Euskadiko gastronomia-turismoa sustatzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarritako “Euskadi Gastronomika” markapean sortu da Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sarea, zenbait gastronomia-produkturen inguruan, hala nola ardoa, txakolina, sagardoa, gazta eta txokolatea.
Euskadiko gastronomia-kultura ezagutzeko leku egokiak direnez, Villa-Lucia Ardoaren Erakustokia (Guardia), Txakolingunea (Bakio), Sagardoetxea Euskal Sagardoaren Museoa (Astigarraga), Igartubeiti Baserri Museoa (Ezkio Itsaso), Gaztaren Interpretazio Zentroa (Idiazabal), D’Elikatuz Zentroa (Ordizia) eta Gozogintzaren Museoa (Tolosa) elkartu egin dira Museo Sare honetan, eta hainbat kultura- eta gastronomia-proiektutan lan egingo du sareak gure lurreko gastronomiaproduktu tipiko hauen atzean ezkutatzen diren euskal funtsa eta ohiturak bisitariei helarazteko, euskaldunak hobekien identifikatzen gaituztenak ere baitira.
Gastronomia-museo eta -zentro guztien arteko hainbat urtetako lankidetzaren ondoren, honako esperientzia hauek sortu dira gaur egun arte: “Sagardoaren Bidea eta Idiazabal Gazta” Sagardoetxearen, Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroaren eta D’Elikatuzen artean; “Sagardoaren bidea” Igartubeitiren eta Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroaren artean eta “Gastronomia Bidea Euskadiren Bihotzean”, bisitak eginez D’Elikatuzera, Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentrora, Gorrotxategira, eta Ordiziako eta Tolosako azoketara.
Sare hori sortzearekin batera, jada eskaintzen diren esperientziez gain, museo horiek bisitatzeaz haratago doazen gastronomia-proposamen berriak eskainiko zaizkio bisitariari, eta museotara egindako bisitak uztartu ahal izango ditu ardo- edo txakolin-upategietara egindakoekin, gaztandegietara egindakoekin, sagardotegietako bazkari/afariekin, ekitaldiekin, azokekin, dastaketekin, eta Idiazabal gaztaren, sagardoaren, ardoaren, txokolatearen eta abarren elaborazioan parte hartzearekin, turistari esperientzia paregabea eta Euskadiren gastronomia-ikuspegi berria eskaintzeko.
Horretarako, zenbait proposamen eskaintzen dira: “Bidaia bat Euskadin barrena”:
Arabako Errioxako ardoaren funtsa:
– Bisita Villa-Lucia Ardoaren Erakustokira.
– Bisita Arabako Errioxako Ardoaren Bidearen upategi batera.
– Ardo-dastaketak Arabako Errioxako upategietan.
– Bazkaria Arabako Errioxako Ardoaren Bidearen upategi batean.
– Enogastronomia-esperientziak, show cooking, enogastronomia-gimkhanak…
– Eta honako ekitaldi hauek nabarmenduz:
• Mahats-bilketaren Jaia; irailean izaten da eta txandakatu egiten da Arabako Errioxako hainbat herriren artean.
• Uztaberri Eguna; otsailean izaten da, Lapuebla de Labarcan.
Goierri, “Idiazabal Lurraldea”:
– Bisita Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentrora.
– Bisita D’Elikatuz Zentrora.
– Idiazabal gaztaren dastaketa.
– Gazta baserri batean egitea.
– Eta honako ekitaldi hauek nabarmenduz:
• Urteko asteazken guztietan izaten den Ordiziako azoka.
• Artzainaren Idiazabal Gaztaren Lehiaketa, irailaren 8tik hurbilen dagoen asteazkenean Ordizian egiten dena.
• “Gazta Eguna” Idiazabalen maiatzeko lehenengo igandean.
Tolosa gozoa:
– Bisita Gozogintzaren Museora.
– Tolosako teilen tailerra eta txokolate-dastaketa.
– Eta honako ekitaldi hauek nabarmenduz:
• Urteko larunbat guztietan izaten den merkatua.
• Txuletaren Jaia (abenduaren 5etik 8ra).
• Tolosa Goxua (urriaren 24a).
• Tolosako babarrunaren astea (azaroaren 21-22a).
Sagardoa eta “txotx”aren erritoa Donostialdean eta Gipuzkoako barrualdean:
– Bisita Igartubeitira, XVI. mendeko dolare-baserrira (Ezkio Itsaso).
– Bisita Sagardoetxea Euskal Sagardoaren Museora (Astigarraga).
– Sagardo-dastaketak.
– Bazkariak sagardotegietan.
– Eta honako ekitaldi hauek nabarmenduz:
• Sagardo Berriaren Eguna, sagardotegien denboraldiaren irekiera, San Sebastian Egunaren aurreko asteazkenean izaten dena, Astigarragan.
• Santa Ana, uztailaren 26an izaten den Astigarragako Sagardo Eguna.
• Sagar Uzta, Astigarragan iraileko azken igandean izaten den sagarraren jaia.
• Sagardoaren Astea, urrian Igartubeitin izaten dena.
Bizkaiko txakolina:
– Bisita Txakolingunera.
– Txakolin-dastaketa.
– Bisita Bakioko txakolin-upategi batera.
– Eta honako ekitaldi hauek nabarmenduz:
• Bakioko txakolinaren aurkezpena San Jose egunean.
• Urri gastronomikoa Uriben.
Museo bakoitzak Totem bat dauka bere esperientziei buruzko informazio-liburuxkekin, eta QR kodeak bisita birtualetara sartzeko museo bakoitzean.
Eskuratu Prentsa Dossierra PDF formatuan