Nafarroako txoko desberdinetako sagardo sagar ekoizleek Sagarrica Elkartea sortu dute sektorea antolatzeko eta ordezkatzeko, elkar ezagutzeko, elkarri laguntzeko eta denen artean elkarlana sustatzeko. Elkarteko presidentea den Lander Sagaseta sagar ekoizlearekin batera Elkartearen xehetasunak ezagutu ditugu.
Fruitel Elkartea bidelagun, Sagarrica Nafarroako sagardo sagar ekoizleen elkartea sortu zuten 2022 urtearen amaieran helburu hauekin: Nafarroako sagar ekoizleak elkar ezagutzea, bertako sagar barietate zaharrak berreskuratzea, Euskal Sagardoa sor-markan sartzeko urratsak ematea eta sagarren ekoizpenaren sektorearen errentagarritasuna lortzea.
Doneztebeko, Baldorbako, San Adriango eta Oskozko lau sagar ekoizle zeuden taldean hasiera hartan, baina pixkanaka jende gehiago taldera batzen joan zen, eta gaur egun hamabost ekoizle daude Sagarrica Elkartean sartuta. Ekoizle txikiak izan arren, denen artean 80 bat sagar hektarea dauzkate.
Nafarroa ere sagarrondo herrialde bat da, eta Iparraldeaz gain, historikoki Ebroko Erriberan eta Arga ibaiaren ertzean sagastiak egon dira: “Sagar barietateei dagokionez aberastasun genetiko handia dago Nafarroan: “Bertan baditugu 200 sagar barietate sagardotarako zein mahairako”.
“Euskal Sagardoa Jatorri izendapenaren barruan egoteak kalitate gorenean lana egiteko aukera emango digu»
Sagarraren zaintzak garrantzia handia du, eta bertako sagar barietate zaharrak berreskuratzea Elkartearen helburuetako bat da: “Sagar barietate berdinak tokiaren arabera ezberdin funtzionatzen du, eta hori gertatzen da “Narbarteko Gorria” sagar barietatearekin. Jatorria Narbarten duenez, ondo aklimatatzen da Baztan-Bidasoa aldean zein Erriberan, baina beste lekuetan su-gorrinak kaltetzen du”.
Gaur egun lander Sagasetak bere lurretan ekoizten dituen sagarrak Gipuzkoako sagardotegiek hartzen dituzte, sagardoa egiteko. Sagarrica Elkartean sagardo sagar ekoizleak bakarrik sartuta daude, eta nahiz eta sagarrak Gipuzkoako sagardotegietara ekarri, Nafarroako sagardo ekoizleek ere erabiltzen dituzte beren sagardoa ekoiztu ahal izateko: “Dolarea Nafarroako Sagardogile Elkarteko sagardogile batzuk sagar ekoizleak ere badira, eta Sagarrica Elkarteko kide dira”.
Sagarrica Elkartearen sorrera Nafarroan sagarrondoen inguruan dagoen tradizioa eta kultura biziberritzeko bultzada izan da, eta sektorea hobetzeko helburuz ari dira lanean: “Etorkizunera begirako gure erronkarik nagusietakoa sagarraren ekoizpena erregulatzea da, horrek egiten dugun lanean segurtasuna bermatuko digulako eta sagardotarako sagarren ekoizpenaren sektoreari errentagarritasuna lortzeko aukera emango diolako”.
2017az geroztik Nafarroako sagardo sagar ekoizpena Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenean onartua izateko lanean dihardu Elkarteak, hauen ustez sor-marka barruan egoteak kalitate gorenean lana egiteko aukera emango dielako Sagarrica Elkarteko sagar ekoizleei: “Nafarroan baditugu Jatorri Izendapenaren barruan sar daitezkeen 50 sagar barietate. Beraz, ekarpen hori egingo genioke jatorri izendapenari”.
Autor: Sagardoaren Lurraldea
Fuente: Anuario Sagardoaren Lurraldea 2024