Datorren irailaren 16an Astigarragako Sagardoetxean irekiko den “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketaren harira, Sagardoaren Lurraldeak ekimen berezi eta irekia antolatu du. Hurrengo egunean, erakusketa kalera aterako du, Urumea ibaian barrena zutikako arraunean egingo den bisita gidatuaren bitartez. Donostia Arraun Lagunak elkarteak Martutenen duen ontziralekutik abiatuta iritsiko dira parte-hartzaileak Ergobiako zubira. Bertan, sagardotegietara bisita eta pintxo nahiz sagardo dastaketa izango dituzte zain, musikaz lagunduta.
“Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketa irailaren 16tik 25era ikusi ahal izango da Astigarragako Sagardoetxea museoan, Usurbilen eta Hernanin ikusgai egon ostean. Erakusketaren inaugurazioa irailaren 16an egingo da, 19:00etan, ostiralean, Lourdes Odriozola Sagardoetxeko historialariak gidatuko duen bisitarekin. Irekierarekin batera, Sagardoaren Lurraldeak antolatu duen ekimen bereziaren bitartez parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte erakusketan azaltzen diren hainbat xehetasun eta bitxikeria.
Irailaren 17an, 15:30ean, Arraun Lagunak klubak Donostiako Martutene auzoan duen ontziralekutik abiatuko da arraunlari taldea, Gondolin Kluba stand up paddle eskolako begiraleek lagunduta. Ibilbidean zehar, Lourdes Odriozola historialaria ibai honen iraganari buruz arituko da, Urumeak sagardoarekin duen harremana eta beste sekretu batzuk urgaineratuko dituen bisita gidatuan.
Arraunlari taldea 17:30ak aldera Ergobiako zubira ailegatzea aurrikusten da, bi ordu beranduago. Iritsitakoan, parte-hartzaileek Astigarragako auzo honetan XX. mendean zeuden sagardotegiak ezagutuko dituzte, sagardo eta pintxo dastaketa batekin amaituko den musikaz lagundutako bisita gidatuan.
Ostiraletik aurrera Sagardoetxean irekita egongo den “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketak Urumea eta Oria ibaien inguruko ikerketak ditu ardatz. Ibaiok sagardoaren inguruko sekretu ugari gordetzen dituzte, eta bi bailaretako bizilagunen komunikazioaren eta harreman ekonomikoen artikulazioa ahalbidetu zuten.
Gipuzkoak aintzinaroan izan zituen bizitza iturri nagusienetakoak izan ziren, eta inguruko bizilagunentzako aberastasunaren jatorri. Garai jakin batzuetan teknologia zentro aurreratuak izatera ere iritsi ziren. Gainera, Urumea eta Oriaren ur-bazterrak denetariko istorioen lekuko izan dira, hala nola, XVIII. mendeko langileen greba bat, Ergobian ordaindu behar zen bidesaria, itsasoko lanei lotutako langileen soldataren zati bat sagardoarekin ordaintzen zenekoa, Astigarragako alkate bizargina eta Murgiako Jaunen haserrea, Ignacio Soroakoa Usurbilgo ainguragile ezagunaren amodio-aferak…
Erakusketa irailaren 25a arte egongo da ikusgai Sagardoetxean. Egun horretan, XVI. Sagar Uzta 2016 ospatuko da Astigarragan. Bien bitartean, astelehenetik ostiralera 11:00atik 13:30era eta 16:30etik 19:30era bisitatu ahal izango da, eta igandeetan 11:00atik 13:30era. Hernanin eta Usurbilen egin bezala, ikastolentzako eta taldeentzako doako bisita gidatuak izango dira, aldez aurretik adostutako egun eta ordutegian.