraldetik jakinarazi dutenez, “azken urteotan ahalegin berezia egiten ari gara sagardoaren kulturarekin lotutako turismo-esperientziak eskaini eta sustatzeko. Eskaintza honen ardatza txotx denboraldia da eta, honen baitan, sagardotegiko menuaz gozatzeko esperientzia gastronomikoa. Baina Sagardoaren Lurraldean beste gauza asko dugu eskaintzeko”. Izatez, sagardoaren kulturari lotutako esperientziak Gipuzkoako erakargarri turistiko garrantzitsuenetako bat bilakatu dira.

Esperientzia hauen guztien bihotza Astigarragan dago, Sagardoetxea Museoan. Museo honetan sagardoaren kulturaren ezagutza eta zabalpena sustatzen dira ekimen ezberdinen bidez, Hala nola, Santiagomendiko Sagardo Bidea, sagardoaren probaketa didaktikoak, haurrentzako ekintzak, tren berdearen ibilbidea, Hernaniko kasko zaharrera bisita gidatuak edo une honetan Usurbilen ikusgai dagoen erakusketa.

Maiatzean, Sagardoetxeko sagasti loretsua inguruko eskolaumeek bisitatuko dute. Bestalde, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunarekin batera, “Erleen bizitza ezagutuz” izenburupeko bisita gidatu berezia egingo da. Gainera, sare sozialetan joko berri bat jarri dute abian, Sagardoaren Lurraldea bisitatzen duen pertsona orori bideratutakoa. #jatorrizkobekatua traola erabiliz, parte-hartzaileek Sagardoaren Lurraldean bizi duten unearen argazkia igo dezakete Facebook, Twitter edo Instagramera. Guztien artean bi lagunentzako sagardotegiko otordua zozkatuko da.

Sagardoaren Lurraldea hamaika sagardotegik nahiz Astigarraga, Hernani eta Usurbileko udalek osatzen dute, herri sagardogile garrantsitsuenek. Bere helburua Euskal Herriko sagardoaren kulturarekin harremana duen oro zabaltzea da, baita kultura honi lotutako esperientziak sustatzea ere.