Sagardoaren lurraldea

Kupeletik museora

Descripción

Astigarragako Sagardoetxea Sagardun partzuergoak kudeatzen du. Duela hiru urte sortu zen partzuergo hori, eta Astigarragako Udalak, bertako zazpi kultur taldek eta hamabi sagardogilek osatzen dute. Sagardoetxea kudeatzeaz gain, sagardoari lotutako beste hainbat ekintza ere antolatzen ditu. Joxe Mari Alberro da Sagarduneko kudeatzaile eta Sagardoetxeko arduraduna.

astigarraga hernani localización cultura museo patrimonio sagardo gunea sidra sagardoetxea manzana

Ficha

  • Fuente: Argia aldizkaria
  • Fecha: 2007-01-21
  • Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: A9
  • »
  • Código: NA-009090

Texto completo

Astigarragako Sagardoetxea Sagardun partzuergoak kudeatzen du. Duela hiru urte sortu zen partzuergo hori, eta Astigarragako Udalak, bertako zazpi kultur taldek eta hamabi sagardogilek osatzen dute. Sagardoetxea kudeatzeaz gain, sagardoari lotutako beste hainbat ekintza ere antolatzen ditu. Joxe Mari Alberro da Sagarduneko kudeatzaile eta Sagardoetxeko arduraduna. Sagardogile honen hitzetan, «txotx boladan produktuaren atzean zer dagoen jendeari erakusteko beharra ikusi genuen. Horretarako balio du Sagardoetxeak: sagardoa nola egiten den ikus daiteke eta sagastia eta dastatze gunea ditugu, besteak beste. Bisitariak modu aktiboan parte hartzen du bisitaldian».

Pasa den irailean ateak ireki zituen gunea hiru zatitan dago banatua: museoa, sagastia eta dastatze lekua. Museoan, panel informatiko, material interaktibo, argazki eta jokoen bidez sagarraren eta sagardoaren mundua nolakoa izan den eta gaur egun nolakoa den erakusten da. Baita horrek guztiak Euskal Herriko kulturan duen garrantzia ere. Sagastia kanpoaldean dago. Sagarraren kulturaren berri ematea da helburua, modu dinamiko eta pedagogikoan. Horregatik, sagarraren bilakaera guztia ikus daiteke hemen, urtaroen araberako erakusketen bidez (txertaketak, sagar bilketa eta abar). Sagarra lantzeko dauden sistema desberdinak ikusteko eta aztertzeko aukera eskaintzen du Sagardoetxeak, baita Euskal Herriko hainbat sagar barietate ezagutzera emateko ere. Azkenik, dastatze gunean sagardoa proba daiteke.

Alberroren esanetan, «oso dinamikoa da Sagardoetxea; bisitariak denboraldiaren arabera gauza bat edo bestea ikus eta ikas dezake. Urte sasoi zehatz batean sagastiak loretan ikusiko ditu, beste garai batean txertaketak egiten arituko dira eta udazken aldera, berriz, kizkiak hartu eta sagarrak bilduko dituzte. Gainera, nahi izanez gero ondoren sagarrak pisoiarekin txikitu ahal izango dituzte».

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti interpretazio zentroa

Igartubeiti XVI. mendeko dolare baserria da, sagardoa egiteko habe handi batean oinarritutako dolarea baitago bertan. 1991n Gipuzkoako Foru Aldundiak baserria erosi zuen, ondare horri eusteko asmoarekin. Hala, 1993 eta 2001 urteen artean zaharberritu egin zuten, XVI. mendeko baserri baten jatorrizko ezaugarri guztiak errespetatuz. Baserri giroan, argiztapenean eta usainetan ahaldegin berezia egin dute. Irudi, soinu eta usainekin, emozioen bidez, bisitaria garai hartara gerturatzea da xedea.

Egun, baserriaren osagarri izango den interpretazio zentro bat abian jartzeko asmoa dago, ondorengo ezaugarriak izango dituena: Igartubeitiren eta euskal baserriaren jatorri eta bilakaera lantzea -dolarean arreta berezia jarriz-; Baserri tipologiak lantzea; eta historian zehar baserriko kideek izan duten bizimodua, ohiturak, ekoizpen moduak, gizarte antolakuntza... ezagutzera ematea. Halaber, teknologia berrietan oinarritutako ikus-entzunezko aurkezpen sistema berritzaileak erabiliko dira. Interpretazio zentroa egiteko lanak 2004an abiatu ziren eta 2007an amaitzea espero dute antolatzaileek.

Hernaniko Sagardo Gunea

Hernaniko Udala, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Elkartearekin batera, SagardoGunea izango denaren proiektua lantzen ari da. SagardoGunea Hernaniko Villa Ave Maria etxaldean kokatuko litzateke. Udalak duela bi urte eskuratu zuen Hernaniko erdialdean kokatuta dagoen eta 1920 inguruan sortu zuten eraikin hori, eta orain sagardogintzaren sektoreak bere jardunerako erabili ahal izango du. Eraikin zahar horren ondoan beste berri bat eraikiko da: diseinu moderno eta funtzionala izango du, baina jatorrizko nortasuna galdu gabe (ikus ezkerreko irudia). Egungo garai eta kontsumo joeretara egokitzen asmatu duen sagardogintzaren berri ematea da asmoa. Horretarako, hainbat erakusketa gune izango ditu: dastatze gunea, dokumentazio zentroa, proiekzio edo ekitaldi aretoa, denda eta erakusketa aretoa. Jatetxe bat ere aurreikusita dago eta sagardoaren menuetan espezializatuko litzateke.

Jose Luis Loinaz arkitektoak egin du egitasmoa; bi eraikinen artean, guztira 2.800 metro koadro izango ditu. Rafa Zulaika SagardoGunearen arduradun teknikoaren arabera, «Gipuzkoa osorako zerbitzua emango duen zentroa izango da. Sagardoaren lurraldea izango da bere oinarria eta sagardoaren kultura eta sagardogintza izango ditu ardatz». Zehazki, honako helburuak jarri ditu SagardoGuneak: sagardogintzaren ezagutza, ikerketa eta prestakuntza garatzea; sagardoaren ezaugarriak eta potentzialtasunak erakustea; eta komunitate horren baloreak transmititzea -lan, jai giro eta osasunari lotuak-.

Proiektuaren sustatzaileen ustez, sagardoa eta sagardogintza, sagastia eta sagarra dira lurralde honi paisaian, kulturan eta ekonomian nortasuna ematen diotenak. Datozen belaunaldiei balore horiek helarazi nahi dizkiete.