Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, 2025eko azaroaren 20tik 22ra VI. Sagardo Foruma izan da Astigarragan zein Donostian. Ekitaldiak sagarrari, sagardoari eta sagardoaren kulturari, ondareari eta turismoari buruzko jardunaldi teknikoak, Nazioarteko Sagardo Lehiaketa eta Nazioarteko Sagardo Azoka jaso ditu egitarauan. 

Jardunaldi teknikoak

Azaroaren 20an eta 21ean VI. Sagardo Forumaren baitan, jardunaldi teknikoak izan dira Astigarragako Erribera Kulturgunean. Tokiko, estatuko eta nazioarteko adituek ondarea, museologia, turismoa, sagarraren laborantza eta sagardoaren elaborazioa izan dituzte, besteak beste, eztabaidagai.

Hala, ondareari buruzko atalean, hainbat hitzaldi eskaini dira: Xabier Urdangarinek (Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko presidentea) berriki abian jarritako ‘Dolareak’ proiektuari buruzko azalpenak eman ditu. Jabier Lekuonak (Hirigintza arkitektoa eta Peio Martikorena Fundazioko kidea) Egurra eta kultura ondarea izan du hizpide. Ildo beretik, Dolareak, baserriak, egurra eta ondarea izenburupean solastu dira Ibon Telleria (EHUko irakaslea den Arkitekto doktorea) eta Josue Susperregi (Arkeolan Fundazioko zuzendaria zein Dendrokronologia Laborategiko arduraduna).

Museologiari eskainitako ardatzean, Jordi Abellak (Ecomuseu de les valls d’Àneu-ko zuzendaria), Pere Casasek (Museu del Ter-eko arduraduna) eta Roser Vilardell i Arevalok (Museu Etnogràfic de Ripoll-eko zuzendaria) parte hartu dute. Herritarrei irekitako museoak lelopean, gaiari buruzko ezagutzak partekatu dituzte Erribera Kulturgunera bertaratutako publikoaren artean. Hitzaldi bana eskaini dute, eta ondoren, Ainhoa Bernabe Eusko Jaurlaritzaren Museoen Zentroko teknikariak gidatutako mahai-ingurua izan da.

Jardunaldi teknikoetan landutako gaien artean, turismoarena ere jorratu da. Horretarako, hainbat aditu gonbidatu ditugu gurera: Paolo Spagnolok (Suitzako MoMö Museum Museoko Kudeatzailea) MoMö Museum: kontsumitzailearekin konektatzeko eta etorkizuneko oinarriak ezartzeko gakoak eskaini ditu. Manuel Niembro asturiarrak, Ruta’l Quesu y la Sidra: Asiegun barrena egindako txango geografikoa, Asturiasko paisaian, kulturan eta gastronomian barrena izan du hizketagai.

Sagardo Forumaren lehengai nagusia sagarra da, eta ohi bezala, gai horri ere tarte bat eskaini zaio jardunaldi teknikoetan. SERIDAko Barazki, Fruta eta Baso Laboreen Arloko Ikertzailea den Aitor Somoanok Satainaren kontrol integratua-ren gaineko argibideak eman ditu; Jordi Sabatek (Nekazaritzako ingeniari doktorea eta Cabrilseko IRTAren ‘Protecció Vegetal Sostenible’ Programako ikertzailea) Sagarrondoaren ugalketaren fitoplasma: epidemiologia eta kontrola-ri buruz aritu da; eta The Regen Academy-ko aholkularia den Nuri Madeok nekazaritza birsortzailearen gaiari heldu dio bere hitz-aspertuan: Nekazaritza birsortzailea sagarraren laborantzan. Aitor Etxeandiak, frutikulturan aholkularia, gidatu du aipatutako tartea.

Sagardoa ardatz izan duen atalean, hezkuntzaren eta komertzializazioaren gaiak landu dira. EDA Drinks & Wine Campus-eko zuzendariak, Elisa Ucarrek, EDA Drinks & Wine Campus: 360 ikuspegia sagardoaren alorreko prestakuntzan izenburupean hitzaldia eskaini du. Ondoren, Haritz Rodriguez  (pommelierra eta sagardoaren alorreko hezitzailea) arduratu da mahai-ingurua moderatzeaz. Nola izan presentzia saltokietan? galderari erantzunez, zenbait arrakasta-kasu ezagutzeko aukera era izan da gonbidatu hauekin: Carlos Lopez de Lacalle (Artadi upategien jabea), Joseba Martikorena (Martiko-ko zuzendari orokorra) eta Arantxa Goenaga (Goenaga Esnekiak-eko kudeatzailea). Denek beren esperientzien berri eman dute, eta ondoren, Ion Zapiain Zapiaingo salmenta arduradunak gidatutako mahai-inguruan parte hartu dute. Parisen kokatuta dagoen La Cidrerie taberna-sagardotegiaren sortzaileak, Benoît Marinosek, amaiera eman dio azaroaren 21eko saioari Sagardoa saltzearen artea: edalontzitik taulara aurkezpenarekin.

Nazioarteko Sagardo Lehiaketa

17 herrialdetako sagardo ekoizleek (Portugal, Norvegia, Herbehereak, Letonia, Frantzia, Polonia, Lituania, Txekiar Errepublika eta Ameriketako Estatu Batuetakoak, besteak beste) parte hartu dute Sagardo Forumeko V. Nazioarteko Sagardo Lehiaketan. Guztira, 204 produktu aurkeztu dira aurten, bederatzi kategoriatan sailkatuta. Azaroaren 20ko arratsaldean, estatuko eta nazioarteko 30 epailek dastatu eta puntuatu dituzte sagardoak Donostiako Basque Culinary Centerren. 10 mahaitan bildu dira, eta sagardoak banan-banan baloratu dituzte, kategoria bakoitzeko dominak emateko. 176 domina banatu dira guztira: 61 urre, 81 zilar eta 34 brontzezkoak. Halaber, urrezko domina eskuratu dutenen artean, lehiaketako produkturik onena aukeratu da. Hala, Best of Show saria Weidmann & Groh ekoizle alemaniarraren Cidonya sagardoak eskuratu du.

Hauek izan dira Nazioarteko Sagardo Lehiaketako ohorezko txapelen irabazleak:

‘Best of Show’ saria: Cydonia – Weidmann & Groh (Alemania)
Kategoria bakoitzeko irabazleak:

  • Sagardo naturala: Zapiain Euskal Sagardoa Premium 2024 – Zapiain Sagardotegia (Euskal Herria).
  • Garraztasuna nagusi duen sagardoa: Semi Sweet still apple Cider – Mr. Plume Cidery (Letonia).
  • Mikaztasuna nagusi duen sagardoa: Dabinett (Keeved) – South Hill Cider (AEB).
  • Premium sagardo aparduna: Cuveé Brut – South Hill Cider (AEB).
  • Udardoa: Alte Mostbirnen 2021 – Gutshof Kraatz (Alemania).
  • Zaporetakoa edo mistoa: Cydonia – Weidmann & Groh (Alemania).
  • Sagardo berriak: Gaitero Rosé – Valle Ballina y Fernández (Espainia).
  • Postrerako sagardoa: Sidra de Gel – Mooma Obrador (Espainia).
  • Kategoria irekia: Vermú con sidra Kuartango – Kuartango Sagardotegia (Euskal Herria).

Sari guztiak Sagardoaren Lurraldearen webgunean kontsulta daitezke.

Nazioarteko Sagardo Azoka

Sagardoaren Nazioarteko IV. Azoka Donostiako Basque Culinary Centerren izan da aurten. Hala, azaroaren 22an, munduko txoko guztietan egiten diren sagardo mota ezberdinak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan da.

Bertako, nazioko eta atzerriko 23 ekoizlek (Norvegia, Austria, Lituania, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Letonia, Italia, Txile, Ameriketako Estatu Batuak, Espainia zein Euskal Herrikoak) beren produktuak dastatzen eman dituzte azokan. Sagardo naturalak, apardunak, zaporetakoak, udardoak, garraztasuna ala mikaztasuna nagusi dutenak, postrerako sagardoak eta berriak. Bertaratutakoek stand bakoitzean eskainitako produktuak dastatzeko eta ekoizleen eskutik ezagutzeko aukera izan dute. Gainera, Basque Culinary Centerreko ikasleek azokan dastatu diren pintxoak prestatu eta eskaini dituzte.

Halaber, bi dastatze gidatu eskaini dira: lehena, Tano Colladak gidatua, alkoholik gabeko sagardoetan oinarritua, eta bigarrena, Satxa Zeberiok eta Ion Zapiainek gidatua, sagardo-bermutei eskainia.

Ehunka lagun hurbildu dira Sagardo Forumaren azken edizioko azokara. Aurten, berritasun gisa, doako autobus zerbitzua izan da Hernanitik zein Astigarragatik Basque Culinary Centerrera gerturatu nahi izan duten herritarrentzat.

Afari bereziak eta txangoak

Aipatutako jarduerez gain, aurten txango ezberdinak eskaini zaizkie Sagardo Forumean parte hartu duten ekoizle eta eragileei: Astigarragako Sagardoetxea Museoa, Ezkio Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoa, Donostiako Aquariuma eta Astigarragako Zapiain Sagardotegia.

Arrakasta handia izan dute, era berean, VI. Sagardo Forumaren baitan antolatutako gainerako jarduerek ere. Horietako bat, Donostiako Tabakalerako LABe Restaurant jatetxean eskainitako irekiera afaria izan da. Bertan, tokiko zein nazioarteko sagardoak dastatzeko aukera izan da, eta ekoizleek dastatutako sagardoei buruzko azalpenak eman dituzte.

Horrez gain, Astigarragako Alorrenea sagardotegiantxotx erritu’ afaria ere izan da txotxaren errituaz eta sagardotegiko menuaz gozatzeko.

Babes lokala, pribatua eta instituzionala

Beste behin, Sagardo Foruma sagardoaren nazioarteko topaketa gisa gailendu da, eta mila urteko usadioaren azterketarako, ospakizunerako eta sustapenerako oholtza ere bilakatu da. Sagardozaleentzako derrigorrezko hitzordu honetan, sagardoaren elaborazioari buruzko ezagutzak barneratzeko, mundu osoko sagardoak dastatzeko eta sagardoaren kulturaz gozatzeko bideak ireki zaizkie herritarrei.

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Astigarragako Udalaren eta HAZIren babesa izan du ekitaldiak, baita Euskal Sagardoa, Fraisoro eta Fruitel elkartearen zein EDA Drinks & Wine Campus eta Basque Culinary Centerren laguntza ere.

Egilea: Sagardoaren Lurraldea
Iturria: Sagardoaren Lurraldea Urtekaria 2025