XX. mendearen hasieran Hernani eta Astigarraga ospetsuak ziren sagardoaren ekoizpenean berezituta egoteagatik. Sagardotegietako ateak zabalik izaten ziren otsailetik maiatzera bitartean eta sagardoa kanilatik eta edalontziz edalontzi zerbitzaren zuten. Aisialdirako leku gogotsuenak ziren. Donostiarrak eta inguruko herrietako biztanleak igande eta jaiegunetan sagardotegietara joaten ziren arratsalde pasa eta edanean, meriendatzen, bertsolariak entzuten, eta bolotan edota tokan jolasten entretenitzen ziren.
Urte horietan, ordea, kalitatezko sagardoaz gozatzea zaila izaten zen, fruituaren kalitateagatik, sagar barietateen aukeraketa kontu handiarekin ez egiteagatik, garbitasun faltagatik eta hartzidura garaian sagardogile batzuen arduragabekeriagatik. Horregatik, kalitatezko sagardoa zegoenenan, hori aditzera emateko gehienek erabiltzen zuten prozedura ohikoena honakoa izaten zen: sagardotegi atarian lizar baten adarra zintzilikatzen zuten “sagardoa saltzen da, hainbestean…” jartzen zuen kartel baten ondoan. Hala ere, argiak eta azkarrenak zirenek, ordurako idatzizko prentsan egiten zuten publizitatea.