Sagar Uztak hemeretzigarren edizioa bete du aurten sagarraren festa ospatzeko eta giro ezinhobea izan da Astigarragako Foru plazan. Sagardoaren kulturan oinarrituriko jarduera ugari izan dira lau egunetan zehar. Azpimarratzekoa da aurtengo festa programa osatzeko sagardogileen, sektorearen, instituzioen, tabernarien eta kultur taldeen parte-hartzea, hala nola: Astigarragako Udala, Astigar E.O.E., Gure Izarra, Goldea Herri Kirol Batzordea, Mundarro Kirol Elkartea, Norberto Almandoz Musika Eskola, Xaguxar, Zipotza Kultur Elkartea, Txirriskla Txistulari Taldea, Erbitegi Etxeberri Txalaparta Taldea, Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartea eta Astiko Dendarien Elkartea. Aurten, berrikuntza bezala, Julen Lizeaga sagar ekoizleari aipamen berezia egin zaio.

Sagarra protagonista izan da gaur Astigarragan. Foruen enparantzan hemeretzigarren sagarraren festa ospatu da: sagarren erakusketa eta dastaketa, muztio eta sagardo dastaketa, saski eta txertaketa erakustaldiak eta 2019 uztako lehen muztioaren elaborazioa. Astigarragako familiek dolarean bertan muztioaren usadiozko elaborazio prozesuan parte hartu dute sagar bildu, jo eta zanpatuz. Behin elaborazio lanak bukatuta, lehen muztioarekin topa herrikoia egin da txalapartaren erritmora. Une horretan, Julen Lizeaga sagar ekoizleari aipamen berezia egin zaio sagardo sagarraren alde egindako lanagatik.

Harrera bikaina izan dute gaurko jardunaldian XIX. Sagar Uzta 2019 ospatzeko antolaturiko jarduerek, besteak beste: familientzako sagar muztioaren elaborazio lanek (60 parte-hartzaile), muztio eta sagardo dastaketak (13 sagardogile), XII. Sagar Uzta argazki rallyak (12 parte-hartzaile) eta sagar marmelada tailerrak (50 parte-hartzaile).

Aurreko egunetan ospatu diren jarduerek ere parte-hartze handia izan dute: Astigarragako Udalak herritar berrientzako antolatutako Sagardoetxeako bisita gidatuak (40 parte-hartzaile), sagarren eratorriekin egindako pintxo-poteak, tabernetan ospatu den Euskal Sagardo Festak, Euskal Herriko V. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren Finalak (irabazlea: Petritegi sagardotegia) nahiz “Sagar-Bira” Santiagomendiko Sagardo Bidean zeharko mendi-bueltak (19 parte-hartzaile).

Festak arratsaldean jarraitu du Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa (Markel  Zapiain izan da garaile 18:03ko denborarekin) eta afizionatuen pilota partidarekin (Arrieta-Azanza eta Olazabal-Gurutzealde / Xala-Santxez eta Barandiaran-Paskual).

XIX. Sagar Uztako argazkiak eskuratu