Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2023ko uztako sagardoa aurkeztu du gaur, maiatzak 28, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 48 sagardotegiek 85 produktu desberdin aurkeztu dituzte.
Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardogileen 85 sagardo aurkeztu dira, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta handia izan da kopuruz 2023koa, eta lortu den sagardoa orekatua eta ahoan leuna eta lurrintsua. Guztira, 6 milioi kilo bildu dira eta 4 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira.
Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Uzta oparoa izaki, 2024an dibertsifikazio horretan garatzeko aukera izan du sektoreak eta produktu desberdin asko egin dira.
Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla. Horretan zeresan handia dute, sagasti berrien diseinuak eta merkatura egokitzen jarraitzeko sagardogileek duten interesak. Azken uzta hau eta datozenak interesgarriak izango dira dibertsifikazio horretan.
Urtarrilaz gero, txotxean dastatu ahal izan diren sagardoak botilaratzen hasi dira sagardotegiak eta hemendik aurrera 2023ko uztaren ezaugarri guztiak botilan dastatzeko aukera izango dute kontsumitzaileek, sagardoa ondo borobildua botilan egongo baita.
Aurkezpena Albaola Itsas Kultur Faktorian
Gaur aurkeztu dira 2023ko uztako sagardoak Albaolan, eraikintzen ari diren San Joan Baleontzian bertan.
Itsasoa eta sagardoa elkarren lagun izan dira Euskal Herrian, marinelen eta inguruko langileen edaria izan baita sagardoa mendeetan zehar. Horrek, besteak beste, sagardo industria indartsu bat sortzeko baliabidea jarri zuen mende luzetan Euskal Herriko baserrietan, eta baita paisajea sagastiz betetzeko interesa ere. Bestalde, marinelek beren sustenguaren oinarri nagusietako bat izan dute sagardoa, eta hamarkada askotan, izurriterik txarrena izan zen Eskorbuto gaitzaren aurkako antidoto naturala. Euskaldunok izan dugun ezinbesteko sinbiosi hau irudikatzeko balio izan du gaurko aurkezpenak.
Iturria: Sagardoa Route