– Likore: Edari bizia, hainbat gai destilatuz, beratuz edo nahasiz ateratakoa, eta alkohola, ura, gai aromatikoak eta azukrea osagai dituena.
– Mahaiko sagar: Gordinik jateko aproposa den sagarra.
– Pattar: Ardoa, sagardoa, edo beste zenbait gai destilatuz ateratzen den edari bizia.
– Patxaka: Sagar makatza anisean beratuz egiten den edaria, patxaranaren antzekoa.
– Sagar erre: Labean egositako sagarra.
– Sagar erregina-jele: Edari tonifikantea.
– Sagar karamelutu: Karamelu gorriz estalitako sagarra, makila baten muturrean jarrita jaietan saltzen dena.
– Sagar-dultze: Sagar eta azukrearekin egindako pasta gozoa. Gazta eta intxaurrekin jateko aproposa.
– Sagar-jele: Sagarrekin egindako jelea.
– Sagar-konpota: Sagarra eta azukrea egosiz egindako gozoa.
– Sagar-kruxpeta: Sagarrekin egiten den kausera. Kauserak opil modukoak dira, eta gari-irin, arrautza, esne eta azukre izpi batez egindako orea koipetan frijituz egiten dira.
– Sagar-likorea: Sagardo destilatua sagarrekin beratuz egindako edari bizia.
– Sagar-muztio egosi: Muztioa jarabearen testura hartu arte egosiz lortzen den kontzentratua.
– Sagar-muztio gasdun: Sagar-zukuari gasa gehituz egindako edaria.
– Sagar-orejoi: Sagar lehortua.
– Sagar-pastela: Sagar, arrautza, gurin, azukre eta gari-irinarekin egindako pastela.
– Sagar-tarta: Ore hautsia, pastel-krema, sagar xerratua eta abrikot-konfitura erabiliz egindako tarta.
– Sagar-zuku: Sagarra zukutuz egindako edaria, gozoa eta alkoholik gabea.
– Sagarzale: Sagarra jateko zaletasuna duena.
– Zizar-sagar: Ondo heldu gabeko sagarra, arbolatik garaia baino lehen erortzen dena.
Sagarraren ahogozoak:
– Basitu: Ik. irintsu.
– Garratz: Ahoan halako laztasuna eta mintasuna eragiten edo sentiarazten duena. Gazi-geza eta nahiko lehorra; ahoan azidotasuna nabaritzen da, batez ere mingain ertzetan. pH baxukoa.
– Gazi: Azidotasun nabarmena duena.
– Gazi-garratz: Gazi eta garratzaren nahasketarekin sortzen dena.
– Gazi-geza: Gazi eta gezaren nahasketarekin sortzen dena.
– Gazi-gozo: Gazi eta gozoaren nahasketarekin sortzen dena.
– Geza: Gazi gutxikoa edo gabekoa dena. Zapore motela, bizitasun gutxi duena. PH altukoa.
– Geza-garratz: Geza eta garratzaren nahasketarekin sortzen dena.
– Geza-min: Geza eta minaren nahasketarekin sortzen dena.
– Gozo: Azukrearen edo eztiaren ahogozoa oroitarazten diguna.
– Gozo-garratz: Gozo eta garratzaren nahasketarekin sortzen dena.
– Irintsu: Sin. Basitu. Irinaren testura duena.
– Mikatz: Behazunaren antzeko ahogozo desatsegina duena. Min lehorra, astringentea.
– Min: Ahoan eta mihian halako erredura edo berotasun sentsazioa sortzen duena.
– Urtsu: Ur asko edo gehiegikoa.
________________
Iturria: Sagardoaren Lurraldea Boletina 35
Egilea: Miel Joxe Astarbe eta Urkiri Salaberria (Sagardoaren Hiztegia)