Sagardoa: bertako altxorra
1880ko hamarkada mugarri izan zen sagarrondoen laborantzaren eta sagardoaren elaborazioaren historian, “Nekazaritza Berriak” edo nekazaritza zientifikoak defendatutako printzipioak modernizatu eta aplikatu baitziren. Sektorea eraldatu nahi zen atzerrian ekonomikoki errentagarria eta lehiakorra izateko.
Severo Aguirre-Miramonen eta Vicente Laffitteren lan zientifikoak argitaratzeak sektorearen arazoen, atzerapenaren eta uztearen kontzientzia hartzeko balio izan zuen. Bi agronomoak aitzindariak izan ziren berrikuntza defendatzen, sagarrondoetan zientzia aplikatzen eta sagardoa ekoizten. Gainera, beraien proposamen batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren nekazaritza politikan jasota daude.
Aldundiak ahalegin handia egin zuen sagastiak sustatzeko eta garatzeko sektorea berritzeko plan bat abian jarrita. Hala, estazio pomologikoa eta Fraisoroko sagardotegi esperimentala ezarri zituen (1910-1911), Fraisoroko sagardotegi eskola ireki zuen (1912), Batzorde Pomologikoa sortu zuen(1917) eta baserritarrak trebatu nahiz irakasteko liburuak eta koadernotxoak argitaratu zituen. Neurri horiek bertan behera geratu ziren frankismo garaian, eta, ondoren, berriro martxan jarri ziren.
Sagardogintzako enpresak banakoak ziren, eta gehienez hiru pertsonak egiten zuten lan bertan. Oro har, familiaren etxebizitzaren behealdean kokatuta zeuden, ez zuten azpiegitura handirik, eta erabilitako makineria zaharkitua zegoen. Hobekuntzak matxakak zein prentsa mekanikoak sartzera mugatzen ziren. 1917 eta 1921 bitartean Gipuzkoan 600 bat sagardogile zeuden, eta urtean batez beste 90.000 hektolitro ekoizten zituzten.