Gehien erabiltzen diren sagar barietateak
Mota ezberdinetako sagarrak erabiltzen dira sagardoa egiteko: garratzak, mikatzak, gozoak eta gazi-gozoak. Erabiltzen den sagarren %50 garratzak izaten dira, %30 mikatzak eta %20 gozoak edo gazi-gozoak.
Sagardogile bakoitzak sagar barietate ezberdinak erabiltzen ditu bere sagardoa ekoizteko. Hona hemen sagardoaren elaboraziorako erabiltzen diren barietate ezberdinak:
- Garratzak: Urdin, Gaziloka, Bost Kantoi, Urtebi Haundi, Ibarra, Txalaka, Manttoni, verde agria, etab.
- Mikatzak: Merkalin, Geza mina, Moko, Mozoloa, Patzolua, Goikoetxe, Aritza, etab.
- Gozoak: Bizkai, Buztin sagarra, Ugarte, Mokote, Maximela, etab.
- Gazi-gozoak: Saltxipi, Ama birjina, Pelestina, Udare marroi, Errezila, etab.
Hona hemen sagardo sagar barietate batzuen ezaugarriak:
- Errezil sagarra: Kolore berde-arreko sagarra; azal mehe, gogor eta pixka bat latzekoa. Loraldi berantiarra; abenduko lehen hamabostaldian heltzen da. Gazia edo geza-mina. Datu enologikoak: gazitasuna = 150 – 180 milibaliokide litroko; garraztasuna = 1,4 – 1,6 g tanino litroko.
- Geza-min: Kolore berdeko sagarra; azal lodi eta ezkodunekoa. Produkzio handia du, urterokoa. Garai ertaineko loraldia; urriko bigarren hamabostaldian heltzen da. Mikatza. Datu enologikoak: gazitasuna = 40 milibaliokide litroko; garraztasuna = 3 g tanino litroko.
- Goikoetxea: Kolore gorri-berdeko sagarra; ildaskatua, azal mehe, samur eta ezkodunekoa. Produkzio handia du, baina bi urtez behingoa. Garai ertaineko loraldia; urriko bigarren hamabostaldian heltzen da. Gazia edo gezamina. Datu enologikoak: gazitasuna = 80-100 milibaliokide litroko; garraztasuna = 1,5 – 2 g tanino litroko.
- Moko: Kolore gorri eta zertxobait berdeko sagarra; azal ertainekoa. Urteroko produkzioa du. Loraldi goiztiar edo ertaina; urriko lehen hamabostaldian heltzen da. Mikatza. Datu enologikoak: gazitasuna = 180 – 200 milibaliokide litroko; garraztasuna = 4 – 6 g tanino litroko.
- Mozolo: Kolore berde-horiko sagarra; azal mehe eta latzekoa. Bi urtez behingo produkzioa du, sagar gehienek bezala. Garai ertaineko loraldia; urriko bigarren hamabostaldian heltzen da. Gozo-mikatza. Datu enologikoak: gazitasuna = 40 – 50 milibaliokide litroko; garraztasuna = 2,5 – 3 g tanino litroko.
- Txalaka: Kolore berde-arreko sagarra; azal mehe eta latzekoa. Produkzio handia du, urterokoa. Garai ertaineko loraldia; urriko lehen hamabostaldian heltzen da. Geza-mina. Datu enologikoak: gazitasuna = 120 milibaliokide litroko; garraztasuna = 1,3 – 1,7 g tanino litroko.
- Urdin sagar: Kolore arrosa eta berdeko sagarra; azal leun, fin eta matekoa (deigarria da zein matea den). Produkzio handia du, baina bi urtez behingoa. Loraldi berantiarra; azaroko lehen hamabostaldian heltzen da. Geza-mina. Datu enologikoak: gazitasuna = 80 – 100 milibaliokide litroko; garraztasuna = 1,4 – 1,6 g tanino litroko.
- Urtebi haundi: Kolore hori-berdeko margoa; azal lodi, gogor eta ezkodunekoa. Produkzio handia du, urterokoa. Loraldi goiztiar edo ertaina; urriko bigarren hamabostaldian heltzen da. Gazia edo geza-mina. Datu enologikoak: gazitasuna = 100 – 120 milibaliokide litroko; garraztasuna = 0,8 – 1 g tanino litroko.
- Urtebi ttiki: Kolore hori-berdeko sagarra. Produkzio handia du, baina bi urtez behingoa. Loraldi berantiarra; azaroko lehen hamabostaldian heltzen da. Gazia edo geza-mina. Datu enologikoak: gazitasuna = 80 – 100 milibaliokide litroko; garraztasuna = 1,2 – 1,5 g tanino litroko.
Sagardoaren elaboraziorako erabiltzen den sagar barietatea sagastian.
Sagar barietateak.