
Belle Epoque eta sagardotegiak
XX. mendeko lehen urteetan, Gipuzkoan sagardoa saltzen duten establezimendu gehienak Donostian kokatuta zeuden. Hain zuzen, 1919an 101 sagardotegi zeuden hiri barruan zein kanpoan kokatuta. Alde Zaharreko kale estuetan karreto-barriken joan-etorria etengabekoa zen. Sagardoa Donostiako, Altzako, Astigarragako eta Hernaniko landa-auzoetako dolareetatik zetorren.
Donostiako Alde Zaharraren ilustrazioa. Egilea: Jokin Mitxelena.
Sagardotegiak etxeen sotoan zeuden kokatuta. Orohar leku ilunak eta freskoak izaten ziren. Gauetan, haberen batetik esekitako petrolio-kinkekin argiztatzen ziren. Bertan, zurezko kupel handiak lerrokatuta egoten ziren eta erabileragatik distira zuten zurezko eserlekuak, tamaina handiagoko banku batzuk, sagardoa zerbitzatzen zuen etxeko andrearentzako egurrezko eta zumezko aulki baxu bat eta arrainak erretzeko parrila zuen txingardun azpilak osatzen zuten sagardotegietako altzaria.
Kupeletan sagardoa zegoen bitartean zabalik egoten ziren, eta bertatik, trago eta trago artean, abesti herrikoi asko atera ziren. Denetariko bezeroak izan ohi zituzten: merkataritzako langileak, artisauak, marinelak eta arrantzaleak.
Donostiako Kale Nagusia. Iturria: Gure Gipuzkoa.