Sagardoaren Lurraldeak ‘Grolo de Ouro’ saria jaso du A Estradako (Galizia) XIII. Feira da Sidran. Saria Maceira e Sidra elkarteak eman dio, Sagardoaren Lurraldeak sagardoaren ondarea eta kultura zabaltzeko, sustatzeko zein balioan jartzeko egiten duen lana aitortzeko.

Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldeako gerenteak larunbatean jaso zuen saria, Luis Lopez Pontevedrako Aldundiko presidentearen eskutik. Saria jaso ondoren, Alkortak esker hitz batzuk esan zituen, eta aitortzaren balio sinbolikoa azpimarratu zuen, sagardo-ekoizle diren lurraldeen arteko lankidetzaren testuinguruan. “Guretzat ohore handia da ‘Grolo de Ouro’ sari hau jasotzea. Bihotzez eskertu nahi dugu aitortza hau; hunkituta baina, aldi berean, erantzukizunez jasotzen dugu”, adierazi zuen.

Erakundearen helburuari dagokionez, Alkortak honako hau adierazi zuen: “Sagardoaren Lurraldean egunero lan egiten dugu sagardoaren kultura zaintzeko eta zabaltzeko, gure nortasunaren, kulturaren zein bizimoduaren parte den ondare bizia baita”.

Sagardoaren Lurraldeari buruz

Sagardoaren Lurraldea erakundearen zeregina da sagardoaren kultura sustatzea, zabaltzea eta balioan jartzea. Sortu zenetik, sagardoarekin lotutako ondare materiala zein immateriala zaintzeko eta ezagutarazteko lanean dihardu, eta kultura, turismoa, gastronomia eta ikerketa arloko proiektuak bultzatzen ditu, Euskal Herrian mendeetako historia duen tradizio hau gordetzeko eta gizarteratzeko.

Bere jarduera-ildo nagusien artean, Astigarragan dagoen Sagardoetxea museoaren kudeaketa nabarmentzen da. Bertako sagastian, museo-gunean eta dastalekuan, bisitariei sagardoaren kulturaren historia eta egungo errealitatea sakon ezagutzeko aukera eskaintzen zaie. Horrez gain, museoak sagardoan eta sagarrean berezitutako dokumentazio-zentro bat du, eta bertan ia 80.000 funts aurkitu daitezke.

Sagardoaren Lurraldearen zereginen artean, halaber, garrantzi handia dute sagardoarekin lotutako turismo-esperientzien antolaketak, dinamizazioak eta sustapenak. Horien artean daude, besteak beste, ‘Museoa eta sagardotegia’, ‘Goxokata’, ‘Sagarbike’, ‘Sagardoa eta itsasoa’, ‘Sagardoa eta gazta’ zein ‘Sagartrekking’ esperientziak.

Horrez gain, Sagardoaren Lurraldeak sagarraren eta sagardoaren kulturarekin lotutako ekitaldiak ere antolatzen ditu. Horien artean, bereziki aipagarria da Sagardo Foruma, sagarrari, sagardoari eta kulturari, ondareari zein turismoari buruzko nazioarteko topaketa. Bi urtez behin egiten da Astigarragan zein Donostian, eta munduko hainbat herrialdetatik etorritako aditu eta sektoreko profesionalak biltzen ditu.

Sagardo Forumak, edizio bakoitzean, Nazioarteko Sagardo Lehiaketa, Nazioarteko Sagardo Azoka, jardunaldi teknikoak eta gonbidatuei gure lurraldea ezagutarazteko helburuarekin egiten diren bisita turistikoak hartzen ditu barne.

Aipatzekoak dira, halaber, Sagardo Berriaren Eguna, Santa Ana eta Udazken Zaporez ekitaldiak ere. Jarduera horiek Sagardoetxean ez ezik, Astigarragako beste hainbat gunetan ere egiten dira, eta haien helburua da sagardoaren kultura eta ondarea inguruko herritarrei hurbiltzea.

Era berean, Sagardoaren Lurraldeak ekoizleekin, sagardotegiekin, elkarteekin eta erakundeekin elkarlanean jarduten du sagardoaren kulturaren eta harekin lotutako turismoaren sustapenean. Horren adibide dira ‘CiderLands’, ‘Camino de la Sidra’ eta ‘Gastromuseums’ sareak.

Azkenik, erakundea ondarearen zaintzarekin eta berreskurapenarekin lotutako ikerketa-, dokumentazio- eta babes-proiektu batean murgilduta dago. ‘Dolareak’ proiektua Peio Martikorena Fundazioak bultzatu du Astigarragako Udalaren laguntzarekin. Ekimen honen bidez, CIF Donibane (Nafarroa), EASO Politeknikoa (EAE) eta Fédération Compagnonnique (Akitania Berria) hezkuntza-zentroetako arotzeria ikasle talde bat Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko sagardo dolarea zaharberritzen ari da. Pieza hori XVII. mendekoa da, balio handiko ondare-elementua da eta Sagardoetxearen bildumaren parte da, urteetan zehar gordeta egon dena. Horrez gain, sagardoaren elaborazioarekin lotutako beste tresna batzuk ere berreskuratzen ari dira.

Proiektu hori herritarrei hurbiltzeko asmoz, 2026ko udazkenean bisita gidatuak egingo dira dolarea ezagutzeko. Bisita horiek Sagardoetxearen 20. urteurrena dela eta aurten antolatutako ekimenen programaren barruan kokatuko dira.

Feira da Sidrari buruz

A Estradako Feira da Sidra Galiziako sagardoarekin lotutako topaketa garrantzitsuenetariko bat da, eta urtero egiten da. A Estradako Udalak eta Asociación Maceira e Sidrak antolatzen dute, eta helburua da sagardoaren kultura sustatzea, tokiko sagardo-ekoizpenaren tradizioa balioan jartzea eta sektore horri lotutako ekoizleentzako, erakundeentzako eta profesionalentzako topagune izatea.

Errekor zifrak izan dituen edizioa

Antolakuntzak zabaldutako informazioaren arabera, aurtengo edizioak errekor zifrak izan ditu: 4.000 edalontzi banatu ziren, eta 5.000 litro sagardo eskaini ziren.

Gainera, hamahirugarren edizio honetan 24 sagardogilek hartu zuten parte, Espainia, Portugal, Letonia, Txekia eta Frantziako hainbat tokitatik etorriak. Euskal Herriari dagokionez, bertan izan ziren Bereziartua eta Astarbe (Astigarraga), Kuartango (Araba) eta Martintxonea (Nafarroa) sagardotegiak.