Joxe Mari Alberro, Sagardoetxeako Zuzendariak, urtarrilaren 20an FITUR-en (Madrid) ospatu zen Euskadiko Museo Enogastronomikoen Sarearen aurkezpenean parte-hartu zuen Arantza Madariaga, Basquetour-eko Zuzendaria, eta sareko beste museoetako ordezkariekin batera.
Zazpi museo eta interpretazio gunek osatzen dute museoen sare hau eta bere helburua, ardoa, txakolina, sagardoa, Idiazabal gazta eta gozoa bezalako Euskadiko produktu gastronomiko hauekin lotutako usadioak, kultura eta ohiturak bisitariei trasmititzea da.
Euskadiko gastronomia-kultura ezagutzeko leku egokiak direnez, Villa-Lucia Ardoaren Erakustokia (Guardia), Txakolingunea (Bakio), Sagardoetxea Euskal Sagardoaren Museoa (Astigarraga), Igartubeiti Baserri Museoa (Ezkio Itsaso), Gaztaren Interpretazio Zentroa (Idiazabal), D’Elikatuz Zentroa (Ordizia) eta Gozogintzaren Museoa (Tolosa) elkartu egin dira Museo Sare honetan, eta hainbat kultura eta gastronomia proiektutan lan egingo du sareak gure lurreko gastronomia produktu tipiko hauen atzean ezkutatzen diren euskal funtsa eta ohiturak bisitariei helarazteko, euskaldunak hobekien identifikatzen gaituztenak ere baitira.
Museo eta interpretazio gune hauen arteko urte batzuetako elkarlanaren ostean, gaur egunera arte honako esperientzia turistikoak sortu dira: Sagardoa eta Idiazabal Gaztaren Ibilbidea, Pasaporte Gastronomikoa eta Ibilbide Gastronomikoa Euskadiren Bihotzean, beste batzuen artean.
Sare hori sortzearekin batera, jada eskaintzen diren esperientziez gain, museo horiek bisitatzeaz haratago doazen gastronomia-proposamen berriak eskainiko zaizkio bisitariari, eta museotara egindako bisitak uztartu ahal izango ditu ardo- edo txakolin-upategietara egindakoekin, gaztandegietara egindakoekin, sagardotegietako bazkari/afariekin, ekitaldiekin, azokekin, dastaketekin, eta Idiazabal gaztaren, sagardoaren, ardoaren, txokolatearen eta abarren elaborazioan parte hartzearekin, turistari esperientzia paregabea eta Euskadiren gastronomia-ikuspegi berria eskaintzeko.
Jadanik martxan jarritako ekimenak Euskadiko Museo Enogastronomikoen Sarearen folletoaren sorrera izan da. Folleto honetan museo bakoitzak eskaintzen dituen esperientzia turistikoen inguruko informazioa ematen da. Gainera, museo hauetako bakoitzaren kokapena zehazten den Euskadiko mapa dauka eta museo batetik besterako distantzia zehazten da, museo baten eta bestearen arteko gehienezko distantzia 2 ordutakoa delarik. Museo bakoitzak sarearen informazio totem bat dauka eta bertatik bisitariek museo hauetako bisita birtualetarako sarrera dute QR kodeen bidez. Bisita birtual hauek museo-gune bakoitzaren webgunean ere ikusi daitezke.
Batera egindako jardueren artean, sareko museoek Astigarragan ospatutako Sagar Uzta festan parte hartu dute gazta eta gozogintza tailerrak eskainiz eta Gasteiz-en ospatutako ArdoAraba azokan tailer eta dastaketa bereziaz eskainiz. Aste Santura begira, martxoaren 24, 25 eta 26an Bilbon ospatuko den Basque Fest Euskal Kulturaren Jaialdian Euskadi Gastronomikak izango duen standean jarduera hauek eskainiko ditu.