Sagardoa: bertako altxorra

1880ko hamarkada mugarri izan zen sagarrondoen laborantzaren eta sagardoaren elaborazioaren historian, “Nekazaritza Berriak” edo nekazaritza zientifikoak defendatutako printzipioak modernizatu eta aplikatu baitziren. Sektorea eraldatu nahi zen atzerrian ekonomikoki errentagarria eta lehiakorra izateko.

Severo Aguirre-Miramonen eta Vicente Laffitteren lan zientifikoak argitaratzeak sektorearen arazoen, atzerapenaren eta uztearen kontzientzia hartzeko balio izan zuen. Bi agronomoak aitzindariak izan ziren berrikuntza defendatzen, sagarrondoetan zientzia aplikatzen eta sagardoa ekoizten. Gainera, beraien proposamen batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren nekazaritza politikan jasota daude.

Aldundiak ahalegin handia egin zuen sagastiak sustatzeko eta garatzeko sektorea berritzeko plan bat abian jarrita. Hala, estazio pomologikoa eta Fraisoroko sagardotegi esperimentala ezarri zituen (1910-1911), Fraisoroko sagardotegi eskola ireki zuen (1912), Batzorde Pomologikoa sortu zuen(1917) eta baserritarrak trebatu nahiz irakasteko liburuak eta koadernotxoak argitaratu zituen. Neurri horiek bertan behera geratu ziren frankismo garaian, eta, ondoren, berriro martxan jarri ziren.

Sagardogintzako enpresak banakoak ziren, eta gehienez hiru pertsonak egiten zuten lan bertan. Oro har, familiaren etxebizitzaren behealdean kokatuta zeuden, ez zuten azpiegitura handirik, eta erabilitako makineria zaharkitua zegoen. Hobekuntzak matxakak zein prentsa mekanikoak sartzera mugatzen ziren. 1917 eta 1921 bitartean Gipuzkoan 600 bat sagardogile zeuden, eta urtean batez beste 90.000 hektolitro ekoizten zituzten.

Ergobiako Arzallus sagardotegiko ilustrazioa. Egilea: Jokin Mitxelena.

Oro har, sagardoa tokiko edo probintziako merkatuan kontsumitzen zen; hau da, kupel artean edo etxe partikularretan ontziratuta. Dentsitate oso txikia zuen (1001 eta 1003 artean), eta zalantzazko kalitatea. Oso gutxitan saltzen edo esportatzen zen beste leku batzuetara.

Sagardoaren kontsumoa pitxerretik. Iturria: Kutxa Fototeka.

Sagardoa kanilatik zerbitzatzen. Iturria: Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroa.

Gutxi ziren kontsumitzaile berriak erakartzeko berrikuntzaren aldeko apustua egiten zuten sagardogileak. Oiartzun, Mutriku, Usurbil eta Astigarragako lau ekoizle produktu berri bat egitera ausartu ziren: sagardo aparduna. Sektoreko salbuespen nagusia dira.

Ba al zenekien?

  • 1921 sagar uzta txarreko urtea izan zen: Hernanin 16 sagardotegik eman zuten baja, eta Lasarten 7k.
  • Felix Mitxelena oiartzuarrak sagardo aparduna bakarrik ekoiztu zuen; bere produktuaren % 20 penintsulan saltzen zuen, eta % 10 atzerrian.
  • 1916an Gipuzkoako Foru Aldundiko Pomologia Batzorde Bereziak “Album Pomologikoa” argitaratu zuen bertako sagar barietateen inbentarioa egiteko, babesteko eta laborantza sustatzeko.
  • Illarramedi y Cia konpainiak xanpain-erako sagardoa merkaturatu zuen Osasuna markarekin.
  • Astigarraga, Hernani eta Mutriku ziren Gipuzkoako sagardotegien ekoizpen-gune nagusiak, 509.800, 230.500 eta 301.840 litrorekin, hurrenez hurren.
  • 1920ko hamarkadan 30 milioi litro sagardo inguru ekoiztu ziren Gipuzkoan.
  • 1921 sagar uzta txarreko urtea izan zen. Hernanin 16 sagardotegik bajan eman zuten eta Lasarten 7 sagardotegik.
  • 1923an Martin Berrondo izan zen Astigarragako sagardo-ekoizlerik handiena. 162.000 litro egin zituen Ergobia auzoko bere 9 zenbakiko sagardotegian.
  • 1930eko hamarkadan ontziratutako sagardoa gozoa zen, etiketa xume bat zeraman eta 0,60 pezetan saltzen zen botila.
  • 1939an sagar-orga 25 pezetan saltzen zen.