Sagardo Egunaren bigarren edizioa bihar Loiolan bertako ekoizleekin
Descripción
Duela bi urte antolatu zuten estreinakoz eta azkenekoz baita ere Loiolako Sagardo Eguna. Orduko "arrakasta" ikusita, auzoko festa batzordeak berriro aterako du jaia kalera eta bihar, zapatuan, azaroak 9, Loiolako Sagardo Egunaren bigarren edizioa egingo da. 13:00etan hasiko da festa.
ocio degustación loiola sagardo egunak sidra
Ficha
- Autor: Eli Aizpuru
- Fuente: El Diario Vasco
- Fecha: 2019-11-08
- Clasificación: 5.2. Días de la sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-009596
Texto completo
Duela bi urte antolatu zuten estreinakoz eta azkenekoz baita ere Loiolako Sagardo Eguna. Orduko «arrakasta» ikusita, auzoko festa batzordeak berriro aterako du jaia kalera eta bihar, zapatuan, azaroak 9, Loiolako Sagardo Egunaren bigarren edizioa egingo da. 13:00etan hasiko da festa. Basilikaren aurreko zabalgunean izango da eta festa batzordeko kideek aditzera eman dutenez, euria eginez gero «karpak jarriko ditugu eta aterpea izango da».
Bertako baserrietako sagardoa dastatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, izan ere, Geltokiko, Etxearretako, Iturbideko, Iturgaineko, Agiteko, Agite Berriko, Askiolako, Askiola Berriko, Azkuneko eta Mendibilgo aurtengo sagardoa izango da bertan.
Edalontzia 3,5 euro ordaindu beharko da, eta trukean «nahi adina» sagardo edan ahal izango dute herritarrek. Gainera, txorizo egosi pintxoak ere izango dituzte aukeran.
Horrez gain, Izarraitz auzoan kokatuta dagoen Berastegi baserrikoek beraiek ekoiztutako gaztaren pintxoak ere jarriko dituzte salgai.
Giroa alaitzeko musika jarriko dute, eta gainera, kantu-jirako kideak bertan izango dira.
Duela bi urte jende ugari azaldu zen Loiolara Sagardo Eguna zela eta. Hori dela-eta «pozik» agertu dira antolatzaileak. Hala ere, aurten berriro ere bertan izatea nahi dute eta herritarrak animatu nahi dituzte bihar eguerdian Loiolatik buelta bat eman eta bertako sagardo ekoizleak ezagutu eta egindako lanaren fruitua probatzera.