Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, 2021eko azaroaren 18tik 21era IV. SAGARDO FORUM-a ospatuko da: sagarrari, sagardoari eta turismoari buruzko jardunaldi teknikoak, Nazioarteko Sagardo Lehiaketa eta Nazioarteko Sagardo Azoka.

Gaur goizean aurkeztu da IV. SAGARDO FORUM-a Erribera Kulturgunean. Bertan izan dira Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko Presidentea), Jabier Larrañaga (Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua), Peli Manterola (HAZI-ko zuzendaria), Daniel Solana (Basquetour-eko zuzendaria) eta Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko Koordinatzailea).

Prentsaurrekoan, Xabier Urdangarin alkateak Sagardo Forumak besteengatik ikasteko eskaintzen duen aukera eta horrelako ekitaldiak antolatu ahal izateko lankidetzak duen garrantzia azpimarratu ditu. Jabier Larrañaga diputatuak, sagardoaz ari garenean ekonomiatik haratago, kulturaz, identidadeaz eta lehen sektoreaz ari garela adierazi du eta Sagardo Forumak mundura irekitzeaz gain mundutik ikasteko eskaintzen digun aukera balorean jarri du, sektoreari dibertsifikaziorako bideak irekiz. Peli Manterolak, azken urte hauetan sagarra eta sagardoaren sektorea indartzeko balio izan duen Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren sorrera goraipatu du eta etorkizunean ere sektoreko entitate, administrazio eta eragile guztien arteko elkarlanaren alde lanean jarraituko dutela adierazi du. Daniel Solanak, sagardoak bertako gastronomian duen garrantzia azpimarratu eta sagardoaren inguruko turismoak bisitariak Euskadira ekartzeko dituen erakargarritasuna balorean jarri ditu. Eraberean, sagardoa (sektorea) eta sagardoaren kulturaren inguruan diharduten sagardoaren munduko eragile guztien arteko harremanak eta elkarlana funtsezkoak direla adierazi du. Bere aldetik, Unai Agirrek, Sagardo Forumak bertan ekoizten diren sagardoak hemengo jendearen artean ezagutarazteko eta eraberean kanpoan egiten dena hemen ezagutu ahal izateko eskaintzen duen aukera azpimarratu ditu.

Egitaraua

Azaroaren 18-19an jardunaldi teknikoak izango dira Astigarragako Erribera Kulturgunean. Bertako, nazioko eta nazioarteko 13 profesionalek bere ezagutzaren berri emango dute hiru gairen inguruan ardaztuta: sagarra, sagardoa eta turismoa. Jardunaldi tekniko hauen osagarri, izotzezko sagardoen eta sagardo monobarietalen elaborazioa eta dastaketaren inguruko tailer bat eta bertako nahiz nazioarteko sagardoekin maridatutako afaria izango dira Astarbe sagardotegian. Egitaraua eta hizlarien inguruko informazioa ikusi

Azaroaren 19-20an III. Nazioarteko Sagardo Lehiaketa izango da Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Hemengo, nazioko eta nazioarteko 30 dastatzailek, beste sagardo mota batzuez gain, Euskal Sagardoa dastatzeko eta baloratzeko aukera izango dute eta denera 15 herrialdetako sagardoak baloratuko dira. Lehiaketako dastatzaileen artean Maider Larrañaga dago, Sumiller Onenaren “BMW Más Gastronomia 2020” sariaren irabazlea. Aurten gainera, Euskal Sagardoa Jatorri izendapena duten sagardo naturalentzako kategoria berria izango da. Lehiaketaren kategoriak eta epaileak ikusi

Azaroaren 20-21ean II. Nazioarteko Sagardo Azoka ospatuko da Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Bertan, 15 herrialdetako 100 sagardo inguru ezagutu eta dastatzeko aukera izango da (izotzezko sagardoak, zaporetako sagardoak, apfelwein edo sagar ardoa, sagardo apardunak…) eta aurten, berrikuntza bezala, Zaporeak-ekin elkarlanean pintxo solidarioa eskainiko da.

SAGARDO FORUM-eko informazioa eta izen-emateak www.sagardoforum.eus webgunean daude eskura.