Aurtengo Santa Ana Egunean, Astigarragak Sagardo Egunaren 40. urteurrena ospatzen du. Urteen joan etorriarekin, herritar askorentzako ohitura eta derrigorrezko hitzordua bilakatu da Sagardo Egun hau, beroren izpiritua belaunaldi batetik bestera helarazi delarik. Halere, gauzak asko aldatu dira 1976ko uztailaren 26a hartatik!
1976. urteko Sagardo Egunak sagardoaren inguruan antolatzen ziren jaien lehena eta geroa ezarri zuen, bai Astigarragan, bai Euskal Herrian ere. Lehena, lehendabizikoa izan zelako eta honenbestez , gainerako guztien eredu izan delako neurri handi edo txikiagoan; eta geroa, honen arira, “sagardoaren jaia”, sagardo munduko kulturaren dibulgazioa eta sagardoaren komertzializazioa beste ikuspuntu eta ulerkera batetik antolatzen hasi zirelako.
Sagardo Egunaren sortzaile eta bultzatzailea, hamahiru-hogeita bederatzi urte bitarteko gazteez osaturiko Astigarragako talde bat izan zen, euren ezinegon eta kultur sentsibilitateak bultzata, “Astigar, Euskal Ohitura zaleen Elkartea” kultura-elkartea sortu zutelarik. Urte batzuk geroago, Zipotzak hartu zuen Sagardo Eguna antolatzeko testigua eta 2003. urtean, Sagardun Partzuergoaren eskuetara pasa zen jaia antolatzeko ardura.
2012-az geroztik, Sagardo Eguna “Sagardoaren Lurraldea” markapean antolatzen du Sagardun Partzuergoak.
Astigar, kulturaren bultzatzailea
Astigar taldeak 1976. urteko otsailean hasi zuen bere ibilbidea. Garai hartako kultur mugimendu ezaren aurka altxatzeko ahalegina egiten zuten gazte talde gisa sortu zen, eta jarduera ezberdinak sortu zituzten, besteak beste: euskal dantza, solfeo, txistu, akordeoi eta euskara ikastaroak; esku pilota eta pala txapelketak; “Kultur asteak” eta gure historia, ohiturak, arbasoen bizimoduak eta sagardoaren kultura ezagutzera ematen zituzten hitzaldiak; mendi irteerak; argazki erakusketak; Olentzeroa eta Astigarragako Jaiak.
1984. urtean Astigar taldeak “Sagardogintzaren Museoa”ren sorrera bultzatu zuen, baina babes instituzionalik ez zuenez, ez zuen aurrera egin proiektuak. Ia hogei urte geroago, ordea, bere ateak ireki ahal izan zituen “Sagardoetxea, Sagardoaren Museoa” izenpean.
Aurrekariak
Astigarragako koadrilek utzitako testigua Astigar elkarteak hartu zuen eta 1979. urterarte, bertako beste erakunderen laguntza eta partehartzerik
gabe antolatu zituen jaiak.
1976. urtean, jaietako egitarau erakargarri eta parte-hartzaile bat prestatzea pentsatu zuten eta horretarako jarduera ugari pentsatu zituzten, besteak beste: herri kirol erakustaldiak, euskal dantza eta eskulangintza, dantzaldiak, marrazketa lehiaketa, trikitrixen diana eta sagardo lehiaketa eta dastaketa.
Sagardo lehiaketa zein dastaketak Santa Ana egunean ospatu ziren eta aurreko urterarte antolatu zen sagardo botatzaileen lehiaketa ordezkatu zuten, parte-hartzeko aukerarik ematen ez zuenez, aspergarria suertatzen baitzen herritarrentzat.
Lehendabiziko dastaketa honetan Astigarraga eta Ergobiko sagardogile guztiek parte hartu zuten. Sagardogile bakoitzak berrogeita hamar sagardo botila oparitu zituen, baina oraindik urte dezente igaro behar izan zuten sagardoa eurek zerbitzatzen hasteko, beraien produktua merkatuan komertzializatzen hasi artean ez baitzuten horrelakorik egin.
Sagardo Egunaren historia
Dastaketa egunean, sagardo bakoitza ardo kupel huts bat zuen banako mahai batean aurkeztu zuten. Kupel hauek, Astigarragako ardo biltegi batek utzitakoak ziren eta sagardotegiaren izena zeraman kartel bat zuten apaingarri.
Aurkezpen hau nahiko eskasa geratzen zela ikusita, hurrengo urtean Astigar taldeko gazteek ibaiertzean hartutako kanaberak gehitu zizkioten.
Sagardoa dastatzeko “erritua” ere bestelakoa zen. Gaur egun norberak bere edalontzia hartuta dastatzen ditu sagardo ezberdinak, baina 1976. urtean, sagardotegietako ohiturari jarraituz, erakusmahai bakoitzean hamabi edalontzi zeuden eta urez beteriko ontzi terreina batean garbitzen ziren sagardoa hurrengoari zerbitzatu ahal izateko.
Lehendabiziko Sagardo Egun honek izandako arrakastak, sagardogileak euren produktua kalean egoteak zuen garrantziaz jabetzeko balio izan zuen, baita Euskal Herrian beste Sagardo Egun batzuk antolatzeko ere. Gaur egu asko ezagunak dira Errenteriako Sagardo Eguna (apirila), Usurbilgo Sagardo Eguna (maiatza), Oiartzungo Sagardo Eguna (maiatza), Pasaiako Sagardo Eguna (ekaina), Donostiako Sagardo Eguna (iraila), Eibarko Sagardo Eguna (urria), etab.
Ia bi hamarkada ostean, “Zipotza Elkartea”k Astigar taldearen testigua hartu zuen eta Sagardo Egunaren antolaketaren ardura hartu zuen Udalaren eta gainerako erakundeen laguntzarekin. Aurreko antolatzaileak bezala, jaia arrakastatsua izaten jarraitzeko ahalegina eta saiakera egin zuen: edalontzien salmenta bultzatu zuen sagardoa dastatzerakoan nork berea izan zezan, pintxoa dastatzeko ohitura ezarri zuen eta sagardogileak animatu zituzten sagardoa beren postuan zerbitzatzera.
Sagardun Partzuergoa
Honela 2003. urtera iristen gara, “Sagardun Partzuergoa” sortu zen urtera. Gaur egun Astigarragako Udalak, hamalau sagardogilek eta zazpi kultur taldek osatzen dute, horien artean Astigar eta Zipotza daudelarik. Urte honetatik aurrera, Sagardo Eguna antolatzeko ardura Sagardun Partzuergoak bere gain hartu du eta baliabide gehiago izanda, jaia erakargarriago eta ezagunagoa egiteko, eta identitate zeinu propioak emateko, dimentsio berri bat eman dio ospakizunari.
Uztailak 26, XL. Santa Ana Astigarragan
Aurten, 40 urte beteko ditu Astigarragako Sagardo Egunak eta sagardo dastaketaz gain, jarduera ugari izango dira ospakizunaz gozatzeko!
Gerturatu Astigarragako plazara eta ospatu dezagun topa eginez!
———————————————–
Artículo y fotografías: Sagardoaren Lurraldea
Fuente: Boletín 39 de Sagardoaren Lurraldea
Suscripcion al boletin Sagardoaren Lurraldea