Sagar Uztak hemezortzigarren edizioa bete du aurten sagardotegietako dolaretako lanen hasiera ospatzeko eta sagardoaren kulturan oinarrituriko jarduera ugari izan dira jardunaldi osoan zehar Astigarragan. Azpimarratzekoa da urten ekitaldiak izan duen Sagardun Patzuergoko sagardotegi eta herriko sagardotegien (Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardotegiak eta besteak) nahiz herriko kultur taldeen parte-hartzea “Astigarraga eta sagardoa” lelopean, besteak beste: Astigar E.O.E., Gure Izarra, Goldea Herri Kirol Batzordea, Mundarro Kirol Elkartea, Norberto Almandoz Musika Eskola, Xaguxar, Zipotza Kultur Elkartea, Txirriskla Txistulari Taldea, Erbitegi Etxeberri Txalaparta Taldea, Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartea, Harituz eta Astiko Dendarien Elkartea.

Sagarra protagonista izan da gaur Astigarragan. Foruen enparantzan sagarraren festa ospatu da: bertako nahiz nazioarteko sagarren erakusketa eta dastaketa, muztio eta sagardo dastaketa, saski eta txertaketa erakustaldiak eta 2018 uztako lehen muztioaren elaborazioa. Astigarragako hainbat familiek dolarean bertan muztioaren usadiozko elaborazio prozesuan parte hartu dute sagar bildu, jo eta zanpatuz. Behin elaborazio lanak bukatuta, lehen muztioarekin topa herrikoia egin da txalapartaren erritmora.

Harrera bikaina izan dute gaurko jardunaldian XVIII. Sagar Uzta 2018 ospatzeko antolaturiko jarduerek, besteak beste: familientzako sagar muztioaren elaborazio lanek (60 parte-hartzaile), muztio nahiz sagardo dastaketak (13 sagardogile), XI. Sagar Uzta argazki rallyak (14 parte-hartzaile), sagar marmelada tailerrak (25 parte-hartzaile) eta sagar postre lehiaketak (8 parte-hartzaile), Ane Dominguez izan delarik irabazle.

Aurreko egunetan ospatu diren jarduerek ere parte-hartze handia izan dute: pintxo-poteak, “Sagar motak ezagutuz” Santiagomendiko Sagardo Bidean zeharko mendi-bueltak (20 parte-hartzaile), familientzako sagarrekin egindako apainketa tailerrak (40 parte-hartzaile) eta I. Sagar Uzta Erronka Indoor kirol probak. Kirol proba honen lehen edizioan Zelaia sagardotegia izan da irabazle, Zapiain sagardotegia bigarren eta Oialume Zar sagardotegia hirugarren.

Sagar Uztako argazkiak eskuratu