Sagardoetxea Museoa sagardoaren kultura mantendu nahiz sustatzeko lanetan aritu da 2006ko irailean bere ateak ireki zituenetik. Hala, 2021an 15 urte ospatuko ditu Sagardoetxeak eta jarduera ugari antolatu dira herritarrek sagardoaren kulturaz eta sagardogintzako kultur ondarez gozatzeko.
Sagardoetxean bertan prentsaurrekoa ospatu da gaur 15. urteurrenaren ospakizunerako egitarauaren berri emateko eta bertan izan dira Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko presidentea), Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntza politikako Sailburua eta bozeramailea), Javier Hurtado (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Sailburua), Maria Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria), Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria) eta Peli Manterola (HAZIko zuzendari nagusia).
Sagardoetxeak 15. urteurrena ospatzen du, baina Astigarragako herriak 50 urte inguru daramatza sagardoaren kultura eta ondarea bultzatzen: Sagardo Egunaren ospakizuna, pieza etnografikoen bilketa, baserri eta piezen argazkiak, Sagardoaren Hitzegirako hitzen bilketa, etab.
Xabier Urdangarin alkateak, Sagardoetxeak urte hauetan sagardogintzako kultur ondarea mantentzeko egindako lana azpimarratu eta ondare hori datozen belaunaldiei erakusteko Astigarragak herri gisa duen erantzunkizuna azpimarratu ditu. Ondoren, Sagardoetxearen 15. urteurrenaren ospakizunerako antolatu den egitaraua aurkeztu du: Gordailua (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) eta Sagardoetxearen arteko elkarlanari esker, Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza ikusgai egongo da Sagardoetxean. Honetaz gain, Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroaren erakusketa antolatu da eta bertan katalogatuta dauden funtsak (dokumentuak, hemeroteka, argazkiak, etab.) ezagutzeko bisita gidatuak izango dira. Herritarrek ere izango dute kultur aisialdiaz gozatzeko tartea eta larunbat honetan, irailak 25, familientzako bisita gidatu nahiz tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute (ikusi egitaraua gehigarrian).
Azpimarratzekoa da kulturaren arlotik sagarra eta sagardoaren ondareari eman nahi zaion babesa. Bingen Zupiria Sailburuak, Sagardoetxeak bere Dokumentazio Zentroan nahiz Jaurlaritzako ENSIME aplikazioan gordeta duen ondarea balioan jarri eta “Ondarearen zaintzaren ikuspuntutik bidelagun” izaten jarraitzeko asmoa azpimarratu du. Bestalde, Maria Jose Telleria Aldundiko Kultura Zuzendariak, “Sagardoetxean ikusgai dagoen Gordailuak utzitako Ubegi baserriko dolare ardatza denon arteko elkarlanaren ikur bat” izatea nahi dugula adierazi du.
Turismo arlotik ere, sagardoaren kultura esperientzia garrantzitsua da Euskadin. Javier Hurtado Sailburuak adierazi duenez, “Sagardotegiko esperientzia erritu bat eta enogastronomia gizarte-jarduera gisa ulertzeko modua da”. Bestalde, Iker Goiria Aldundiko Turismo Zuzendariak adierazi duenez, “Sagardoaren esperientzia Gipuzkoako 10 top esperientziatako bat da eta Sagardoetxeatik esperientzia hau munduratzea garrantzitsua da”.
HAZItik ere lan handia egin da azken urte hauetan bertako sagarra eta sagardoaren alde. Peli Manterola zuzendari orokorrak aipatu duen moduan, “Azken urteotan gertatutako ekintza garrantzitsuena 2017ko Jatorri Izendapenaren sorrera izan da eta hori elkarlanaren emaitza izan da”.
Prentsaurrekoko argazkiak eskuratu
Sagardoetxearen 15. urteurreneko egitaraua eskuratu