Museoen Eguna,jardunez betea
Descripción
Maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Eguna da. Gero eta ezagunagoa bihurtzen ari da Euskal Herrian, eta baita nazioartean ere. Egun horretan, mundu osoko museo askok beren ateak zabalduko dituzte eta bisitariei hainbat jarduera eskainiko dizkiete. Hala nola, dohainik gidatutako bisitak, haurrei zein helduei zuzendutako jolasak, eta opariak edo oroigarriak.
acción cultura museo día internacional de los museos
Ficha
- Autor: Naiara Arteaga
- Fuente: Berria
- Fecha: 2008-05-14
- Clasificación: 6.5. Museos
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-009236
Texto completo
Museoak, aldaketa sozialaren eta garapenaren eragileda aurten ICOM Nazioarteko Museoen Kontseiluak museoen egunerako aukeratu duen mezua. Horren bitartez, etika eta heziketa arloan museoek gizartean duten lekuari erreferentzia egiten diote. Izan ere, egun museoak ez dira objektuak gordetzeko leku soilak, gehiago ere badira: erakusketa eta tailerren bitartez, gizartean era aktiboan parte hartzen laguntzen diete erkidego multikulturalei.
Nazioarte mailako jardueratan, aurten Internetak leku berezia izango du: Second Lifeplataforma digitalaren bitartez, mundu osoko hainbat museotan haien artean harremanetan jartzeko aukera eskainiko dute. Proiektu horrek lagunen arteko distantziak murriztuko ditu, Second Lifenparte hartzen dutenek museoek antolatuko dituzten hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango baitute, eta baita horiek hobetzeko proposamenak egitekoa ere.
Museoaren eguna ospatzeko ideia ez da berria. 1977an ICOMek Moskun (Errusia) egindako Asanblada Orokorrean hitzartu zen urtero maiatzaren 18an ospatuko zela museoaren nazioarteko eguna. Gainera, egun horretan era ezberdineko jarduerak antolatuko zituztela adostu zuten. Oro har, adin guztietako lagunei, profesionalei eta erakunde eta gobernuei zuzendutako hainbat jarduera proposatzen dituzte. Besteak beste, museoen eguna sustatzeko kartelak, postalak, pinak eta irudiak egitea eta jendeari ematea, eta museoetan adituekin bisita bereziak edo sarrera dohainik eskaintzea. Era berean, familiei zuzendutako jarduerak egitea proposatzen dute, museoak umeentzat ere interesgarriak izan daitezen. Gobernuen eta beste erakunde publikoen kasuan, ondare kulturalei dagozkien legeak egun horretan edo ingurukoetan onartzea da ICOMekoek egindako beste iradokizunetako bat. Horrez gain, museoaren nazioarteko eguna sustatzen lagunduko duten zenbait jarduera kultural bultzatzeko proposatzen diete. Esate baterako, museoen egunarekin lotuta hainbat jarduera kultural antolatzea, maiatzaren 18an bertan, edo bestela, jarraian dauden egunetan. Alissandra Cummins ICOMeko presidenteak museoaren nazioarteko egunaren beharra azpimarratu du, museoek gizartean egiten duten lana aitortzeko bitarteko bat baita. Bere aburuz, museoek etorkizunera begira mugimendu berritzaile bat eratzea lortuko dute. Alissandra Cumminsek adierazi duenez, iragana orainaldiaren argitan interpretatzeko balioko du, eta etorkizun distiratsuagoa ekarriko du gainera.