Sagardoaren lurraldea

Sagardotegien xarma

Descripción

Asko dira sagardotegiak jatetxeetatik ezberdintzen dituzten ezaugarriak.Hori bai,sagardotegi bakoitzak bere berezitasunak ditu.Eta badira batzuk oso bereziak Gipuzkoan.

gipuzkoa cultura tonel patrimonio sidra sidrería

Ficha

  • Autor: Idoia Etxeberria
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2009-03-15
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-009351

Texto completo

Zer da sagardotegia? «Jatetxe batek eta sagardotegi batek ez dute zer ikusirik. Ez dira ezta konparatzekoak ere», dio Arantxa Eguzkizak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko buruak. Nahiz eta bietan jaten eman, makina bat direla aldeak. Hasteko, sagardotegien betebehar inportanteena sagardoa egitea da. «Ez etxerako bakarrik; kalerako, saltzeko». Sagardotegira doana sagardoa dastatzera doa, beraz. Kupelik gabeko sagardotegirik ez dago. Txotxetik edaten da. «Sarrera ordaindu, eta nahi adina edan dezakezu eskaintzen zaizun kupetetik». Eta jan-edana elkarrekin doazenez, jatekoa ere izaten da: «Txotx garaian bakarrik ematen dugu jaten, eta, gainera, jana murriztua dago sagardotegiko menura: tortilla, bakailaoa edozein modutara, txuleta, gazta, menbrilloa eta intxaurrak». Eserita edo zutik, hori norberak ikusi behar duela dio Eguzkizak: «Mahaian ez geratzea da kontua, upeletara joatea». Joan-etorri horretan giro berezia sortzen delako. «Jatetxeetan harremana askoz estatikoagoa da: zu zaude zure mahaikoekin eta listo. Sagardotegiak harremana errazten du: beste mahaietakoekin, upelaren aurrean… eta hori da giroa berezia egiten duena». Mahaian bertan ere bai: «Bilatzen da platera partekatzea. Nahi eta nahi ez, plater beretik jateko gehiago gerturatu behar duzu… diferentea da». Zerbitzuak jatetxeetan baino eskasagoak dira, «baina ez du gehiago behar». Gortinek, mantelek, baldosek eta plater asko jartzeak berezko giroa kentzen diote, Eguzkizaren ustez. «Garrantzitsua da nortasunari eustea. Duguna aberatsa da, baliagarria, eta ez naiz lotsatzen». Kalitatea ei da ezinbesteko baldintza: «Kalitatezko produktuak eskaintzea, ahal den ondoen prestatuak». «Sagardotegia beti izan da leku bat mota guztietako jendea elkartu dena: aberatsa, langilea eta nagusia. Hori mantentzea inportantea da. Inoiz ez dira izan luxuzko lekuak». Aitortzen du, hori bai, merke-merkea ere ez dela: «Bakailaoa garai batean pobreen arraina baldin bazen, aspalditik ez da hala, eta txuleta ez da inoiz merkea izan». Garai batean sagardoa doan ematen zuten, probatzeko: «Jendeak etxetik eramaten zuen janaria, eta sagardoa oparitu egiten zitzaion, gero botilan erosten zuelako».
80ko hamarkadatik modan Duela 30 urte askoz sagardotegi gutxiago zegoela azaldu du Eguzkizak. «Gure bailaran, orain zazpi bagaude, sasoi batean bi geunden. 50-60ko hamarkadan behe
raldi handia egon zen». 1980ko hamarkadan, baina, modan jarri ziren. «Perretxikoak bezala atera ziren». Denek ez zituzten, noski, jatorrizkoen ezaugarriak betetzen. Jatetxe askori sagardotegi izena jarri zieten. Duela urte gutxi arte, gizonezkoen mundua zen sagardotegia. 1970eko harmarkadaren amaieran hasi ziren joaten emakumeak. «Lehenengoak etorri zirenean, gure aitak esan zuen: ‘Ez kobratu! Edango dutenagatik!’». Handik gutxira iritzia aldatu zuen. Ohikoa bihurtu zen sagardotegietan emakumeak ikustea. «Aldaketa bat-batekoa izan zen». Sagardotegiak garaian garaiko premietara egokitu dira. Batzuek xumeak izaten jarraitzen dute; antzinako giroa gorde dute. Zenbait baserri historikoak dira. Beste batzuek goitik behera berritu dituzte. Sortuberriak ere badira. Astigarragako Irigoien-Herrero sagardotegian, aspaldikoa eta berria uztartu dituzte: tolare zaharra ikusgai dute, eraikin berrian. Begiristain (Ikaztegieta) sagardotegiko kasua ere bitxia da: duela urte gutxi arte, ukuiluan ematen zuten jaten. Behiak ondoan zituztela afaltzen zuten bisitariek