Txotx erritoa sagardoari lotutako turismoaren gakoetako bat da Sagardoaren Lurraldean. Hainbat adituk jarraibideak eman zituzten zerbitzua egokitzeko, publiko berrietara heltzeko hobeto komunikatzeko eta bisita bera fidelizaziorako baliatzeko.
Txotx boladak jendez betetzen ditu sagardotegiak, agerian utziz sagardoaren indarra eta esperientzia honen ospe ona. Iritzi pertsonaletatik harago, Basquetourreko produktu arduradun Lander Imazek hori frogatzen duten datuak aurkeztu zituen. Bisitarien motibazioak ezagutzeko, 2018an hainbat inkesta aurrera eraman zituzten bai Txotx boladan bai udan. Erabiltzaileen profila desberdina bada ere, gehienak bertakoak dira txotx garaian eta turistak udan, iritzia oso ona da bien kasuan.
Edonola, lortutakoarekin konformatu beharrean, gainerako hizlariek hobe daitezkeen hainbat alorrei buruz hitz egin zuten, bezero berriengana heldu eta hauen beharrei egokitzeko, hala, sagardogileak bere etxera doazen bezeroen bisita maximiza dezan. Hagoos agentziako Nekane Igarrizek sagardotegia family friendly bilakatzeko jarraibideak eman zituen, hiru alorretan oinarrituta: azpiegiturak, zerbitzua eta kudeaketa. “Gunea egokitu behar da aldatzeko mahaiak, tronak, orgatxoak uzteko lekua… eta segurua”. Baita bezero arreta ere: Diskurtsoa moldatu (edukia, hizkuntza, menua) eta esperientzia (bisita, tailerra, alergiak…), baita entretenimendurako kit bat sortu, adibidez. Era berean, family friendly kontzeptua enpresaren filosofian barneratu behar da, “denak bide berean joanda”, eta zerbitzu horiek webgune eguneratuetan komunikatu. Igarrizen ustez gakoa da “enpatizatzea, galdetzea, menuari buelta bat eman eta haurrari egokitzea”. Petritegi da family friendly ziurtagiria duen lehen sagardotegia.
Sagardotegiaren gune fisikotik harago joanda, Iñaki Lakarra alor digitalaz mintzatu zen; kontsumitzaileak esperientzia baten inguruan informazioa bilatzen duenetik hura bizi ondoren kontatzen duen arte doan bidaian. Aurretik, bitartean eta ondoren Interneti oso lotuta dagoena, beraz, sagardotegiek euren irudi digitala zaindu behar dute bezeroak erakarri eta monetizatzeko. Horretarako, “hobe kontatu” behar dutela uste du Mondragon Unibertsitateko informatika arduradunak. Bezero potentzialei egokitu eta dauden tokian komunikatzeak duen garrantzia ere nabarmendu zuen; eta hainbat jarraibide eman zituen sagardotegien presentzia kudeatzeko, azpimarratuz funtsezkoa dela “zer ematen dugun azaltzea, oso agerikoa badirudi ere”, baita bilatu eta aurkitzen ez duena identifikatzea ere.
Eta bisitaren ondoren zer? Mikel Garaizabalek argi du helburua botilatik bizitzea izan behar dela. Enologoak ideia hori mantra bat bezala errepikatu zien Orona Ideon zeuden sagardogileei. Hau da, sagardotegira bisitak lagungarria izan behar dela botilako sagardo salmentak sustatzeko. Hori lortzeko aholkuak eman zituen: Irudi ona eman, botilako sagardoarekin identifikatu eta salmenta zuzeneko puntu bat sortu sagardotegian; dastaketa azkarrak eskaini, historia hunkigarriak kontatu, sagardoaren kulturaren alde egin: familia, pertsonak, paisaiak, historiak, baserria… “Zuen kontakizuna definitu” eta “mezu argi eta berezi” batean transmititu. Are gehiago, botilako sagardoa zerbitzuaren amaiera aldean ateratzea proposatu zuen, txuletarekin batera eta une hori baliatzea biltzen duen guztia azaltzeko.
Hizlariek hitz egiten zuten bitartean, entzuleek Rafa Gorrotxategi eta Ronan Lagadec gozogileen sagardo eta sagar txokolatea dastatzeko aukera izan zuten.