Txotx boladari hasiera emateko ospatu genuen XXI. Sagardo Berriaren Egunean atzerriko medioen presentzia handia izan zen, eta honek, aurten eskualdeko sagardotegietara nazio mailako eta atzerriko bisitarien kopurua handitzea eragin du. Krisiaren eragina Gipuzkoarren artean nabaritu da gehienbat, bertakoen sagardotegietarako joan-etorria murriztu egin delarik.
Urtarrilaren 16an, asteazkena, 2014ko txotx boladari hasiera eman genion Astigarragan XXI. Sagardo Berriaren Eguna 2014 ekitaldiaren ospakizunarekin. Urtero bezala, Sagardoetxean sagardo berriaren ezaugarriak aurkeztu genituen eta ondoren Kalakan musika taldeak sagardotegi denboraldi berria zabaldu zuen Alorrenea sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda. Urtero bezala eta aurkezpen ekitaldi honen ostean, sagardotegiek beren ateak denboraldi berriari zabaldu zizkieten ostiral horretan eta apirila amaiera bitartean, sagardotegietako txotx denboraldiaz gozatzeko aukera izan dugu bertako zein kanpotarrek. Txotx denboraldia amaituta, sagardotegi askok beren ateak itxi dituzte, baina badira txotx-aren errituaz urte osoan zehar gozatzeko aukera ematen diguten sagardotegiak ere.
Aurten bereziki nabarmentzekoa izan da nazio mailako zein atzerriko komunikabideek sagardotegietako txotx boladaren inguruan egin duten zabalpena. Txotx boladari hasiera emateko ospatu genuen Sagardo Berriaren Egunean ere ikusi zen kanpoko medioen presentzia aurreko urteetakoa baino handiagoa izan zela eta hori nabaritu egin da medioetako difusio eta sare sozialetako zabalpenean. Besteak beste, BBC Travel, Antena 3, EITB, Pupilas Gustativas, etab.
Horren eraginez, aurreko urteetako txotx boladekin alderatuta, nabaria da geroz eta kanpoko jende gehiago etortzen dela sagardotegietara eta nazio mailatik datozen bisitarien eta atzerritarren kopurua goraka doala. Horren adibide dira aurten sagardotegietan ospatu ditugun probaketak, arrakasta handia izan dute eta urtetik urtera parte-hartzaileen kopurua goraka doa. Aurten gainera, nabarmentzekoa da Gipuzkoatik kanpoko jendearen parte-hartzea, Gipuzkoarrez gain (%74), asteburu pasa etorri diren Cantabria, Asturias, Madrid eta Frantziako bisitariak ere izan baitira probaketa hauetan (%26).
Txotx bolada honetan sagardotegiak beteta egon dira larunbat eguerdietan eta jende asko tokirik gabe geratu da. Erreserbak orain arte bezala telefonoz eta e-mailez kudeatu dira eta txotx.info orrialdetik egindako erreserben kopurua asko handitu da. Bestalde, bisitariei satisfazio inkestak e-mailez bidaltzen hasi gara, erantzun ugari jasoaz.
Sagardoetxeako salmenten kopurua %15a igo da txotx bolada honetan eta sagardotegien kasuan bezala, aurreko urteetan baino nazio mailako bisitari gehiago etorri dira eta atzerritarren kopuruak ere goraka egin du. Igoera honen arrazoia, esperientzia turistiko ezberdinen sorrera izan da.
Txotx boladak herrietako bizitza alaitzen du eta ekintza gehiago antolatzen dira herrian, besteak beste: sagardotegietako probaketak, azokak, dantzari egunak, musika emanaldiak, Sagar Lasterra, Sagardoaren Kofradiaren Eguna, etab. eta bisitariek, bestelako plan osagarriak egiteko aukera izaten dute, besteak beste, Sagardoetxeako bisita, Astigarraga eta Hernaniko bisita gidatuak, Santiagomendiko Sagardo Bidea, gaztandegira bisitak, etab.
Txotx boladak sagardotegien inguruan dauden zerbitzuetan zuzeneko eragina dauka, besteak beste ostatuetan, garraioan, ostalaritzan, etab. Hala, garraio enpresa pribatuek beren zerbitzuak hobetu dituzte txotx boladan zehar (gaueko lineako autobus zerbitzua jartzea, taxi zerbitzua handitzea, etab.) eta garraio publikoa erabiltzen duten bisitarien kopuruak gora egin du. Bestalde, ostatuetan (landa-etxeak, hotelak eta pentsioak) txotx boladaren eragina nabaritu da asteburuetan, nahiz eta bisitarien egonaldiak laburragoak diren orain.