Sagardoaren lurraldea

En busca de las raices de la kirikoketa en Arizkun

arizkun kirikoketa cultura fiesta de la manzana manzana

Ficha

  • Autor: Jon Altuna
  • Fuente: Txintxarri Aldizkaria
  • Fecha: 2008-10-13
  • Clasificación: 5.3. Fiestas de la manzana
  • Tipo documento: Revistas
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-000908

Texto completo

Sagardogintzari lotutako musika tresna ezagutzeko bisita egin du Ttakunek. Euskararen VII. Maratoian Herriko Sagardotegietara Bira eta kirikoketa emanaldia antolatuko dituzte. Baztanen duela 300 bat urte sagardoa nola egiten zen ikusteko aukera izan zuten. Ttakun Kultur Elkarteko kide batzuk Arizkunen izan dira Nafarroako Baztan bailararen barrenean XVIII. mendeko dolarea eta Kirikoketa zuzen zuzenean ezagutzeko. Ez da oso ezaguna lan jardunari, sagardogintzari, lotutako perkusio musika tresna tradizional hau eta Lasarte-Oriako taldea sustraietara abiatu da hain juxtu, gorde den tokira, Arizkun herrira. Duela mende batzuetako ohiturak berriro bizitzeko aukera izan zuten bisitariek Gamioxarrea etxean. Lasarte-Oriako lau txalapartari, batukada taldeko hiru partaide, perkusio, pandero eta soinujolea, Ttakuneko langilea eta zuzendaritzako ordezkaria, Oñatz taldeko kideak, eta besteak beste lau solaskide, guztira ia 20 laguneko taldea abiatu zen Arizkunera Kirikoketa ezagutzera. Jakina da, euskal kultura ikertu dutenen tesi nagusiek hori diote, aitzina Euskal Herrian, lanetik jolasera eta festara jotzeko ohitura zutela, lanak bukatu eta gero festa egiten zela eta askotan lanean ari zirela ere bai: solasa, jolasa, erritmoak eta musika bazirela. Horren adibideak ugari dira eta bat kirikoketa izan daiteke, lan tresnak musika tresna bihurtzen ziren: sagarrak jotzeko eta txikitzeko erabiltzen zituzten mazak edo pisoiak, eta azpiko ohola edo patsola, jolaserako eta musika egiteko tresna bilakatzen ziren. Lanean ere erritmoak erabiliz lana erosoagoa egingo zitzaien noski. Batzutan, dolarea prestatzeko erabiltzen ziren egurrezko mailuak ere soinua ateratzeko erabiltzen zituzten, musika jotzeko alegia. Aurreko igandean Arizkungo Gamioxarrea bisitan izan zen Mailu Arrutik kontatu digunez, joan etorriaren ideia herriko sagardogintzaren inguruko datu bilketatik sortu zen. Lasarte-Oriako 7. maratoia dela eta, Ttakun-ek herrian sagardogintzak izan zuen pisua gogoratu nahi du eta besteak beste sagardotegietako jira antolatuko du, hau da, sagardoa egiten zen etxeetan zehar ibilaldia. Gaia jorratu dutenekin harremanetan jarri eta jakin dute herrian bazirela 30 bat sagardogile. Horien mapa ere egina da. Garai batean bazkal aurretik pitxarra hartu eta sagardo bila etxe hauetara joateko ohitura bazen herrian. Herriko sagardogileen datuak biltzen ari zirela, Arizkungo Kirikoketaren berri izan eta irteera antolatu dute. Arizkunen, sagardoaren prozesua modu tradizionalean ikusteko aukera izan zuten, sagarrak mazakin txikitu, zapaldu eta muztioa atera arte. Gero hori kupeletan gorde eta irakin egin behar du sagardo bihurtzeko. Dolarea zaharberritzen Arizkungo Jo ala Jo taldea Gamexarreako dolare zaharra berritzen ari da. Hori da behintzat bere asmoa. Momentuz konponketa batzuek egin dituzte euren poltsikotik. XVIII. mendeko dolare zaharra orduan bezala mantentzeko berritzerakoan beti ere ohol zaharrak erabili dituzte. Barroko berantiarra garaikoa dela uste da. Dolare zaharra harrizkoa da, alde bakoitzean harlauza bakarra du, lau guztira. Lasarte-oriarrek bertan antzina sagardoa nola egiten zuten ikusi zuten. Azaroaren 1ean berriro egingo dute sagardoa dolare honetan. Aurreko bi urtetan ere egin dute kirikoketan festa eta sagardoa duela 300 urteko erara. Bisitariek kirikoketa zer den ezagutu zuten ondoren. "Kirikoketa, kirikoketa, kirikoketa, koketa, koketa, sagarra jo dela, sagarra jo dela, sagarra jo dela, jo dela, jo dela..." da erritmo edo abestiarekin esaten zen letra. Kirikoketa hitzak musikaltasuna du, onomatopeia dela esan daiteke. Sagardoa egiten bukatu eta ondorengo festan lanerako tresnak erabiltzen zituzten, erritmo ezberdinak sortzeko. Lanean ere doinuekin jolas egiten zutela uste da, goizetik gauera sagarra zanpatzen erritmo handiaz aritu behar zirenez, ez aspertzeko erremintarekin jolas egiten zutela eta orduan sortutako erritmoak gorde direla uste da. Txalapartaren anaiak dira beraz Arizkungo herrian gorde diren letra eta erritmoak. Arizkungoek erakustaldia egin zioten lasarteoriarrei. Sagardotegi kanpokaldean patsolak lurrean jarri eta jo egiten dute, normalean hiru lagunek, gutxi gorabehera metro terdiko altuera duten mazakin. Beheko partean zabaldu egiten den makila da hau. Apur bat altxatu eta lurrean jarritako patsola joz sortzen zituzten erritmoak. Txalapartari bikainak direla ere erakutsi zuten Arizkungoek. Bazkalosteko saioa Ondoren, Arizkun eta Lasarte- Oriako koadrilak denak elkarrekin bazkaldu zuten herriko ostatuan eta ohikoa denez, kafearen ostean berriro kantuak, trikitiaren doinuak eta txalaparta soinuak nagusitu ziren. Hango eta hemengo txalapartarien saioaz gozatu eta pozik itzuli ziren herritarrak, dolarea ikusi eta kirikoketa ezagutzeko helburua beteta. Bertan izan zirenek adierazi digutenez, egun pasa bikaina izan zen eta Baztan aldeko hizkera entzutearekin soilik gozatu ederra hartu zuten gehienek.