35 ekoizleren sagardoa larunbatean Donostian
Descripción
Datorren larunbatean, irailak 3, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 35 sagardogile izango dira Donostiako Konstituzio Plazan goizeko 11.00etatik 14.00etara egingo den Sagardo Egunean. Euskal Jaien barriko ekitaldian, urteroko moduan, sagardorik onena emango dute dastatzera sagardogileek Plazako arkupeetan jarriko dituzten postuetan. Aurtengo edizioan, Gipuzkoako Sagardo Naturala dastatzeaz gain berrikuntzak egongo dira urteroko festa handia berritu, zabaldu eta erakargarriagoa egiteko helburuarekin.
degustación donostia asociación de sidra natural de gipuzkoa sagardo egunak sidra
Ficha
- Fuente: El Diario Vasco
- Fecha: 2018-08-30
- Clasificación: 5.2. Días de la sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-009582
Texto completo
Datorren larunbatean, irailak 3, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 35 sagardogile izango dira Donostiako Konstituzio Plazan goizeko 11.00etatik 14.00etara egingo den Sagardo Egunean. Euskal Jaien barriko ekitaldian, urteroko moduan, sagardorik onena emango dute dastatzera sagardogileek Plazako arkupeetan jarriko dituzten postuetan.
Aurtengo edizioan, Gipuzkoako Sagardo Naturala dastatzeaz gain berrikuntzak egongo dira urteroko festa handia berritu, zabaldu eta erakargarriagoa egiteko helburuarekin.
XXXI. edizioa dela aprobetxatuta, Sagardo Eguna edukiz hornitu eta izaera emateko bidean, sagarra jo, eta zanpatzen ikusi eta muztioa dastatzeko aukera izango da Konstituzio plazan bertan. Horrekin sagardogintzak atzean duen lan eta kultura guztia jendeari erakutsi nahi dio sagardogileen elkarteak eta kontsumitzaileei nahiz etxeko txikienei muztioa dastatzera eman.
Sagardogintza erakusketaz gain, zenbait postu berezi ere izango dira aurten Sagardo Egunean, sagardo postuekin batean. Fruitel Elkarteak sagar erakusketa eta dastatze postua jarriko du, Josu Osa sagarrondoen txertaketa erakusketak egiten ariko da, Albaola faktoriak sagardoak itsasoan izan duen garrantzia azaltzeko postua jarriko du, informazio postua ere izango da eta noski tikek salmentarako eta bakailao tortilla, txorixo egosi eta gazta pintxoetarako postuak ere izango dira.
Momenturik onenean
Donostiako Sagardo Egunean Elhuyar Fundazioa omenduko du aurten Sagardogileen Elkarteak, 'Sagardoa Bidegile' dokumentala egin izanagatik eta dokumentala egiteko martxan jarritako elkarlanagatik. 'Sagardoa Bidegile' 2015eko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen, eta geroztik Euskal Herriko hainbat herritan eskaini dute eta baita Argentinan eta Polonian ere.
Donostiako Sagardo Egunaren bereizgarrietako bat da, Gipuzkoako sagardotegi gehienetako sagardoa izaten dela aukeran eta sagardogileak berak direla etxeko sagardorik hoberenak zerbitzatzera inguratzen direnak. Antolatzaileek ohar baten bidez adierazi dutenez, «horrek aukera emango dio sagardozaleari nahi dituen sagardoak dastatzeaz gain, sagardogileekin hitz egin eta iritziak trukatzeko. Sagardoa kupelean egiten da, eta botilan borobildu. Produktua momenturik hoberenean dastatzeko aukera izango da irailaren lehen larunbatean. Izan ere, sagardoa urte osoan zehar edateko da egokia, sagardotegietan kupeletik txotxean, nahiz botilatik urte osoan eta nonahi. 2015ko uztako sagardoak izango dira Donostiako festa handian: kalitate handiko sagardoak».
%100 bertakoa eta nahastua
Bi sagardo mota dastatu ahal izango dira igandean. Batetik, bertako eta kanpoko sagarra nahastuta egindakoak. Iazko uzta oparoa izaki, sagardotegi askok bertako sagar hutsez egin zuen sagardo guztia, baina kanpotik ekarri behar izan zen parte bat ere, batipat Frantzia eta Galiziatik.
Bestetik, %100 bertako sagar hutsez egindakoak, Eusko Label zigilua daramatenak. 2015a uzta ona izan zen bai kopuruz eta bai kalitatez eta sagardo asko egin ahal izan zen bertako sagar hutsez. Eusko Label zigilua daramaten sagardoak kalitatea eta bertako sagarra bermatzen dute.
Iraileko dastatzeak sagardoa promozionatzeaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izan nahi du: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Mezu hori zabaldu nahi du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, nahiz bertako kontsumitzaileei nahiz kanpotik etortzen diren ehundaka bisitariei, Donostiako Sagardo Eguna guztiok plaza berean elkartzeko gune ezin hobea izaten baita. Bestalde, sagardoaren lagungarri izango dira bakailao tortila, txorixo eta gazta pintxoak aurten ere.