Txuleta, Alorreneako sagardoaren lagunik onena
Descripción
Alorrenea sagardotegi gaztea da. 2001. urtean ireki zituen ateak, Astigarragak Martutenerekin muga egiten duen tokitik gertu. Atzetik lan eskerga izan zen,ordea. Baserria erosi, birmoldatu eta dena prestatu sagardoa egiten hasi eta jatetxea martxan jartzeko. Ordura arte, Garbiñe Etxezarreta eta Xabier Mariezkurrena, sagardotegiko arduradunak, ostalaritzan eta sagardogintzan aritu izan ziren lanean, eta esperientzia zabala eskuratua zuten.
ocio sidrería alorrenea gastronomía menu sidra sidrería turismo
Ficha
- Autor: Sagardoaren Lurraldea
- Fuente: Sagardoaren Lurraldea
- Fecha: 2019-08-19
- Clasificación: 2.0. Sidrería
- Tipo documento: Blogs
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-009188
Texto completo
Ostalaritza eta sagardogintza uztartzen ditu Alorreneak. Gainera, urte osoan irekita dagoen sagardotegia da, txotx denboraldiaz harago. Urtarriletik maiatzera ohiko sagardotegiko menua eskaintzen dute, baina beste zenbait plater ere prestatzen dituzte sukaldean, hala nola, bakailaoa saltsan. Bada ezpada ere, aurrez eskatzea komeni da, garaian garaiko eskariaren arabera prestatzen baitituzte platerok. Pintxoak, parrilan egindako arrain eta haragiak eta euskal gastronomia tradizionalean oinarritutako bestelako platerak ere dasta daitezke sagardotegi honetan.
Sagardoa da, nola ez, Alorrenean nagusi. Bertako jantoki erraldoiaren hegal batean egurrezko kupelak daude kokatuta. Zuzenean bertatik edan daiteke txotx eginez, botilaratzen denean Gorenak eta Euskal Sagardoa zigiluen baitan merkaturatuko den sagardoa. 2011. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo Lehiaketako lehenengo saria bereganatu zuen, eta 2016an Kizkia Taldearen txapelketa ere irabazi zuen, besteren artean.
Zer hoberik sagardo bikaina laguntzeko, txuleta eder bat baino? Alorreneari bere sona sagardoarengandik ez ezik bere otorduengatik ere badatorkio, eta plater horien artean txuleta da errege eta etxe honetako berezitasun ezagunena, akaso. Sagardotegira sartu eta jendaurrean dagoen parrilaren parean izan ohi dituzte txuletak, atea igarotzen duen ororen arreta bereganatuz. Horiek dira gero jango dituzuenak, parrilatik pasa ondoren.
Erakusmahaiaren bestaldean Jokin dago,Garbiñe eta Xabier-en semea. Koxkortu zenetik laguntzen du sagardotegiko lanetan, eta bereziki parrilari hartu dio gustua. Aizkora motz bat du eskuan, eta txuletak banan-bana zatitzen ari da. Tenplea hartu ondoren joango dira sutara, aitak erakutsi bezala, eta hortik gaurko jankideen mahaira. Familia lanaren adibide garbia da Alorrenea, eta bakoitzak bere ardura du hemen.
Haragi zintari aizkorakadak ematen ari dela, gogora etorri zaio behinola gertatu zitzaien bitxikeria bat. Wyoming Handia aktorea joan zen behin afaritara bertara, eta pozik ibili zen kupeletik kupelera. Parrilako lanaren inguruan galdetu zuenean, gustora hartu zuen haizkora heldu eta txuletak zatitzen hasteko gonbitea, eta une batez Alorreneako langile bilakatu zen aurkezle ezaguna, algara eta argazki artean.