Sagardotegiaz gozatzeko gomendioak

Nolakoa da eta zer egin sagardotegian txotx egun batean

Sagardotegira joatea, txotx-aren errituaz gozatzea, leku batetik bestera doan jendearen joan-etorriarekin ongi pasatzea, zutik jatea, platerarik gabe… kontuan izan beharreko jarraibideak dira eta ezagutu egin behar dira sagardotegiaz gozatzeko. Esperientzia paregabea da eta gozatu egin behar da.

Arropa beroa jantzita joan

Denboraldia neguan izaten da batipat eta upeltegi batean zaude. Gehienetan ez da berogailurik izaten eta jangela eta upeltegia bereizten diren bi guneetan zehar ibili beharko zara, batetik besterako tenperatura aldaketarekin.

Platerik gabe

Kontuan izan platerik gabe jango duzula. Sagardotegiko ohiko menua erretilu bakarra elkarbanatuz gozatzen da.

Edalontzia hutsik

Sagardoa upeltegian dastatu eta gozatzen da, kupel artean. Upeltegira edalontzia hustuta joan behar duzu. Jarraitu sagardogilea txotx-aren deiarekin eta jar zaitez kupelaren parean sortzen den ilaran. Dasta ezazu sagardoa, partekatu zure sentsazioak lagunekin eta mahaira bueltatu edalontzia hutsik duzula.

Txotx-aren erritua

Garrantzitsua da edalontzia ondo hartzen ikastea, sagardoak edalontziaren albo batean hautsi eta txinparta ateratzeko apur bat okertuz. Ikusi besteek nola egiten duten, eta zalntzarik baduzu, galdetu.

Ontzen

Sagardoa bizirik dagoen produktua denez, kontuan izan kupelaren barruan ontzen ari dela. Gaur kupel batetik dastatu duzun sagardoak hemendik hamabost egunera beste ñabardura batzuk izango ditu. Eta kupel bakoitzak zapore ezerdina duten sagardoa du. Eta sagardotegi bakoitzak… eta uzta bakoitzak.

Paregabea

Sagardoa kupel ezberdinetatik dastatu, ñabardura ezberdinetakoak… Kontuan izan leku gutxitan izango duzula artisau-eran elaboratutako produktu natural bat erosi aurretik dastatzeko aukera.

Txotx!

Sagardogilearen argibideak eta sagardotegia beraren arau eta usadioak jarraitu behar dituzu. Bakoitzak bere tokia dauka eta sagardogileak ireki behar duen edo dastatzeko baimena duten kupeletara gerturatu behar da.

Gozatu

Janariaz eta sagardoaz. Lekuaz eta giroaz. Inguruan dituzun pertsonez eta usadiozkoa den egoeraz. Paregabea da.

Kafea herrian

Azkenburukoak amaiera ematen dio sagardotegiko egonaldiari. Bertan ezingo duzu kafea edo koparik hartu. Baina esperientzia ez da oraindik amaitu. Herrian amaituko da, bertan gozatuko baituzu kafeaz eta ahaztezina izango den gau baten lehen orduez.

Gogoratu:

  • Aurrez erreserba egin.
  • Jantzi bero eta oinetako egokiak eraman.
  • Sagardotegira 20:00ak alderako iritsi.
  • Sagardogilearen arauak jarraitu.
  • Edalontzia behar bezela hartu eta gutxi bete.
  • Bizilagunen atsedena errespetatu.
  • Ikusi, usaindu eta dastatu.
  • Albokoarekin zure sentsazioak partekatu.
  • Edalontzia hutsik eraman mahaira.
  • Seinaleztatutako lekuetan aparkatu.
  • Kafea herrian hartu.