Sagardoaren lurraldea

Jakoba Errekondo: «Ingelesak harritu egiten ziren euskal arrantzaleak ez zutelako eskorbutorik; sagardoagatik zen»

Descripción

Hogei urte darama irratian landareei buruzko aholkuak ematen

pescador escorbuto gipuzkoa historia sidra manzano

Ficha

  • Autor: Joxean Agirre
  • Fuente: GAUR8
  • Fecha: 2008
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-009226

Texto completo

Hogei urte pasa darama Euskadi Irratian landareei buruz astero aholkuak ematen, baina are eta
harrigarriagoa da landareei buruz historiaren, antropologiaren edo zernahi ikuspegitik nola hitz egiten duen
ikustea. Aitaren zerrategian hasi zen zuhaitz mota ezberdinak bereizten eta maitatzen, eta, geroztik,
jakituria hori pilatuz joan zaio. Horrenbestez, aspertu gabe egon daiteke edonor Jakoba Errokondori
entzuten. Lorategi botaniko baten itxura duen eta bere irudira eta gogora zaharberritu duen baserrian
hartu gintuen.
Zuk noiz edo noiz esan izan duzu landareek eta zuhaitzek memoria moduko bat dutela.
Pare bat milioi urte daramagu gizaki bezala mundu honetan, baina landareek 250 milioi urte edo gehiago
daramate. Nahi eta nahi ez, irauteko estrategiak garatu dituzte. Egunen batean, abereak mundu honetatik
desagertuko gara, baina landareek hemen jarraituko dute. Landareak dira mundu honetako oinarria, beren
buruak elikatzen ikasi dute. Guk, aldiz, bizitzeko beste norbait hil eta jan behar dugu. Landareek memoria
bat dute eta programatzeko gai dira. Sagarrondoek, adibidez, urte batean sagarra ematen dute eta
hurrengoan ez. Ez dakigu garunik duten edo ez, memoria hori non dagoen, edo sakabanatutako sistema
bat den. Egia da baita gu hori hobetzeko gai garela eta sagarrondoa urtero sagarrak ematen jar dezakegula.
Natura kaos sortzailea da eta landareak ere etengabeko borroka batean ari dira beren artean. Batzuk
bakarrik ateratzen dira garaile.
Zein dira tamainagatik edo adinagatik gehien miresten dituzun zuhaitzak?
Miresteko moduko asko daude. Oraintxe ari gara Zerainen meategietako museoa egiten. Burdinaren
Mendia deitzen diogun mendi handi bat dago, XIX. mendetik utzita egon dena. Hor bat-batean
Gipuzkoako hagin multzo handiena aurkitu dugu. Hagin oso gutxi dago; mila urte bizi den zuhaitza da,
Gipuzkoako sinboloa. Garai batean torneatuak eta tailak egiteko erabiltzen zen, oso egur trinkoa duelako.
Beste adibide bat jartzeko, Andoaingo auzo batean, Sorabillan, Euskal Herriko gurbitz (madroño) basorik
handiena daukagu. Izugarrizko zuhaitzak dira eta badute bitxitasun bat: azaroan-edo ematen duten
frutarekin batean hurrengo urteko lorea ematen dute. Beraz, etengabe ugaltzen ari den landarea da. Bere
bizitza zalantzan dagoela pentsatzen du nonbait eta ahal duen neurrian ugaltzen saiatzen da. Sorabillan
parke berria egiten ari dira eta, joan den igandean, gurbitz bana landatu zuten umeek. Arazoa da etxeko
ataritik aurrera zer daukagun ez dakigula. Astigarraga izena duen herri batean, ez dute astigarra ezagutzen.
Herrian landatu genituen eta, bere garaian, baso bat ere jarri zen herriko lurretan. Herritar bakoitzeko
arbola bat jarri zen. Garai batean musika tresnak egiteko erabiltzen zen astigarra.
Zer dago arbola bat gurtzen duten herrien pentsaeraren atzean?
Herriek arbolari ematen dioten sinbologia izugarria da. Hagin bat bi edo hiru mila urte bizi daiteke. Ehun
belaunaldi igaro daitezke etxe batean atariko hagin bera ikusiz. Horregatik jartzen da arbola hori etxe
atarietan, etxeari mila urteko bizitza eman nahi diozula adierazteko. Nik hortxe daukat bat -leihotik ataria
seinalatu du-. Haginak moztu zirenean arteak eta intxaurrondoak jarri ziren. Intxaurrondoagatik esaten da
etxetik urrun ezin dela bizi. Esaerak dio intxaurrondoak etxeko errietak entzun behar dituela. Naturaren
barruan bizi izan garen herria gara. Haritza da beste kasu bat. Gernikakoa ez da kasualitatea. Haritza izan
da gehien erabili den egurretakoa, bai eraikuntzan bai ontzigintzan. Beraz, normala da haritza gurtzea,
Ekainen zaldiak gurtzea normala zen bezala; izan ere, zaldia zen naturaren adierazpena eta seguru asko
zaldia jan ere egiten zuten. Abereen eta landareen gurtza animismoa da. Orain bost mila urte Neolitoan
nekazari bihurtu ginelarik, lehen abereak zuen indarra landareak hartu zuen. Gaur ez dugu natura gurtzen,
menderatu egiten dugu eta, gure zalantza etikoak argitzeko, jainko bat asmatu dugu.
Harrigarriak dira zuk sagastiei buruz eman izan dituzun datuak. XVI. mendean Gipuzkoako lurren
laurdena sagasti zirela entzuna dizut.
Gaur hegazkin batetik begiratu eta Gipuzkoaren laurdena pinua da, baita Bizkaiko herena ere. Hori
monolaborantza da, astakeria. XVI. mendean sagastiekin berdina gertatzen zen. Euskal Herriko itsas
aldeko paisaia bi elikagaik diseinatu dute: gaztak eta sagardoak. XVI. mendean mila sagardotegi zeuden
Gipuzkoan, sagardoa egitera dedikatzen ziren mila faktoria. Gaur egungo 120 sagardotegiak hutsaren
hurrengoak dira haiekin alderatuta. Igartubeiti baserria, esaterako, dolarea zen lehenik eta gero bihurtu
zen baserri. XVI. mendera arte ez dago baserririk. Jendea bordetan edo harkaitz azpietan bizi zen. Itsas
aldeko Euskal Herria oso leku txarra eta pobrea izan da nekazaritzako. Hegoaldean, berriz, zerealek,
ardoak eta olibondoek markatu izan dute paisaia mendez mende. Itsas aldean, ordea, XVI. mendera arte
hiribildu batzuk baziren, baina beste guztiak bordetan bizi ziren. Eta mende horretan, kolpetik, Gipuzkoak
sekulako aldaketa jasan zuen: garai hartako Manhattan bihurtu zen. Gipuzkoatik ateratzen zen Gaztelako
artilea eta garia. Era berean, Bizkaia ekialdean eta Nafarroa mendebaldean burdin produkzio izugarria
zegoen eta burdin hori guztia Gipuzkoatik bideratzen zen kanpora, Eskoziara edo Holandara. Horrez gain,
Amerika ere deskubritu berria zen eta joan-etorri gehienak lurralde honetatik egiten ziren edo, bestela,
Sevillatik. Hori bai, ontziak betiere hemen egiten ziren. Gipuzkoan bat-batean sekulako dirutza sartu zen.
Milaka lagun ari ziren ontzigintzan lanean. Mendiak sutan zeuden burdinolak elikatzeko ikatza behar
zelako. Gizartea erabat industrializatu zen. Hemen, Aginagan bertan, laurehun arotzeko ontziolak zeuden
garai hartan. Gizarte osoa enplegatu zen ontzioletara egurra ekartzen, iltzeak egiten, ikatza egiten, belak
egiteko erabiltzen zen lihoarekin, sokak egiteko kalamuarekin... Jende horrek edari bat behar zuen. Ardo
gutxi eta txarra zegoen; gainera, urruti zegoen. XVI. mendearen bigarren erdian mila dolare eraiki zituzten
Gipuzkoan. Espainiak inperioa galdu eta gizarte hori desegin zenean, dolareak inguratuz baserriak
eraikitzen hasi ziren.
Aipatu ohi denez, garai horretan ura edateko beldurrez ibiltzen ziren.
Ura txarra zen garai horretan, arriskutsua. Orain ura kloratuta edaten dugu, ez dakit hori ere ona den,
baina ordukoak gaitzak ekartzen zituen. Oraindik ere badira baserritan ura sekula edaten ez dutenak.
Mundu guztiak edaten zuen sagardoa. Sagardoa edari bizia da, mineralak eta bitaminak ditu eta alkoholak
bizirik iraunarazten du. Garai horretan Ternuara bakailaotara edo bale bila zihoazen arrantzaleek sagardoa
eramaten zuten. Eguneko bina litro eramaten zituen bakoitzak garaiko kontratuaren arabera. Egindako
kalkuluen arabera, Bilbo eta Baiona artean hiru milioi litro sagardo behar ziren arrantzaleentzako bakarrik.
Izugarria da. Garaiko ingelesak harritu egiten ziren euskaldunek eskorbutorik ez zutelako harrapatzen;
sagardoak C bitamina duelako saihesten zuten gaitza.
Pinuak ordezkatu zituen ondoren sagastiak. Nondik etorri zen gaur ezagutzen dugun «Pinus Radiata»?
Guk badugu bertako pinua, pinu gorria deitzen dioguna. «Insignis» edo «radiata» pinuaren denbora
bikoitza behar du egurra emateko. «Pinus radiata» Kaliforniatik etorri zen. Bizkaitar batek ekarri zuen eta
sorlekuan gaur 8.000 hektarea badira ere, Euskal Herrian 150.000 hektarea ditugu, ipar hemisferioan
dagoen multzo handiena. Txilen, Australian eta Zeelanda Berrian badira multzo handiagoak. Sekuoiak eta
moregak (zeta egiteko) ekarri ziren, baina ez zuten arrakastarik izan; aldiz, pagoak eta pinu mota honek
bai. Pagoak 5.000 urte daramatza hemen. Gaztaina erromatarrek ekarri zuten. Haritza, hurritza, urkia,
lizarra edo haltza betikoak dira, aspaldiko polen azterketetan ere agertzen dira.
«Insignis»a gerra ondoko autarkiari esker zabaldu zen irudipena dugu.
Lehenagokoa da. Dirua ematen zuelako zabaldu zen eta gaur jartzen ez bada, ematen ez duelako da.
Kalitateari eta ingurumenari begiratzen ere hasi beharko dugu. Nik pagoa jarri dut baso batean eta zedroa
sartu dut beste batean.
Utz dezagun sagardoa. Eta ardiak, noizkoak dira?
Lehenagokoak dira, baina orain berrehun urte jaio zen egungo erako artzaintza. Espainiaren inperioarekin
batean erori zen Gipuzkoako ekonomia. Artoak salbatu zuen egoera mende erdi geroago, artoa garia baino
hiru aldiz emankorragoa baita. Guk dakigunaren arabera, Iparraldeko fraide batek ekarri zuen. Artoari
esker hasi ziren baserriak eraikitzen. Babarrunak, piperrak... geroago iritsi ziren. Gure menderik
txiroenetakoa XIX. mendea izan zen, gerra bat bukatu eta bestea hasi ibili baitziren. Herri lurrak saldu
ahala jauntxoek erosi zituzten eta orduan hasi ziren artzainak mendira joaten. Industriak ekarri zuen
ondoren beste aldaketa handi bat, sagastiek eta arto sailek utzitako lekuak pinuak hartu baitzituen.
Pinuren aroa bukatzen ari da; horrenbestez, biharko nolako paisaia nahi dugun aztertzen hasi beharko
genuke.