Astigarragaren ondotik, Hernani
Descripción
Igandean zabalduko dute 'Wazemank' saioko aktoreek Hernaniko txotx garaia
ocio hernani protagonista sidra apertura del txotx wazeman
Ficha
- Autor: Ainara Arratibel
- Fuente: Berria
- Fecha: 2007-01-25
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-009094
Texto completo
Iragan astean aurkeztu zuten Astigarragako sagardogileek aurtengo txotx garaia. Igandean, berriz,
Hernaniko sagardogileek emango diote ongietorria sagardo berriari. Astigarragan Juan Martinez Irujo
pilotariak egin bezala, Wazemank telebista saioko aktoreek dastatuko dute aurtengo garaiko lehen
sagardoa. Umorea, behintzat, ez da faltako.
12 sagardotegik hartuko dute parte aurtengo sagardo garaian. Gehienek egunotan zabaldu dituzte
ateak, eta apirila arte egongo dira irekita. Herrian espero duten jendetzea kontuan hartuta, hainbat
neurri hartu ditu txotx batzordeak. Herrian garbitzaile eta udaltzain gehiago ibiliko dira, eta tabernetan
plastikozko edalontziak banatuko dituzte, esaterako. Sagardoa zentzuz eta ingurukoak errespetatuz
kontsumitzea dira neurri horien helburuak.
Urtero moduan, Gudarien Plazan egingo da hasiera ekitaldia, eguerdiko hamabietan. Bertaratzen
direnek upeletik probatu ahal izango dute sagardoa. Izan ere, sagardo probaketaren betiko zentzuari
eutsi nahi diote. Jatekoa ere ez da faltako, txorizo pintxo mordoa banatuko baitute.
Goiza girotzeko, txaranga ibiliko da kaleetan, eta aizkolariek erakustaldia eskainiko dute. Dena den,
berritasun nagusia udaletxeko teilatutik egingo den kolore ikuskizuna izango da.
Haatik, horiek ez dira txotx garaiaren karietara datozen asteetan Hernanin egingo diren ekitaldi
bakarrak. Otsailaren 24an, adibidez, Sagarlasterra lasterketa korrituko da. Lasterketa hainbat
sagardotegitatik igaroko da, eta Ave Marian amaitu.
Bestalde, Txillida Lekun sagar eta sagardo festa egingo dute, martxoaren 4an. Handik bi asterako
antolatu dute, bestalde, Sagardoaren Kapitulua. Hernaniko Tolarearen Kofradiak ez ezik, beste
herrietako gastronomia kofradiek ere hartzen dute parte bertan.
Txotx garaia bukatzeko, apirilaren 21an, bertsolariek, abesbatzek eta hainbat abeslarik gorazarre
egingo diote sagardoari Sagardoaren Graziya festan. Ekitaldi horretan bertan, kopla zaharrak
abestuko dituzte.