Sagardotegiak: aisialdi berria

Sagardoetxea, Sagardoaren Museoa
2006an ireki zen museoa sagarraren eta sagardoaren kultura zein historia bultzatzeko, sustatzeko eta ezagutarazteko helburuz.

Hiru gune ditu: museo-gunea, sagasti pedagogikoa eta dastalekua. Ez da museo-proposamen tradizionala; izan ere, bere aire zabaleko sagastiak, etengabeko jarduera-eskaintzek nahiz kanporako irekierak gune dinamiko bihurtzen baitute.

Duela urte batzuetatik hona, sagardoaren eta sagarraren munduarekin zerikusia duten dokumentuak, prentsa-albisteak, argazkiak, bideoak, liburuak eta egunkariak biltzen dituen dokumentazio-zentroa du.

Sagardoetxea, Sagardoaren Museoa: Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.

Sagar jotzea Sagardoetxea, Iturria: Donostia Turismoa.

Sagardo Berriaren Eguna
Txotx denboraldiaren hasiera eta sagardo berriaz gozatzeko esperotako uneari hasiera ematen dion festa da. Sagardogintzaren munduko gertaera garrantzitsuenetakoa da.

Astigarragan urtarrilaren erdialdean urtero egiten den ekitaldia da. Edizio bakoitzean gonbidatu bat izaten du, eta sagardotegi batean lehen sagardo berria dastatzen du “Gure Sagardo Berria” esanda. Horrekin, urte horretako txotx denboraldiari hasiera ematen zaio. Ikusi Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak.

XXX. Sagardo Berriaren Eguna Astigarragan (2023). Gonbidatuak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak. Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.

Ekitaldiak sagarraren nahiz sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardogileen munduko gertakari garrantzitsuenak ere aurkezteko balio du.

Sagardo lehiaketak
Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero “Sagardo Lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak” antolatzen ditu, eta Gipuzkoako sagardogileek botilako sagardo onenekin parte hartzen dute.

Lehiaketek bi helburu nagusi dituzte: lehenengoa, sagardogileak elaborazio prozesu osoan ondo egindako lana baloratzea; eta bigarrena, botilako sagardoaren kalitatea saritzea, ikuspegi organoleptikotik zein analitikotik.

Saridunek beren sailkapena erakusten duen zigilu bat botiletan jartzeko aukera izaten dute.

Udazken Zaporez
Sagardoetxeak antolatuta, irailetik azarora bitartean jarduera ugari izaten dira sagarraren uzta garaiaz gozatzeko Udazken Zaporez lelopean: Sagar Uzta sagarraren jaia Astigarragan, sagar muztioaren elaborazio tailerrak familian Sagardoetxean, dolareko lanak eskola-umeekin, sagarrarekin egindako pintxo lehiaketa eta dastaketa, eskaintza gastronomikoak, dastaketa gidatuak, etab.

Bestalde, Igartubeiti Baserri Museoak sagardo astea antolatzen du urrian, eta XVI. mendeko dolarea martxan ikusteko aukera izaten da. Horretaz gain, antzezpenak eta kirikoketa emanaldiak ere antolatzen dira.

Sagar muztioaren elaborazio tailerrak Sagardoetxean. Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.

Beste esperientzia batzuk
Urte osoan sagardoa ezagutzeko, gozatzeko eta sagardoaren kulturan barneratzeko aukera dago. Urtarriletik abendura bitartean, sagardozaleek ekitaldi eta jarduera eskaintza zabalaz betetako egutegia izaten dute, eta, beraz, gaur egun sagardoa oso presente eta errotuta dago aisialdian:

Goxokata, bidaia sentsoriala.
Museoa eta sagardotegia, mila urteko usadioa.
Sagarbike, bizikletan ibilaldia eta gastronomia.
Sagardoa eta itsasoa, euskal baleontzien abentura.
Sagartrekking, natura eta ibilaldiak.
Sagardoa eta gazta, Euskal Herriko egiazko zaporea.
Chillida eta sagardoaren kultura, euskal artea eta ohiturak.
Historiadun herriak, sagardoaren Lurraldean zeharko ibilaldiak.

Sagarbike esperientzia. Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.

Goxokata, bidaia sentsoriala Sagardoetxean. Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.

Sagardo Egunez gozatzeko aukera dago Euskal Herriko hainbat herritan, eta Astigarragan Sagar Uzta sagarraren festa antolatzen da. Horretaz gain, azokak, ibilbide tematikoak, aldi baterako erakusketak, hezkuntza programak, turismo esperientziak, otordu tematikoak sagardotegietan, barrikoteak, bisita gidatuak sagardotegietan, jardunaldi teknikoak, jardunaldi didaktikoak… antolatzen dira eta gastronomiaz gozatzeko aukera ere eskaintzen da.

XXIII. Sagar Uzta 2023, sagarraren festa Astigarragan. Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.

Horregatik guztiagatik, sagardoak bere unerik onenetako bat bizi du gaur egun, eta euskaldunen nortasunaren ikurra da berriz ere.

Ba al zenekien?

  • Sagardoetxea Sagardoaren Museoa Astigarragan kokatua dago eta 2006an ireki zituen bere ateak.
  • Sagardo Foruma bi urtetik behin izaten den nazioarteko sagardoaren topalekua da, eta jardunaldi teknikoak eta nazioarteko sagardo azoka antolatzen dira bertan.