Baserritik plazara, Aramaion txotx
Descripción
Aramaioko hamalau sagardogileren zukuak dastatzeko aukera izango da gaur; sortu berri den sagarzaleen elkarteak ekoizleei baldintza hobeak eskainiko dizkie.
ocio aramaio degustación sagardo egunak sidra sidrero
Ficha
- Autor: ANAKOZ AMENABAR
- Fuente: Berria
- Fecha: 2007-09-23
- Clasificación: 5.2. Días de la sidra
- Tipo documento: Prensa
- Procedencia: Gipuzkoako Foru Aldundia - Iñaki Larrañaga
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P23-57 »
- Código: NA-009093
Texto completo
Sanmigelak gertu dira eta haiekin batera sagarrak biltzeko garaia.
Aramaioko hainbat baserritan hasi dira, dagoeneko, sagar kaxak
betetzen eta lehendabiziko zukuak egiten. Baserri beste sagardo,
guztiek jaitsiko dituzte gaur herrira euren botilarik onenak
herritarrek proba ditzaten.
Aurreko urteetako arrakastaren ondoren, aurten ere, Sagardoaren Eguna antolatu dute aramaioarrek.
Goizetik hasiko dira trikitilariak kalejiran herria girotzen eta 12:00etan emango diote hasiera jaiari.
Bertso elkarteko bertsolarien agurra, sagardantza saioa eta Juanan Aretxaga Aramaioko Sagarzaleen
Elkarteko lehendakariaren agurrarekin ekingo diote txotx egiteari. Bertara gerturatzen direnek herriko
sagardogileek egindako sagardoa, herriko gazteen taloak eta bertako artzainen gazta dastatu ahal
izango dute. Goiz osoan, gainera, Santiñan sagardoari buruzko emanaldia eta azken urteetako
argazkiak izango dituzte ikusgai.
Txirritola euskara elkarteak abian jarrita, bosgarren aldia da Aramaion jaia ospatzen dutela, baina ez
da urterokoa izaten. Izan ere, sagarrak baldintzatuko du sagardoa egiterik dagoen edo ez. Aurten
hamalau etxetako sagardoa baino ez da izango, baina hogeita bi izatera ere heldu dira aurreko
urteetan. Aurtengo uzta nahiko ona dator, baina ez iazkoa bezain ona, baserritarrek diotenez.
Maskaño baserrian esaterako, aurten ez dute sagardorik egingo. Etxe osteko sagarrondoak sagarrez
gainezka daude, baina ez dituzte sagardoa egiteko erabiliko. Normalean bi urtean behin egiten dute,
bertako Jose Migel Maskarianok azaldu moduan, eta aurten zukuari bakarrik helduko diote. Sagardoa
egiten dutenean familia, auzokide eta lagunentzako beste botila ateratzen dituzte bakoitzean, 700
inguru. «Guretzako nahikoa izaten da. Oraindik ere aurreko urtekoak sobera ditugu mordoa». Gazte
eta helduak, baserri inguruko lagun guztiak biltzen dira sagardoa egitera doazenean. Sagarra bildu,
dolarean txikitu, zukua atera eta pare bat astez izaten da ontzen. «Guk hamabost bat egun izaten
dugu ontzen, zukuak egiten duen hotsak berak esaten dizu noiz dagoen», aipatu du Maskarianok.
Ondu ostean botilara eta handik mahaira. Besteen artean, Maskañoko sagardoak ere izango du lekua
gaur plazan.
Aramaioko sagardo produkzio gehiena txikia bada ere, etxerako modukoa, bada kanpoan saltzen
duenik ere. 1.300 bat sagarrondo ditu Jose Luis Madinak Sagastizabal baserrian. 66 sagar mota ditu
landatuta, eta guztiak nahastuta egiten du sagardoa. «Mahaiko sagarretatik %80 inguru saldu egiten
ditugu, eta gainontzekoa sagardorako erabiltzen dugu beste sagarrekin batera», esan du Madinak.
Duela hogeita hiru urte hasi ziren etxean sagardoa egiten eta produkzioa hazten joan da urteekin.
Denbora honetan tresneria aldatu bada ere, oraindik ere hobetu beharra dutela gogoratu du. «Urteekin
hobetuz joan gara, baina oraindik ere aldaketak falta dira. Ea beharrezko diru laguntza jaso eta aurrera
egiterik daukagun», esan du ASE elkarteak paratu behar dituen tresna berrien inguruan. Kantitate
aldetik, bestalde, aurten 12 bat tona sagar bilduko dituzte, iaz baino zortzi gutxiago. «Aurten nahiko
eguraldi txarra izan dugu eta txingorrak ere kalte egin zien udaberrian hainbat motari. Orduko
txingorretik osatu egin dira sagar batzuk, hazteko prozesuan zirelako. Orain egingo balu kazkabarra,
agur sagar guztiei». Zaporearen aldetik, berriz, Aramaioko sagardoak Astigarragakoarekin baino
Asturiasekoarekin antza handiagoa duela dio Madinak, «ez baita hain garratza».
Ekoizle txiki eta handiagoen beharrei aurre egiteko abian jarri zuten joan den ekainean Aramaioko
Sagarzaleen Elkartea. Besteak beste, sagardoa egiteko azpiegitura egokiak, bertako sagar motak
babesteko neurriak eta sobera diren sagarrei bide berriak bilatzea du xede elkarteak.