SAGARDOARI BEGIRATZEKO MILA MODU, EHUNKA BARIETATE ETA IKUSPEGI URBANOA
Descripción
Ingelesa eta euskara besoz beso entzun ditugu azken bi egun hauetan, sagardogintza inguratzen duen munduaren solasaldietan. Hain geurea dugun sagardoari buruz munduan barrena dauden ikuspegiak jarri dira III. Sagardo Forumaren erdigunean. Sagardoaren tradizioak badituelako milaka aldaera han eta hemen; han eta hemengo lurrei estuki loturik, han eta hemengo sagarrondoak legez.
gipuzkoa hernani formación jornada londres concurso internacional de sidra sagardo forum sidra manzana manzano
Ficha
- Fuente: Gara
- Fecha: 2019-11-23
- Clasificación: 5.7. Formación
- Tipo documento: Blogs
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-009653
Texto completo
Ingelesa eta euskara besoz beso entzun ditugu azken bi egun hauetan, sagardogintza inguratzen duen munduaren solasaldietan. Hain geurea dugun sagardoari buruz munduan barrena dauden ikuspegiak jarri dira III. Sagardo Forumaren erdigunean. Sagardoaren tradizioak badituelako milaka aldaera han eta hemen; han eta hemengo lurrei estuki loturik, han eta hemengo sagarrondoak legez. Guztiak, ordea, bat etorri dira erronka jakin batean: marketina indartu, turistak produktura erakartzeko xedez.
PUBLICIDAD
Zuzenean produktura erakarri edo produktua herrialdearen marka izendatu, lurraldea ezagutarazteko. Bi modu, baina bietan sagardoa protagonista. Londres batek ez du sagardoaren beharrik turistak bereganatzeko: «21 milioi turista atzerritar jasotzen ditu urtero. Eta horiei batu behar zaizkie Erresuma Batuko bisitariak». Gauza jakin hori zehaztu zuen Roberto Basilicok, Hawkes sagardotegiko ekoizpenaren arduradunak.
Londreseko lehen sagardotegia da Hawkes. «Europako lehen sagardotegi urbanoa da», zehaztu zuen Basilicok, sagardo honen ekoizpena ez baita landa eremuan garatzen. Londreseko dorretik 500 metrora dagoen kale batean dago lokal hau, pub moduko bat, guztioi gogora etortzen zaigun garagardotegiaren estilokoa. «Kale horretan hamabost garagardotegi daude», gaineratu zuen Basilicok. Tartean, lekua egin du sagardotegiak: «Astean 1.000 bisitari inguru jasotzen ditugu».
Txotx, Londres erdian
Haritz Rodriguez marketin kontsultoreak zehaztu zuen Erresuma Batua dela sagardo gehien ekoizten duen lurraldea eta, horri tiraka, Basilicok ñabardura bat ere egin zuen, beraien hastapenak hobeto ulertzeko edo: «Ikerlanek egiaztatzen zuten gero eta sagardo gehiago ekoizten zela baina, era berean, saltzeko orduan ez zela nabarmentzen artisau produktu bat zela; eta sagardo artisaua da sagardo interesgarria».
Modernitatea bilatu nahian ere sorrera edo jatorria gogoratzea funtsezkoa dela ondorioztatu zen hitzaldietan. Eta bisitariak, erosleak edo, finean, kontsumitzaileak prozesuaren parte sentiaraztea beharrezko ikusten dute. Heztea, formatzea, sagardoaren inguruko heziketa moduko bat lantzea, alegia.
Prozesu horretan, Basilicoren enpresak sagardoaren ekoizpena bertatik bertara ikustea ahalbidetzen du. «Bisitariek lehen ez zuten ordaintzen sarrera, orain bai», gaineratu du, enpresak izan duen bilakaera azaltzeko. Produktuarekiko harreman bat sortzen delakoan dago eta urtarrilean Euskal Herriko sagardotegiak bisitatu zituenean, tabernan txotxa ipini behar zutela argi geratu zitzaion: «Oraindik asko dugu ikasteko, ilara ez baita zuzena», azaldu zuen barrezka, bideo bat erakusten ari zela. «Sagardoaren nondik norakoak azaltzen ditugu eta modu dinamiko honetan gehiago barneratzen dute informazioa».
Sagarrondoaren konderria
Sorrera eta benetakotasuna ditu giltzarri Armagh konderriko turismo eskaintzak. «Sagarrondoen konderri» gisa ezagutzen da eremua. Hala azaldu zuen Sara Mcgearyk, bertako turismo eskaintzaz eta marketinaz arduratzen den teknikariak. Sagarra erabili dute turismo eskaintza gisa; eta nola ez, bertatik eratorritako sagardoa.
«Esperientziak eskaini behar zaizkio jendeari», ziurtatu zuen. Armagh konderria ez dago kostaldean eta normalean, turistek hiri ezagunetara joateko joera dute (Belfast, Dublin, Galway); hori ondorioztatuta, sagarrean eta sagardoan jarri zuten arreta. Eta arreta berezia jarri zuten ekoizleengan, baserriko ateak ireki eta beren egunerokoa turistei azaldu ziezaieten. 15.000 langile daude sektore honetan eta sagardoa egiten duten sei enpresa daude konderrian. Gainera, 2012an bertako sagar barietate batek jatorri izendapenaren bermea jaso zuen.
Gure ohiturarekin antzekotasun handiagoa du Mcgeary azaltzen ari zenak. 40 euroren truke sagardotegira bisita eta menu «normal» bat eskaintzen baitute. Txotxa bakarrik falta zaio. Ikuspegi hau euskal ohituratik gertu dagoela iruditu bazaigu ere, Sagardoaren Jaialdia deitzen dutena guretik –gure Sagardo Eguna, esaterako– oso urrun dago. Elegantzia gehiegi eta benetakotasuna galtzear. Hala ere, herritarren eta nekazarien arteko konexioa sortzen dela zehaztuta, benetako esentzia gordetzen dutela ulertu beharko dugu.
«Bi enpresa 600.000 eurorekin finantzatuko ditugu, beraien ateak bisitariei ireki eta komunikazio digitala gehiago garatu dezaten», iragarri zuen Armagheko turismo teknikariak, sagarraren kultura gehiago zabaltzeko erronka gisa.
Sagardoaren aldaerak
Sagarraren konderritik Euskal Herrira bueltan, ostegunean zehaztu legez, Gipuzkoan ekoizten den sagardoaren %33 bertako sagarrarekin egina da. Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Garapeneko zuzendari Xabier Arrutik ausart adierazi zuen 2020-2023 legegintzaldia amaitzerako, ekoizpena guztiz hornitzeko gai izan daitekeela sektore hau.
Sagardoa sagardo bezala ulertzen dugu, etxe bakoitzaren berezitasunekin. Sagardo naturala. Hala mintzo izan dira egunotan sagardo tradizionalaz, garagardoaz gertatzen den bezala, sagardoarekin ere gauza ezberdinak probatzen ari baitira. Sagardoa irasagarrarekin, esaterako; edota beste fruitu batzuekin. «Normaltzat jotzen dugu mila motatako garagardoak eskaintzen dituen garagardotegia; zergatik ez egin hori sagardoarekin? Tabernetan, normalean, sagardo mota bakarra egoten da, eta ez da hala gertatzen ardo edo garagardoarekin». Gabe Cook komunikatzailearen hitzak dira horiek. Beer & Cider Academy-ko ordezkaria da, sagardoaren heziketan tematuta dagoena. Sagardologo etiketa jarri dio bere buruari eta ziur da, sagardoa %100ean defendatzen duen bakarra dela.
Ingalatarrako mendebaldekoa, frantsesa, modernoa, naturala, fruta zaporekoa, izoztua, esperimentala eta, besteak beste, apfelwein –sagardoa alemanieraz– zerrendatu zituen Cookek. Berak heziketa deritzo, hein handi batean, botiletan informazioa eskaintzeari: nola eginda dagoen, zer osagai dituen, nongoa den eta abar.
Eta ezberdintasunekin jarraitzeko, Frankfurteko esperientzia ere hor daukagu. Sagardoa bakarrik saltzen duen denda dauka Jens Beckerrek, «sagardoaren ekoizle handiek ia merkatu guztia bereganatu zuten eta txikienek zailtasunak zituzten merkaturatzeko, horrek zekarren kostuarengatik».
Hortik abiatuta, bera ere murgildu zen sagardoaren ekoizpenean eta urtean 15.000 litro sagardo «natural» ekoizten du. Dendan 120 barietate ezberdin eskaintzen ditu, eta ohartzen da sagardoa edaten duen bati bost axola zaizkiola barietate ezberdinak, baina sagardoarekin ohitua ez dagoen bati arreta pizten diola horrek. 3 eta 25 euro arteko kostua dute, eta «industria handien sagardoak euro bat inguru balio du». Botila batek 8 euro inguru balio behar duela esan zuen konbentzituta.
II. Nazioarteko Lehiaketa
Sagardo artisauaren balioa nabarmendu nahi horretan bere alea jarri du Sagardo Forumak bere hirugarren edizioan. Ostegunean, esaterako, sagarraren laborantzaz eta kulturaz mintzatu ziren. Txotxaren esperientzia eta mundu mailako ikuspegiak partekatzearekin bukatu ziren hitzaldi «teknikoak». Sagardoaren “jakintsu” asko bertaratu ziren Oronara, sagardoa etxekotasunetik nazioartera zabaltzen duen ekimenean.
Nazioartekotasun horretan, gaur II. Nazioarteko Sagardo Lehiaketa egingo da eta igandean, Nazioarteko Sagardo Azoka egingo dute. Guztia Kursaalen izango da. Astelehenean jarraipena izango du azokak, profesionalentzat soilik; aurretik, II. Nazioarteko Lehiaketako sari banaketa egingo dute.
Modernitatera eta nazioartekotasunera –turismora– ezinbestean bideratu da sagardoa. «Sagardoaren esperientzian oinarrizko puntua da heziketa. Eta sagardoaren heziketan oinarrizkoa da esperientzia», ohartarazi zuen Londresko sagardo urbanoaren sortzaileak.