“Gure Sagardo Berria” oihu eginda, Euskal Pilota Selekzioko Enara Gamindek, Jose Mari Mitxelenak, Eñaut Lizeagak eta Beñat Lizasok txotx bolada ireki dute Astigarragako Petritegi sagardotegian, XXXIII. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aurretik, Errege Sagarra barietateko sagarrondo berri bat landatu dute Kontxa Etxeberria plazan.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Erribera Kulturgunean prentsaurrekoarekin eta bertan izan dira Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea), Azahara Dominguez (Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua), Xabier Arruti (Lurralde Oreka Berdearen diputatua),  Nora Beltran de Otalora (Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria), Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko zuzendaria) eta Euskal Pilota Selekzioko Joxe Mari Mitxelena (presidentea) eta Eñaut Lizeaga, Enara Gaminde eta Beñat Lizaso pilotariak.

Xabier Urdangarin alkateak esker ona adierazi die sagardogileei: “Aurten ere maitasun eta mimo handiz egin dituzue sagardoak, bakoitzak zuen erara. Eta eskuzabaltasunez zabalduko dizkiguzue zuen etxeko ateak”: Aldi  berean, Euskal Selekzioaren alde hainbeste urteetan “lana etengabe eta ixilean egin dutenak” oroitu nahi izan ditu, eta kirolarien lanak euskal herritarren aitortza merezi duela nabarmendu du.

Bestalde, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak gaurkoa gure lurraldeko ekitaldi kultural, gastronomiko eta turistiko garrantzitsuenetariko bat dela esan du. Aldi berean, txotx denboraldiak gure izateko eta bizitza ulertzeko era oso ondo islatzen duela adierazi du, eta horretaz gozatzeko erantzukizunaren aldeko deia egin du.

Xabier Arruti diputatuak euskal sagardoaak eta Selekzioak dituen antzekotasunak aipatu ditu. Besteak beste, euskal sagardoak eta euskal pilotak munduan gure nortasuna eta kultura zabaltzen duten irudia direla, zaharra eta berriaren arteko oreka lortzen dutela eta biek partekatzen duten kolore berdea.

Bestalde, Nora Beltran de Otalorak Euskal Sagardoak eman dituen urratsak nabarmendu ditu.

Uzta handiagoa izan da

Uztari dagokionez, Unai Agirrek azaldu du iazkoa baina handiagoa izan dela kopuruz, nahiz eta leku askotan espero zena baina %15-20 txikiagoa izan den, neguko hotz falta dela eta. Guztira hamar milioi litro sagardo inguru ekoiztu dira, eta horietatik, 3.100.000 litro inguru Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin 46 sgardotegietan: 2.965.000 litro Gipuzkoan, 40.000 Araban eta 95.000 Bizkaian. 2025ean 4,4 milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardorako.

Agirrek aurten sagardoak orokorrean arinagoak izango direla eta %6 alkohol inguru izango dutela esan du, baina azpimarratu du sagardotegi batetik bestera asko aldatuko dela eta aurten dibersifikazio handia egongo dela.

Bukatzeko, Agirrek azaldu du txotx denboraldia ireki duen kupelaren sagardoa Urtebi Txiki, Urtebi Handi, Errezila eta bestelako barietatekin egindakoa dela. Gehien bat sagar garratzak eta berantiarrak erabili dira. Hori-berdexka kolore du eta karbonikoaren arrastoa ondo nabarmentzen da edalontzian. Usaintzeko orduan aroma-intentsitate handia dauka, fruta zitrikoen ohar nabarmenekin, lima edo limoia bezelakoak. Dastatzerakoan freskotasuna da nagusi, eta garraztasuna zein mikatz sotilaren arteko oreka nabarmentzen da.

“Egun hau berezia da gure herriarentzat”

Euskal Pilota Selekzioaren aldetik, Enara Gamindek Sagardo Berriaren Egunaren protagonista izateko gonbitea ilusio eta harrotasunez hartu dutela esan du. “Egun hau berezia da gure herriarentzako eta kulturarentzako. Eta oso eskertuta gaude, gonbidapen hau gure lanaren aitorpen bat delako”.

Joxe Mari Mitxelenak ere pilota eta sagardoaren arteko antzekotasunak azpimarratu ditu. Izan ere, azaldu duen bezela, sagarrak eta eskuz zein zestarekin jolasteko pilotek sagarraren oso antzeko tamaina dute, beste herrialdeetan erabiltzen direnak, berriz, txikiagoak dira. Gainera, pilotan 30 modalidade desberdin daudela aipatu du, eta sagardoa egiteko ere mota askotako sagarrak daudela. Beste ereduen artean, zesta puntan erabiltzen den xistera sagarra biltzeko erabiltzen zen tresna dela aipatu du.

Gainera, euskal pilota kirola bakarrik ez dela nabarmendu du. “Sagardoarekin eta bertsolaritzarekin batera, kultura berezi bat egiten dugu, eta hiruak elkarrekin gauzak aurrera aterako ditugu. Elkarlanean ez gara besterik hasi eta bide luze, ona eta oparoa izango dugu”.

Bestalde, Eñaut Lizeagak Euskal Pilota selekzioaren erronka nagusia Munduko Txapelketa jokatzea dela adierazi du, aurretik lan asko egin beharra dagoela aitortu badu ere.

Azkenik, pilota egokituan aritzen den Beñat Lizasok gazteak kirol egokituan parte hartzera animatu nahi izan ditu. “Ni 2011. urtean hasi nintzen eta ohore bat izan da familia honetan sartzea”.

Prentsaurrekoaren ostean, Euskal Pilota Selekzioko ordezkariek Errege Sagarra barietateko sagarrondo berri bat landatu dute Astigarragako Kontxa Etxeberria plazan. Ekitaldi sinboliko horrekin naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira.

Ondoren, Petritegi sagardotegian Sagardo Berriaren Eguneko unerik garrantzitsuena iritsi da: “Gure Sagardo Berria” esanda, Euskal Pilota Selekzioak lehen kupela ireki du, eta horrekin batera, 2026ko sagardo denboraldi berriari ekin zaio.

Eskuratu 2026ko txotx irekierako argazkiak
Eskuratu prentsa dosierra PDF formatuan