Aisialdirako topalekuak

Garai honetan sagardotegien kontzeptu berria sortu zen. Sagardoa ekoizteko gune bat besterik ez izateari utzi zioten, eta aisialdiko leku nahiz gizarte-gertakarien agertoki bihurtu ziren, non bertsolaritza eta bolo edo toka jokoak ohikoak ziren.

Bola jokoa Zubietan. Iturria: “Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak” liburua.

Sagardoa kanilatik zerbitzatzen zen, basoz baso, eta normalean emakumezkoek. Sagardo basoa trago bakar batean edaten zen. Kupel berri baten irekiera sagardozaleek gogoz esperotako unea izaten zen, eta Txotx berria! hasten zen. Hori, aurreko kupela amaitu ostean gertatzen zen. Kalitate oneko kupela ateratzen zenean, gertaera soziala izan ohi zen, eta sagardotegiak lizar-adar bat zintzilikatzen zuen sagardotegiaren sarreran “Sagardoa saltzen da…” zioen kartelarekin batera.

Donostiako Kale Nagusiko sagardotegia (1915). Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.

Sagar uztaren arabera, urteko sagardotegi kopurua aldatu egiten zen. Oro har, otsailetik maiatzera bitartean irekitzen zituzten beren ateak, eta ez zuten denek batera irekitzen. Gainera, haien funtzionamendua eta ordutegia kokatuta zeuden udalerriko ordenantzek arautzen zuten.

Leku txiki eta aireztapen gutxiko lokaletan kokatua zeuden. Gaztainondozko edo haritzezko kupelen ilara bat edo bi izan ohi zituzten, eta altzari gisa eserleku luzeak eta pinuzko mahaiak zituzten. Kasu batzuetan, gainera, egur-ikatzezko labetxo eramangarriak zituzten janaria berotzeko.

Ba al zenekien?

  • Gaur egungo “txotx bolada” eta “txotxaren erritua” kontzeptuek sagardoa kupeletik dastatzeari egiten diete erreferentzia, eta iraganean kupelak irekitzeko erabiltzen zen makilean (zotzean) dute jatorria. Hala ere, aditu batzuen arabera, litekeena da usadio hau izendatzeko erabiltzen dugun txotx hitzak zotzarekin zerikusirik ez izatea. Izan ere, “Txotx Berria” irekitzen zenean, sagardoa kanilatik dastatzen zen, eta ez txotxetik. Horregatik, litekeena da usadiok “xoxa” hitzarekin lotura handiagoa izatea, hura baitzen sagardo edalontzia ordaintzeko erabiltzen zen hitza.