Usurbilgo Udalak, Alkartasuna Kooperatibak, Sagardoaren Unibertsitateak, Sagardo Egunaren Lagunak, Noaua!k eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak “Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura” marka eratu dute. Sagarraren eta sagardoaren kultura zabaltzeko eta herrian egiten diren ekimenak bateratzeko eta koordinatzeko helburuz sortu dute.
«Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura» marka eta udazkeneko agenda aurkeztu dituzte gaur goizean ekimen honen sustatzaile izan diren elkarteetako ordezkariek: Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, Mikel Izagirre Alkartasuna Baserritarren Kooperatibako lehendakariak, Jakoba Errekondo Sagardoaren Unibertsitatea elkarteko ordezkariak, Aizpea Aizpurua Noaua! Kultur Elkarteko ordezkariak eta Olatz Mitxelena eta Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile elkarteko ordezkariek. Lan kontuak medio, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak elkarteko kideek ezin izan dute bertaratu, baina ekimenaren bultzatzaileak ere badira. Aurkezpenera ere herriko sagardogileak hurbildu dira, eta, ostean familia-argazkia atera dute guztiek.
Xabier Arregi Usurbilgo alkateak ongi-etorri oparoa egin dio ekimenari. Haren hitzetan, Usurbil, sagarra eta sagardoa elkarri lotutako hiru kontzeptu dira. “Sagarra eta sagardoa gure bizimoduaren ardatz izan dira mendetan, eta, horregatik, herri-ondare garrantzitsua dira”. Nabarmen ikusten da hori hainbat arlotan: historia, kultura, nekazaritza, hezkuntza, sorkuntza, turismoa, paisaia, garapen ekonomikoa, enplegua, merkataritza edota lurralde antolaketan. Haatik, Arregiren esanetan, ez dira kontzeptu geldoak. Bizi-bizirik daude. Herri-ondare bizia da. “Ez dira soilik kontzeptu historikoak, geldoak. Ekinean ari den kontzeptua da, bizi-birik dago”. Izan ere, sagarra eta sagardoa ardatz duen jarduera ekonomiko indartsua du Usurbilek, jarduera ekonomiko nagusietako bat baita.
Horretaz gainera, Usurbilen saio eta ekintza ugari antolatzen dituzte herri-eragileek sagarra eta sagardoaren bueltan. Aipagarriak dira, esate baterako, Sagardo Eguna antolatzen herri aitzindaria izan zen Usurbil eta dagoeneko 37 aldiz egin da; eta Sagastiak Loretan zikloaren 6.edizioa egingo da aurten. “Horrek adierazten du bizi-bizirik dagoela herrian sagarraren eta sagardoaren inguruko jarduna”, dio alkateak. Hala ere, horiek guztiak koordinatzeko beharra ikusi da, eta behar horri erantzuten dio, hain zuzen ere, Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura markak.
Iturria: www.usurbil.eus