
Buruntzaldea: sagardotegiak
XX. mendearen hasieran Urumea bailara modan zegoen bertako sagardotegiengatik. Familia osoak joaten ziren Donostia eta Hernani lotzen zituen tranbian edo oinez. Ohikoa zen sagardotegietako sagardoarekin batera jateko kazola txikiak etxetik ekartzea. Jende gehien biltzen zen garaia Aste Santua eta asteburuak izan ohi ziren. Txirrita bertsolaria sagardotegietako ohiko bezeroa izan zen (ikusi “Estampa Madrid” aldizkariak 1936an Txirrita bertsolariari egindako elkarrizketa).
Jose Manuel Erauskin, Txirrita bertsolaria eta Xaturnino Erauskin Altzako Gazteluene baserrian. Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.
Astigarraga
Gerra Zibilaren aurretik, 40 sagardotegi baino gehiago zeunden Astigarragan. Astigarragako sagardotegiak Foru Plazan, Kale Nagusian, Santiagomendin, Galtzaurren eta Ergobian kokatuta zeuden. 12 sagardotegi Ergobia auzoan zeuden, eta horien artean Francisco Berrondo, Joaquin Aristi, Eduardo Isasa, Dominica Berridi, Agustina Zapiain, Manuela Gaztañaga, Modesta Uranga eta Saturnino Arrietaren oinordekoena zeuden.
Astigarragako sagardotegien mapa XX. mendearen hasieran. Iturria: Sagardoetxea Museoa.
Hernani
XX. mendearen hasieran 20 sagardotegi zeuden Hernanin: Sorgitxulo, Jauregi, Istuegi, Argindegi, Txuria, Altzueta, Itxasburu, Iparburu, Iturmendi, Txoko-enea, Bentaberri, Gorrotxategi, Harriatsu, Akarregi, Iparragirre, Rezola, Txantxe, Mailus-txiki, Beakorte eta Adarraga. 17 ziren 1914ko industriako matrikulan erregistratutako Hernaniko sagardogileak. Sagardotegi kontzentrazio handia zegoen Kale Nagusian. 11. eta 65. zenbakien artean, sagardozaleek sagardoa bederatzi lokaletan dastatzeko aukera zuten; horien artean, Jeronimo Recondok, Eugenio Gorrochateguik, Martin Aguirreren alargunak, Jose Guerrak, Bernardo Erdociak, Antonio Arzacek, J. Miguel Azpiazuren alargunak edo Miguel Garinek gobernatutakoak zeuden.
Karreto barrika Hernaniko kaleetan. Iturria: Hernaniko Udal Artxiboa.
Lasarte
1953an 23 sagardotegi zeuden Lasarte-Orian. Bertan, sagardoa saltzen zen, baina beste hainbeste baserritan etxerako edaria egiten omen zuten. Baserriez gain, garai hartan herriko erdiguneko kale etxe batzuetan ere sagardoa egin eta saltzen zen. Lasarten betidanik sagasti asko izan dira; ez zegoen sagastirik gabeko baserririk eta etxe guztietan egiten zan sagardoa. Izan ere, gaur egun herriaren erdigunea den lekua lehen baserri eta sagardotegiz beterik zegoen. Patxi Sanz-ek Lasarte-Oriako sagardogintzari buruz idatzitako “Lasarte-Oriako sagardogintza” liburuan, kaxkoan eta Zabaleta inguruan sagardoa egiten zuten 23 etxeren zerrenda ageri da 1953. urtean eta beste hamaika sagardotegi aipatzen ditu. Jarraiko irudiak gaur egungo Lasarte-Oria irudikatzen du, baina kontuan izan behar da garai hartan Lasarte-Oria Urnieta, Andoain, Hernani eta Usurbilek osatzen zutela.
Lasarte-Oriako sagardotegiak XX. mende erdian. Iturria: “Txintxarri” aldizkaria, 2009).
Urnieta
Gerra Zibilaren aurreko urteetan Urnietan 20 sagardotegi zeuden: Felipe Zaldua, Antonio Igerategi (“Matxo”), Alejandro Garmendia (“Txapel”), Arruarte anaiak, Miguel Setien (“Moko”), Alkain eta abar, eta ondorengoaz ezagunak ziren sagardotegi hauek: Posta, Babilonia, Zaldundegi, Belaundi-txiki, Galarraga (“Altuna”), Urbaneta, Txulonea, Gurutzia, Goikoetxe, Izarre eta Eula. Geroago ireki zituzten Elutxeta, Kostegi eta Oianume. Horiei, garai batean Urnietakoak ziren eta 1990an Lasarte-Oriakoak ziren baserri-sagardotegiak gehitu behar zaizkie: Indianesenea, Txartel-enea, Baso-handi, Oria-txiki, Lopetegi, Jose Martin Alberdi, Lartxabaleta, Buenavista eta Brunet eta konpainia.
Urnietako Azkonobieta baserriko XVII. mendeko egurrezko tolarearen aztarnak. Iturria: “La sidra” liburua.
Andoain
1952an Andoainen zazpi sagardotegi zeuden: Zumea aldean Maindi, Exekiel-Enea eta Txitibar: Kaletxikin Berrozpe, Anaztegi, Elizondo eta Sansinenea. Azken hau zen jende gehien biltzen zen tokia. Garai hartan Kaletxiki bailara garrantzitsua zen eta diru asko biltzen zen bi tren geltoki zeudelako. Sagardotegiak eguardian irekitzen ziren. Bazkaltzeko sagardo bila etortzen ziren botila edo txantxailarekin andre edo umeak. Sagardoa kupel handi batetik ateratzen zen, kanila baten bitartez, basoka basoka betez. Eta aldamenean egoten zen balde handi bat urez beteta eta han basoak sartu-atera egiten ziren garbitzeko. Iluntzean biltzen ziren koadrilak eta errondak egiten ziren txandaka. Baina egiazko arrakasta larunbat eta igande arratsaldetan izaten zen. Orduan merienda egiten zen tortula bakailaoarekin, gazta eta intxaurrak ogiarekin, eta nahikoa sagardoa edaten zen.
Txitibar baserria, garai batean Andoaingo sagardotegietako bat izan zena. Iturria: “Aiurri” aldizkaria.
1914ko zerga-bilketaren agiria. Iturria: Andoaingo Udal Artxiboa.
Ba al zenekien?
- Usurbilgo Txikierdin Asteasuainberri sagardotegia zegoen. Nagusia Joxe Migel Mendizabal Lokate zen eta Donostiako Alde Zaharrean ere bazuen sagardotegia. Ospe handiko sagardoa ekoizten zuten.
- Lasarteko Sasoeta Haundiko Zuaznabartarrak eta Astigarragako Erbetegi Etxeberriko Goikoetxeatarrak sagardo ekoizleak ziren, eta txalaparta bizirik mantendu zuten.
- Gerra Zibilaren aurreko urteetan, Urnietan 20 sagardotegi zeuden. Urbaneta sagardotegian Juanito “Jainkoa” soinujoleak alaiturik, erromeria izaten zen igande arratsaldetan.
- Xabier Letek “Gabon Txirrita” antzezlana idatzi zuen XX. mende hasierako bertsolari handia gogoan, eta Buruntza antzerki taldeak 1982an Euskal Herri osoan barrena aurkeztu zuen.
- Andoaingo Kale Txiki bailaran jende gehien biltzen ziren sagardotegiak zeuden, batez ere bi tren geltoki bertan zeudelako.
- Mendiola baserria izan zen diktaduraren urteetan ateak itxi ez zituen Astigarragako sagardogile-establezimendu bakarretakoa.